Andoni Urbistondo

«NORTE», MENDIZALEEN IPARRORRATZA

Aneto eta Maladeta gailurrak negarrez daude. Baita Llanos del Hospital ostatuko eta Renclusa aterpeko langile eta bisitariak ere. «Norte» zakurra hil da, hara bertaratzen ziren askori ongietorria egiten zien zakur beltza. 21 urterekin hil da, eta haren argazki eta pasarteek oihartzun mediatiko handia sortu dute sare sozialetan.

Goiko argazkian, «Norte». Duela hogei bat urte norbaitek utzi zuen Benasque inguruan eta geroztik han bizi izan da, mendizaleak lagunduz eta babestuz. (PUIG ANDREU)
Goiko argazkian, «Norte». Duela hogei bat urte norbaitek utzi zuen Benasque inguruan eta geroztik han bizi izan da, mendizaleak lagunduz eta babestuz. (PUIG ANDREU)

Huescako Benasque herritik ipar-ekialdera dago Pirinioetako mendi multzo garaiena, eta mendikate osoko tontor garaiena: Aneto mendia (3.404 metro). Mendizale asko bertaratzen da hara, bai udan eta bai neguan, eta jakina, horietako asko euskaldunak. Llanos del Hospital hotelean hasi behar da oinez udazken eta neguan (udan Besurtako zelairaino joateko autobusak daude), Aneto magalean dagoen Renclusa aterpera iristeko (2.140 metro). Llanos eta Renclusa arteko 6-7 kilometroko tarte horretan bizi zen “Norte” zakurra, azken bi hamarkadetan. Bere etxetxoa zeukan Renclusa aterpe ondoan, eta zaindariek elikatu eta zaintzen zuten, baina ez zeukan helbide finkorik. Nahieran ibiltzen zen, aske.

Bi aste atzera jakinarazi zuen heriotzaren berria Twitter sare sozialeko @Benasque kontuak. Dionisio Ciria da jabea, eta urteak daramatza Benasque eta inguruetako argazki eta kontuak partekatzen sarean. “Norte” nola ezagutu zuen azaltzen zuen bere kontakizunean. Elurra egin zuen egun batean Besurta aldera abiatu, eta Llanos del Hospitalen ikusi omen zuen txakurra lehen aldiz. Bere ondoan edo aurretik egin omen zuen bide guztia: «Hankamotz samarra zen, eta elurra lodi zegoen, baina ederki moldatzen zen. Nire ondoan egin zuen txango osoa, babesten edo bidea erakusten ari balitzait bezala». Llanos del Hospitalera bueltatuta galdetu zien Ciriak hango arduradunei zakur hura nondik agertu ote zen han. «Turistaren batek han utzi zuela esan zidaten», dio, eta orduz geroztik han zegoela, «hara eta hona». Hogei urte pasatu dira, eta epe horretan mendiak bezain ezaguna egin da “Norte”.

Hector Puig Renclusa aterpeko zaindariak inork baino hobeto ezagutzen zuen “Norte”: «Zoriontsu bizi izan da, eta zoriontsu hil dela esango nuke. Libre bizi zen, aske, uhalik gabe, eta bere bizitza luzearen jatorria horixe dela esango nuke: inoren edo ezeren morrontzarik gabe bizi zela. Nahi zuena egiten zuen, nahi zuen tokian, eta naturaz inguratua. Oso zakur jatorra zen, eta txoko honetan lanean gabiltzanon familiako beste kide bat».

“Norte”-k Renclusa ondoan zeukan bere txabola. 2.140 metrora dago aterpea, eta neguan hotz handia egiten du paraje haietan. Hozberoak sarri egiten du -15 gradutik behera, eta ipar haizeak gogor jotzen duenean sentsazioa termikoa -25etik behera joaten omen da erraz. «Guk esan gabe bazekien nola babestu, instintu handiko zakurra zen. Negua eta elurra maite zituen, eta bere argazki ezagunenak bisuts gogorra zegoenekoak dira: ilaje guztia elurrez estalia, baina beti mendizaleak lagundu edo babesteko gertu».

Miguel Angel Garrosa kazetari andoaindarra da. Oso aktiboa da sare sozialetan, mendizale petoa, eta zakurzale amorratua. “Fibi” zakurrarekin egin zituen hamar urte, bi urte atzera hil zen arte, eta orduz geroztik “Mari” izeneko zakurrarekin ibiltzen da hara eta hona. Iazko urrian ikusi zuen “Norte” azkeneko aldiz: «Artzainak zebiltzan Besurta aldean, ardiak markatzen. Han ikusi nuen, nahiko gaixo dagoeneko, hankak mugitu ezinik bezala. Llanos del Hospital eta Renclusako argazkiko ezinbesteko osagaia zen ‘Norte’. Ondoan ‘Coco’ mastin zuria, eta dozena erdi katu izaten zituen lagun. Beti zeuden inguru hartan, baina gerta zitekeen hara bertaratzea eta ‘Norte’ ez ikustea».

Zergatia, honatx: «Jendetasun handiko zakurra zen. Bailaran gora eta behera ibiltzen zen jendearekin, baina mendian gora ere bai. Ohitu egin zen jendearekin, mendizaleekin bizitzen». Zakurra elurretan zein ondo moldatzen zen harritu zuen gehien Garrosa: «Ez dakit zenbat aldiz igoko zen Aneto gailurrera, baina oso trebea zen elurretan». “Norte” definitzeko hitz pare bat eskatu, eta honakoak bota ditu andoaindarrak: «Hara joan garen askok zaindu dugu ‘Norte’, baina berak ere hara joan garen asko zaindu gaitu».

Askotan igo zen Anetoraino

Normalean Llanos del Hospital eta Renclusa artean egoten zen “Norte”, baina Aneto mendira ere sarri igotzen omen zen zakurra. Dionisio Ciriari zenbaki bat botatzeko eskatu, eta «70-80 aldiz igual bai», bota du. «Argazki asko ditut, eta beti jendeari laguntzen agertzen da ‘Norte’, batez ere elurra zegoenean». Xehetasun hori baieztatu du Puig aterpeko zaindariak: «Elurrik gabe ez zen sobera ausartzen, zorua harritsua eta arriskutsua delako. Mahoma pasabide ezaguna ezin zuen pasatu, baina Anetoko ipar isuritik igotzen zen gailurreraino elurra zegoenean (Estasen korridorean barrena). Oso iaioa zen elurretan».

Joseba Elustondo elgoibartarra ere hamaika aldiz izan da Aneto eta Maladeta aldean. Ondo gogoratzen du “Norte”, beti han zegoelako: «Renclusan ez bazen, Llanosen topatzen zenuen. Zakur txiki samarra zen, hanka motzekoa, beltz-beltza. Berezia, oso lagunkoia». Puig zaindariak esandakoaren harira, Elustondok gogoan du mendizale talderen baten erreskateren batean lagundu ote zuen “Norte”-k: «Aterpean esaten zuten, behe lainoa sartzen zenean edo norbaitek orientazio arazoak zituenean, ‘Norte’-k ataka zail horretatik libratzen lagundu izan diela hainbati. Zakur noblea zen, eta nire ustez, mendizale handi askok merezi duten errespetuaren parekoa merezi du ‘Norte’-k ere».

Zakurrak mendizaleak babesteko, zaintzeko zuen joera artzain zakurrengandik edan zuela uste du Puig zaindariak: «Zakur ona zen, artzain zakurrek babeserako duten sen hori ikasi zuena, artzain zakurra izan gabe. Ez zuen inoiz arazorik izan beste zakurrekin. Zakur arrak ikusten bazituen, bere txokora joaten zen, eta emea bazen, kuxkuxean ibiltzen zen. Behiekin ibiltzen zen urdurien, haiek jendearengana gehiegi hurbiltzen baziren zaunka hasten zitzaien, ziurrenik berak gizakiak babestu behar zituela pentsatzen zuelako».

Sare sozialetan hainbat testigantza argitaratu dira, “Norte” ezagutu zuten mendizaleen ahotik. Zenbaitzuk egoera zailetan emandako laguntzaz gogoratu dira, bidearen arrastoa galdu, eta bidegurutze batean “Norte”-k leku egokitik eraman izan dituela mendizaleak, galdu ez zitezen. Puig zaindariak ere zer pentsatua ematen duen xehetasuna eman du: «Ez galdetu zergatik, erantzun zuzena ematea ezinezkoa delako, baina beti taldeko mendizale ahulenari, komeria gehien zituenari laguntzen zion, ez azkarren zihoanari. Talde batean azkena zihoan mendizalearen alboan egiten zuen bidea beti, eta horrek asko esan nahi du ‘Norte’ zakurraren alde. Babesa eman nahi zuelako jokatzen zuen horrela, agian».

21 urte, bizitza luzea oso

Zakurrek 10-13 urte arteko bizitza dute, normalean, baina “Norte”-k 21 egin ditu Aneto eta Maladeta magalean. Ez da ziurra, baina Puig zaindariak zakurra Chia herrian jaiotakoa dela dio, Benasquetik 20 bat kilometrora dagoen herrian: «Urtebete inguru zuela etorri zen, eta orduz geroztik hemen egon da gurekin». Puigek berak 23 urteko bizitza izan zuen beste zakurren baten istorioa entzuna du: «Konbentzituta nago izan duen bizitza onaren ondorio zuzen dela: aske, nahieran, atea ireki eta nahi zuena egiteko libre zen. Ez zitzaion janaririk falta, eta mendizaleen ferekak eta laztanak ere nahi beste jasotzen zituen».

Puigek dioenez, Renclusa aldean inoiz ez du lanik eman: «Albaitaria ez zaio bisitan etorri inoiz, azken urtean bere osasuna txartu zen arte, eta dakigunik, inoiz ez du arazorik eduki pertsonekin». “Norte”-ren osasuna iaz hasi zen okertzen. Mutu eta itsu geratu zen, ictus baten ondorioz, eta hankak mugitzeko zailtasunak izaten hasi zen. «Sufritzen ari zela sumatu genuen, eta albaitariari deitu behar izan genion. Entzun nahi ez genuena esan zigun: Onena injekzio batzuk eman eta sufrimendu hori kentzea zela». Halaxe joan zen “Norte”, Maladetako aingeru guardakoa.

“Norte”-k familia izan zuen, zakur beltz sorta aberatsa, baina kume haiek desagertu egin dira Renclusa aldetik. Norbaitek eraman zituen. Aneto eta Maladeta mendiak, eta hara joaten ziren mendizaleak bere zaindaria gabe geratu dira. Hurbilduko al da, txoko hartara, beste zakurren bat? Erraza ez, baina horrek are gehiago handituko du “Norte”-ren mitoa. “Norte”, iparra, mendizaleen iparrorratza zelako.