Dabid Lazkanoiturburu
IKUSMIRA

Emakume-boterea, binomio onartzeina hainbatentzat

Latinoamerikak eta Europar Batasunak Santiagon 2013an egindako gailurrekoa da goiko argazkia. Bertan agertzen diren hiru emakumeak euren herrietako agintari gorenak dira egun (argazkia atera zenean Michelle Bachellet Txileko presidentea oposizioan zen artean). Ideologia ezberdina dute hiru emakumeok, batzuentzat gustukoa, besteentzat gorrotagarria. Dilma Roussef gerrillari ohi brasildarrak ez du zerikusirik Alemaniako Errepublika Demokratiko «sozialistan» jaio eta hazitako Angela Merkel kristau demokratarekin. Baina emakumeek ezin dutela botererik izan uste dutenentzako antzekoak dira. Eta ez dira gutxi –agian ez gara, kazetari (h)ar(ro) ugari ere baitira tartean–. Komunikabideetan, arlo grafikoan batez ere, eskaintzen zaien tratamenduan sumatzen da. Cristina Fernandez Argentinako presidentearena da kasu aipagarrienetarikoa. Tuntun hutsa balitz moduan erretratatzen dute gehienetan. Emakumearen kasuan, kritika politikoa burla estetikoarekin uztartzen da. Matxismoaren beste aurpegi bat.