Juantxo EGAÑA

Langile nafarrak, Jose Martinez Berasain karlistaren kamera aurrean

(JOSE MARTINEZ BERASAIN. NAFARROAKO ARTXIBO NAGUSIA.)

Jose Martinez Berasain (1886-1960) Iruñeko argazkilari amateurra izan zen. Bere familiak Nafarroako Artxibo Nagusiari dohaintzan emandako argazkiek Nafarroako landa giroko irudiak, azpiegiturak, santutegiak eta herrietako ikuspegi ezberdinak jasotzen dituzte. Bere funtsean, sanferminetako eta familia giroko irudiek ere garrantzia dute. Guztira, XX. mendearen lehen herenean ateratako 376 argazkik osatzen dute funtsa. Jose Martinez Berasain Banco de Bilbaoko zuzendaria izan zen Iruñean, baita “El Pensamiento Navarro” egunkariko administrazio kontseiluko lehendakaria ere. Emilio Molarekin batera 1936ko uztailean altxamendu faxista prestatu zuen Nafarroako Batzorde Karlistako buruzagietako bat izan zen: milaka euskaldun erbestera, kartzelara eta heriotzara eraman zituen altxamendua. Artikuluak erakusten duen irudia XX. mendearen lehen herenean egina dago eta, ermita baten aurrean, hainbat erreminta dituen langile talde bat ikusten da. Ez dakigu Nafarroako geografiako zein puntutan dagoen egina argazkia.