GAUR8

1936ko gerrari buruzko informazioa partekatzeko dei egin die Gerediagak abadiñarrei

Martxoa eta apirila bitarte lau hitzordu finkatu ditu Gerediaga Elkarteak Abadiñon 1936ko gerra eta gerra osteko informazioa jasotzeko. Ikerlanaren fase honetan, herritarrak daude deituta ekarpenak egiteko, agiriak, familia bizipenak, argazkiak edota oroitzapenak partekatzeko.

Besteak beste, argazkiak, familia bizipenak edota oroitzapenak bildu nahi ditu Gerediaga Elkarteak. Irudian, Urkiolako trintxerak.
Besteak beste, argazkiak, familia bizipenak edota oroitzapenak bildu nahi ditu Gerediaga Elkarteak. Irudian, Urkiolako trintxerak. (GEREDIAGA ELKARTEA)

Martxoan eta apirilean lau hitzordu zehaztu ditu Gerediaga Elkarteak Abadiñon, 1936ko gerrari buruzko informazioa biltzeko. 89 urte igaro dira, eta logikoa denez lekuko zuen asko desagertu dira, baina deia herritarrei zuzenduta dago, etxean gordetako argazkiak, familia bizipenak, oroitzapenak...  parteka ditzaten, «mota askotako informazioa» izan daitekeelako baliagarria.

Herritarren ekarpena Gerediaga Elkartea Abadiñon Udalaren babesarekin burutzen ari den lanaren atal bat da. Azaldu dutenez, abian dago 1936ko uztailaren 18an altxamendu militarrak eta ondoriozko gerrak Abadiñon sortutako eraginak aztertzeko ikerlana.

«Orain arte, bilketa lana egin da ezagunen lekukotzak jasota eta artxiboetako dokumentuak identifikatuta», zehaztu du Durangaldeko historia eta kultur ondarearen kontserbazioan lan egiten duen Elkarteak. Orain, bilketa lana bukatzeko, herritarrei dei egin zaie «gerrarekin edo gerra ostearekin lotutako informaziorik izan ezkero, beraien ekarpena egin dezaten».

Lau hitzordu finkatu dituzte informazioa jasotzeko. Lehen biak Txanporta kultur etxean izango dira, martxoaren 26an eta 28an. Hurrengo bi saioak Errota kultur etxean izango dira, apirilaren 4an eta 5ean.