Ez baikorrak, ez ezkorrak, erabakitzaileak
Grace Blakeleyren "A World to Win" podcast-a entzuten, Natasha Josette eta Olly Armstrong aktibista komunitarioei egindako elkarrizketa deigarri egin zitzaidan. Blakeleyk hamar minutu lehenago elkarrizketan egindako galdera bat berreskuratzera zihoala esan zion Armstrongek, naturaltasun osoz. Une politikoa eta egiten den lana ebaluatzerakoan baikorrak edo ezkorrak ote ziren galdetu zien. Batez ere, erabakitzaileak izaten saiatu behar dela defendatu zuen militanteak. Gustatu zitzaizkidan, bai erantzuna eta bai gogoeta berrartzeko modua.
Klima justiziaren aldeko aktibista hauek aurreko hauteskunde orokorrak galdu zituztenean hasi ziren antolatzen. Jeremy Corbynen porrotak kezka handia sortu zuen mugimenduaren oinarrian. Kolpeari buelta eman ziotenean, beren komunitateek behar dituzten aldaketak lortzeko lanak eta aliantzak eratzen hasi ziren. Elkarrizketan paternalismoan erortzeko arriskua azaltzen dute, gure ideiak jendearen benetako lehentasunen gainetik ezartzeko arriskua, hain zuzen ere. Ondorioz, komunitate horiek ezarritako lehentasunetan oinarrituta gauza errealak egitea da garrantzitsuena.
Elkarrizketak duela urte batzuk gerente batek kontatu zigun enpresa munduko istorio bat ekarri zidan gogora. Kudeatzaileak ohitura on bat irakatsi zion buruzagi trakets bati buruz hitz egin zigun. Aurkezten zioten proiektu guztietan, delivery-a zein izango zen azaldu behar zuten: ideia hori zertan mamituko zen, nola bihurtuko zen bezeroentzat beharrezkoa zen produktu bat. Hori azaldu ezean, buruzagiak aldez aurretik arbuiatzen zuen ideia, ona izan arren. Bere ustez, ideiak unibertsitatearentzat ziren eta enpresarentzat produktuak zeuden. Eztabaidagarria, zalantzarik gabe.
Edonola ere, politikan ere delivery delako hori garrantzitsua dela uste dut. Gero eta albiste gehiago irakurtzen ditut ingelesez «ground battle» edo «ground game» deitzen diotenari buruz: kaleko aktibismoaren, proselitismoaren, ekintza zuzenaren, zainketen eta elkartasunaren nahasketa bat da bataila hori, nolabait esateko. Entzutea ere garrantzitsua da. Zenbait sistema politikotan «atez ate» deitzen denari lotua dago.
Gaur egun borroka horren zati bat botoa sustatzera bideratzen da, sistema parte-hartzea murrizten saiatzen ari delako. AEBen kasuan, adibidez, «Black Lives Matter» mugimenduak «Black Voters Matter» izeneko beste mugimendu bati bide eman dio, komunitate beltzek boto eskubidea gal ez dezaten eta hauteskundeetan parte har dezaten lan egiten duena. Adi, hauteskundeei begira, dinamika hori demoskopiaren eta sare sozialen bidez komunikazioa sofistikatzearekin erabat osagarria baita. Segmentatu, erabakiak hartu, ekin, ebaluatu eta berriro hasi. Hein batean, bi dinamikak herren egongo dira bata bestearen eskutik ez badabiltza.
Halere, hauteskundeez haragoko planteamendua dirudi. Militantzia tradizional birpentsatua, eraginkortasunaren arabera ebaluatua, metodoarekin eta datuekin aberastua, pertsonak erdigunean jartzen dituzten proiektuen zerbitzura. Emantzipazioaren norabidean, sistema aldaketa bat bilatzen duten mugimenduen lan militanteaz ari gara, zalantzarik gabe, ideiak pertsonen zerbitzura jartzen dituenaz, eta ez alderantziz. Ideien alde pertsonen aurka egiteko prest dagoen jendearekin gero eta mesfidatiagoa naiz. Izan ere, ideiak pertsonetan testatzea eta pertsonak ideietan testatzea gauza desberdinak dira. Batak ala besteak onura eta kalte desberdinak eragiten dituztelako. Blakeleyk, Josettek eta Armstrongek azaltzen dutenez, pertsonentzat onuragarri izango diren ideiak egia bihurtzean dago gakoa. •