Elkarrizketa
Alberto AIERBE
Zegama-aizkorri mendi maratoiaren antolatzaile taldeko kidea

«Korrikalari eta zaleen artean ‘feeling’ berezi bat sortzen da eta hori nabaritu egiten da»

Bi urteko geldialdi behartuaren ostean, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia maiatzaren 29an itzuliko da, indarberrituta, lehen aldiz egin zenetik 20 urte betetzear direnean.

Alberto Aierbe, Zegamako plazan.
Alberto Aierbe, Zegamako plazan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lainotuta dago zerua Zegamako plazara iritsi garenean, eta Aizkorri ezkutaketan jolasten ari dela ematen du, oraintxe agertu oraintxe desagertu. Bertan bildu gara Alberto Aierberekin, mendiari begia kendu ezinik.

Antolatzaileok nola ari zarete bizitzen probaren itzulera bi urte berezi hauen ostean?

Alde batetik ilusio handiz, eta bestetik pereza apur batekin ere bai, bi urte geldirik egon ondoren martxa hartzea kosta egiten delako. Guretzako gogorra izan da lasterketarik egin ahal ez izatea, herriarentzako aste oso berezia izaten delako. Eta horregatik, orain gogoz eta ilusioz lanean, ea dena ongi ateratzen den.

Zerk ematen du lan gehien azken txanpa honetan?

Orain esku lana izaten da batez ere. Ez da aurreneko edizioa, ezta gutxiagorik ere, baina urtero izaten dira aldaketa batzuk, gauza berriren bat, aurten ere bai. Adibidez, hondakin gutxiago sortzearren ibilbidearen markaketan plastikozko zintarik ez dugu erabiliko, eta, aldiz, urte guztian egoten diren markak indartuko ditugu eta banderatxo batzuk erabiliko ditugu, gero jaso daitezkeenak. Edalontziak ere lehen erabili eta bota egiten ziren bezala, aurten gorde eta berrerabil daitezkeen batzuk erabiliko ditugu. Eta lasterketak oihartzun mediatiko handiagoa hartzen duen heinean exijentziak ere gehitu egiten dira. Lasterketa jarraitzeko zuzeneko irudiak izatea, adibidez. Hau ez da errepidea, mendia da, eta mendian badakigu koberturarekin arazoak egoten direla.

Oso argi izan duzue aurreko bi urteetan ez zenutela lasterketa edozein moduz egin nahi, zalerik gabe edo data aldatuta, adibidez.

Bai, hala da. Lasterketa honek bere nortasuna dauka, bere izaera. Lasterketa honek ikurren bat baldin badauka, hori sortzen den giroa da. Lasterketa ikuslerik gabe egitea? Hori ez da Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia, hori beste gauza bat da. Korrika egin liteke mendian ikuslerik gabe, urte guztiko edozein egunetan, baina lasterketa egunean giro berezi hori edukitzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu.

Aurten ere Salomonen Golden Trail zirkuituan sartuta zaudete; horrek goi mailako parte-hartzea ziurtatzen du.

Jakina denez, guk arazo bat izaten dugu: partaidetza mugatuta daukagu 500 korrikalarira. Horietatik, 225 dortsal zozketara joaten dira, nahiz eta aurten ez den zozketarik egin 2020an egina zegoelako eta hori mantendu dugulako. Beste 125 aurreko urteko denbora onenak lortu dituztenentzat gordetzen dira, izena ematen badute behintzat. Eta gainontzekoak nazioarteko konpromisoentzat izaten dira. Zer gertatzen da, bada, Golden Trail zirkuituan egonda eta lasterketak hartu duen ospearekin izugarrizko eskaera mordoa izaten ditugula. Hor arazo batzuk izaten ditugu, baina lekua mugatua da. Argi daukagu Zegama herri txikia dela eta ezin duela parte-hartze handiagoa hartu. Horrek suposatuko luke azpiegitura eta logistika aldetik lasterketa eramanezina bihurtzea.

Prozesua zein izaten da? Babesleak erabakitzen du nor etorriko den?

Korrikalariek babesleari eskatu egiten diote non korritu nahi duten. Aurten 200 bat lagunek eskatu diote Salomoni Zegaman korrika egin nahi dutela. Noski, hori ezinezkoa da. Erdiarentzat egongo da lekua gutxi gorabehera. Eta aukeraketa hori nola egiten da? Markak halako ranking moduko bat egiten du eta horren arabera erabakitzen du nori eman aukera eta nori ez. Dakizuen bezala, Kilian jada ez da Salomoneko korrikalaria, beste talde bat sortu dute, baina maila horretako korrikalari bati ezin zaio ezetz esan. Guk maila horretako korrikalariak ere onartzen ditugu. Azken batean, lasterketarentzat ona da eta ikuskizunarentzat ere bai.

Aipatu duzu lasterketaren ezaugarri nagusia zaleen berotasuna dela. Baina antolatzaileok korrikalariei ematen diezuen tratua ere nabarmendu izan duzu askotan.

Bai, baina onartu behar dut alde horretatik gero eta desberdintasun gutxiago dagoela beste lasterketa batzuekin alderatuta. Lasterketak oihartzun handia hartu du eta mundu guztiko kazetariak etortzen dira, eta horrek zaildu egiten du harreman hori. Baina egia da Zegamako herritarrak ez direla ibiltzen fanatikoen moduan korrikalarien atzetik, nahiko lasai uzten ditugu, eta horrek aukera ematen die lasterketa ondoren garagardo pare bat lasai hartzeko nahi badute. Herri txiki bateko giro hori asko eskertzen dute. Eta Sancti Spiritu edo Aizkorri jendez beteta dagoenean ere, ez da bakarrik buila eta animoa. Argazkietan fijatzen bazara ikusleen aurpegietan ere nabaritu egiten da nola bizi duten une hori. Korrikalarien eta zaleen artean feeling berezi bat sortzen da eta hori nabaritu egiten da. Oraintxe datorkit argazki bat burura, Florian Reichert alemaniarrarena, zeruan balego bezala besoak jasota. Horrek ematen dizu poza eta lanean jarraitzeko gogoa.

Hogei urte beteko dira aurten lehen ediziotik. Lasterketa nola sortu zen ikusita ez dago batere gaizki.

Udaletxean alkate gazte bat sartu zen, Juan Inazio Galdos. Herri hau badakigu non dagoen, Aizkorri kontran ezkutuan, Zegamako papelera ere aspaldi itxi zen, 1987an, zegoen industria apurra ere desagertu egin zen… Normala den bezala, herriko gazteek joera hartu zuten industria zegoen inguruetara alde egiteko eta herria biztanlez jaisten ari zen. Galdosek bultzada bat eman zion herriari 2000. urte inguru horretan: etxe berriak egin ziren, industrialde bat eraiki zen… Amezti mendi elkartera ere zuzendu zen ea Aralarren egiten zen modura Aizkorriko Lagunen Eguna edo horrelako zerbait antolatu zitekeen. Uztaileko aurreneko igandean adibidez, eta egun hori jarri zen azkenean. Zegamatik irten, Aizkorrira igo, Sancti Spiritun zerbait jan, trago bat egin… herri giroan zerbait antolatu. Eta horretaz ari ginela, nik aipatu nuen entzunda neukala Aneto X-Treme izeneko lasterketa bat egiten zela Benasque aldean. Eta Zegaman, Aizkorri bertan edukita, egin zitekeela antzeko zerbait. Batzuek barre egiten zidaten, baina besteren batek esan zidan ez zela ideia txarra. 2000. urtea izango zen, eta nik hori entzundakoan zer egin nuen, bada, etxera joandakoan mapa atera, 1:25.000, eta ibilbide bat prestatu: kontrol batzuk jarri, jaten eta edaten emateko lekuak… Gogoratzen naiz oraindik gurutze gorri batzuk nola jartzen nituen. Iritsi zen 2001eko Aizkorriko Lagunen Eguna, eta Sancti Spiritun geundela Julian Beloki gerturatu zitzaidan: «Hi Alberto, etor hadi. Hemen bazegok beste gizon bat hik esaten huen berdina esaten duena». Antxon Bandres zen, Euskadiko Mendizale Federazioko presidentea. Gerturatu nintzen eta hantxe ari zen, «hemen maratoi bat egin behar da» esanez. «Bada, nik ibilbidea prestatuta daukat –esan nion–, erakutsiko dizut nahi baduzu herrira jaitsitakoan». Halaxe egin nuen. «Hau egin beharra dago bai ala bai», esan zuen. Eta halaxe hasi ginen lanean.

Aipatu duzun Anetokoaz gain, besteren bat egiten zen ordurako?

Katalunian batzuk egiten ziren, Madrilen MAM edo Maraton Alpino Madrileño zelakoa, Trevelezen ere bai… Beraien artean ligaxka moduko bat ere egiten zuten. Baina guk mendi lasterketa bat zer zen ere ia jakin gabe antolatu genuen aurrenekoa, 2002ko uztailaren lehen igandean, San Fermin eguna tokatu zena, gainera. Aizkorriko Lagunen Egunarekin batera antolatu zen, data hori baliatuz erromeriaren aitzakian mendian ere jende gehiago bilduko zelakoan. Arrakasta dezentea eduki zuen, uste dut 226 korrikalarik hartu zutela parte, gehienak euskaldunak, ingurukoak batez ere. Organizaciones DV-k ere esku bat bota zuen, eta indar pixka bat hartu zuen. Eta 2003an Espainiako Federazioak Espainiako Kopan sartu zuen, lehen aipatutako lasterketa horiekin batera. Orduan estatu mailako korrikalari onenak etortzen hasi ziren, eta tartean Albert Balcells kataluniarra. Korrikalaria zen, baina munduko zirkuituko zuzendaria ere bai. Parte hartu zuen eta engantxatuta geratu zen, ikaragarri gustatu zitzaion. Eta gogoratzen naiz urte horretako udazkenean deitu zigula galdetuz ea nahi genuen Munduko Kopan sartu. Noski, gu harrituta gelditu ginen, baina hark bazekien beste lekuetan zer zegoen, eta 2004an, hirugarren ediziorako, jada Munduko Kopan geunden. Hori bai, eskatzen ziguna zen lasterketa maiatz aldera pasatzea, gureak 1.500 metroko altuera bakarrik zeukanez eta zirkuituko beste proba asko garaiera handiko mendietan egiten zirenez haiek udan egitea ezinbestekoa zelako elurragatik eta abar. Horregatik pasa genuen maiatzera, salbuespen bakarrarekin. 2007an eskatu genuen zirkuituko azken proba izatea, eta irailaren 23an egin zen, oker ez banago. Eta horrela hasi ziren etortzen italiarrak, frantsesak, ingelesak…

Lasterketak Zegama mapan jarri du. Helburua hori bazen, ederki lortu da.

Zalantzarik gabe. Mendiko mundu honetan behintzat oso ezaguna da Zegama. Askori pasatu izan zaigu batera edo bestera joandakoan. Niri, adibidez, iazko abuztuan. Dolomitetara joan emaztearekin eta hotelean datu estatistikoak biltzeko galdetzen zutela ea nongoak ginen: herrialdea, herria... Zegamakoak ginela aipatu eta han denak harrituta. Oihartzuna badauka. Noski, oihartzuna dauka mendiko eta mendi lasterketen mundutxo horretan, hau ez da futbola. Zorionez esan beharko, ze horrela balitz auskalo nor agertuko litzatekeen hemen, enpresa edo babesleren bat akaso herria bereganatu nahian.

Antolaketa lanak boluntarioekin egiten jarraitzen duzue.

Bai, baina ez dakiguna da epe ertain edo luze batera hori posible izango den. Egunean bertan lan bat edo beste egitea errazagoa da, baina hemen bagaude bost edo sei lagun sei hilabete pasatzen ditugunak etengabe honen gainean. Eta adinean ere aurrera goaz, hasi ginenean baino 20 urte gehiago ditugu, horrek ez du barkatzen. Baina herriak eta herritarrek nahi duten bitartean Zegamako maratoia egingo da.

 

KILIAN JORNET HARMAGARREN GARAIPENAREN BILA ETA ZAZPI AFRIKAR SALOMONEN ESKUTIK

Parte-hartzeari dagokionez, aipagarria da Kilian Jornet Zegaman izango dela aurten ere. Kataluniarrak bederatzi aldiz irabazi du proba eta, Alberto Aierbek onartzen duenez, harreman oso berezia du Goierriko herriarekin.

«Kilian 2007an etorri zen lehen aldiz Zegamara, 18 urte zituela. Orduantxe ari zen lasterketa hauetan sartzen. Urte hartan gogoratzen naiz lau lasterketa irabazi zituela orduan Buff Skyrunner World Series izena zeukan munduko zirkuituan, ISFk (International Skyrunning Federation) antolatzen zuena. Urte hartan berak irabazi zuen, hurrengo urtean berriz… gogoratzen naiz urte batean omenalditxo bat ere egin geniola, hartzen ari zen indar mediatikoa ikusita uste genuelako Zegamara etortzeari utziko ziola. Halaxe komentatu nion nik ere. ‘Eskerrik asko, Kilian, eman diguzun guztiagatik’, ‘agian ez dugu gehiago elkar ikusiko’ edo horrelakoren bat bota nion. Gogoratzen naiz nola erantzun zidan: ‘Ez, ez, ni bidali egin beharko nauzue herri honetatik’. Eta onartu behar da orain arte esandakoa betetzen ari dela», gogoratu du Aierbek.

«Eta bere beste esaldi bat ere famatua egin zen. Elkarrizketa denetan galdetzen zioten ea zer zeukan horren berezia Zegama-Aizkorri mendi maratoiak. Beste lasterketa ospetsu askotara ez zen joaten, edo urte batzuetan joatea erabakitzen zuen eta beste batzuetan ez, eta Zegaman urtero azaltzen zen. Bere erantzuna izaten zen: ‘Zegama da Zegama’. Adjetiborik gabe. Mendi lasterketa giro hori… Asko maite du Zegama, zegamar batzuk ere bai, berdin du mendi lasterketez ideiarik ez duen aitona bat bada ere. Bera oso baloratua sentitzen da hemen, eta horrek asko balio du. Eta uste dut hori korrikalari askori gertatu zaiela, behintzat mendia maite dutenei. Izan ere, orain egia da mendi lasterketara atletismotik jende asko etorri dela, eta hori asko nabaritzen da. Nork daukan mendiko sen hori eta nork ez. Eta Kilianen kasuan, ez dago esan beharrik, denok dakigu nola jaio zen mendiko aterpetxe batean eta nola ibiltzen zen bertan. Eta hark bezala beste askok. Hauek korrikalariak baino gehiago mendizaleak dira, nahiz eta korrika oso azkar egin», gaineratu du.

Kenyatik Zegamara

Berrikuntza nagusia, aldiz, Salomonen eskutik parte hartuko duten zazpi korrikalari afrikarrak dira, Ben Kimtai kenyarra buru dutela. Kimtai bigarren izan zen Transgrancanarian eta hirugarren Gorbeia Suzien eta Marato Pirineu probetan, eta dokumental bat ere egin dute hari buruz: “Ben Kimtai. Kenia, a la conquista del Trail”. Octavio Perez entrenatzaileak gidatutako proiektua da eta dioenez, «beti dago bidea irekitzen duen atleta bat, eta kasu honetan Ben Kimtai eta Monica Cheruto dira. Kenyan bizi eta Europako trail zirkuituan lehiatzen diren lehen atletak dira».

Aierberi galdetuta, ibilbidearen zailtasun teknikoak aipatu ditu afrikarrentzat oztopo nagusi moduan. «Ikusi egin beharko da nola moldatzen diren ibilbide tekniko honetan. Bestela badakigu zer maila izaten duten korrika. Mendia aipatzen dugu, baina mendia ez da desnibela bakarrik, igo eta jaistea, baizik eta zer ingurutan zabiltzan. Suitzan egiten den Sierre-Zenal lasterketan, adibidez, bide gehienak metro edo metro eta erdikoak dira, hartxintxardunak, korrikarako oso egokiak, etengabe eman eta eman jardutekoak. Baldintza horietan lehen ere bikain ibilitako afrikarrak badira. Baina horrek ez dauka zerikusirik honekin. Hemen 1.551 metroan dago punturik garaiena, altuera aldetik ez dauka ezer lasterketa honek, baina bide traketsa, kare-haitza, orbela, basabidea, euria eginez gero leku irristakorrak… Teknikoki oso ongi prestatuta egon behar duzu, bestela denbora asko galtzen da. Jende honek arazo gutxien igotzen izaten du, edo ordekan. Baina batez ere jaisten asko sufritzen dute».