50 urte bete ditu gaur Maider Lopez Saenz artista donostiarrak
Maider Lopez Saenz Donostian jaio zen, gaurko egunez, 1975ean. Arte Ederretan lizentziatu, eta pintura lantzen hasi zen, baina lekuak dira orain bere lan-esparru nagusia. Sorterrian zein atzerrian, gaurko Euskal Herriko artistarik ospetsuenetako bat da.

Maider Lopez Saenz Donostiako sortzailearen 50. urtebetetzea da gaur. 1998an Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn, eta jarraian master bat egin zuen Londresen, Artearen eta Diseinuaren Chelsea College unibertsitatean. Pinturan hasi bazen ere, denborarekin tokiak lantzen joan zen gero eta gehiago, eta lekuak dira, gaur egun, bere lan-eremu nagusia.
Lopezek espazio publikoan eta arkitekturan esku hartzen du, eta, maiz, bere lanek ikusleen parte hartzea eskatzen dute. Gauzen eta tokien estatismoarekin haustera, negoziazioaren esparrua irekitzera eta harremantzeko modu berriak bilatzera eramaten ditu.
Sortzeko modua
Sormen-prozesua argazki-makina batekin hasten du: milaka argazki ateratzen ditu, lekuaren ezaugarriak ondo aztertzeko. Gero, argazki horiek guztiak ikusi, eta idatzizko apunteak hartzen ditu; adibidez, «hiru arbola, baina buru bakarra». Ondoren, ideia abstraktu horietako bat garatzen hasten da, irudi baten bidez.
Irudiekin egiten du lan, batez ere testuen bidezko irudiekin. Bere lanari jartzen dion erronka nagusia da tokiz kanpo dagoen ezer ez sortzea; hau da, egiten duen guztiak kokalekuarekiko harmonian egotea.
Euskal Herriko artistarik entzutetsuenetako bat da Lopez egun. Horren erakusgarri, jaso dituen beka eta sari ugariak. Bere obra Euskal Herrian eta nazioatean erakutsi da, hala nola Veneziako Bienalean, Estanbuleko Bienalean eta Sharjah-ko bienaletan. Espazio publikoan egin dituen proiektuen adibideak Ataskoa eta Polder Cup dira.

Zaldien lehen azokaren atarian, amets bat, zergatik ez euskal odolgarbi bat?

Olivenza, tarteka komunikabideetan oihartzuna hartzen duen muga korapilatsu bat

2025eko lehen hiruhilekoko ezinbesteko telesailak

Lurdes Iriondo, izar bat itzalean
