Abian jarri dute ‘ebaluatoia’, bi asteko erronka auzolanean euskarazko txatbot irekia hobetzeko
Latxa euskarazko hizkuntza-eredua, giza hizkuntza ulertzeko eta sortzeko ikasketa automatikoko teknikak erabiltzen dituen adimen artifizialeko eredua, edozein pertsonak erabil dezakeen txatbot bihurtzen ari dira. ‘Ebaluatoia’ erronkarekin bide horren zati bat egin nahi dute auzolanean, eta 20.000 ariketa jasotzera heldu.

«Euskal Herriko Unibertsitateko HiTZ zentroa Latxa euskarazko hizkuntza-eredua txatbot bihurtzeko lanean ari da eta, aldi berean, txatboten kalitatea neurtzeko bide berriak irekitzen», adierazi du UPV/EHUk ohar batean.
ChatGPT eta antzeko eredu itxien pare edo hobeto dabilen euskarazko tresna irekia sortzea da helburua. Kontua da enpresa handiek dirutza inbertituz egiten dutela hori, eta HiTZek auzolanean egin duela lan horren zati bat. Horretarako tresna da ‘ebaluatoia’.
Auzolanean egin nahi duten erronka horretan parte hartzeko, galdera edo eskaera egin behar da ebaluatoria.hitz.eus webgunean, eta erantzun hoberena zein den zehaztu. Gaur zabaldu dute parte hartzeko aukera.
Ekimenaren proiekzioa azaltzeko gogoratu dute «hizkuntza-ereduen garapenak aurrerapauso nabariak» egin dituela azken urteotan.
Beste bide bat: euskara irakastea
«Gaur egun, ChatGPT edo antzeko elkarrizketarako txatbotek erabiltzaileen galderei erantzuteko eta eduki berriak sortzeko gaitasun aurreratuak dituzte. Horiek eraikitzea enpresa handien esku dagoela dirudi, baina UPV/EHUko HiTZ Hizkuntza Teknologiaren Zentroan beste bide bat aukeratu da: existitzen den txatbot ireki on bat aukeratu eta horri euskara irakastea», nabarmendu dute.
«Horregatik abiatzen da ebaluatoia.hitz.eus, ezinbestekoa baita erabiltzaile euskaldunek txatbotak erabili eta hoberena zein den aukeratzen laguntzea. ‘Ebaluatoia’-n, erabiltzaileak eskaera bat egingo du webgunean, eta honek bi txatbot ezberdinen erantzunak emango dizkio bata bestearen ondoan, erabiltzaileak erantzunen artean onena aukeratu dezan», zehaztu dute funtzionamenduari dagokionez.
Gaineratu dutenez, «alborapenak ekiditeko, erabiltzailearen bozka itsua da, hau da, erabiltzaileak ez daki zein bi txatbot ari den epaitzen».
‘Ebaluatoia’-k parte hartze nabarmena izan zuen bere lehen fasean, 250etik gora parte hartzaile izan baitzituen. Emandako datuen arabera, 470 ariketa egin ditu parte hartzaile emankorrenak.
Handik ikasitakoekin bigarren fase hau antolatu dute, «bi astez iraungo duena gaurtik aurrera, eta oraingoan helburua hogei mila ariketa jasotzea da, baietz lortu!», bota dute erronka gisa.
Europa dominazio-proiektu bat da, ez besterik

Euskal Herriko XX. mendeko gatazken hurbilpena arteen bidez hezkuntzan

«Askotan esan izan didate nirekin hizketan aritzean gaitzen erdiak joaten zaizkiela»

Ekinokzioak, eklipseak eta camembert gazta
