Laura Mintegi

Gazte parekidezale eta «sexyak»

Gazte gera gazte / ta ez gaude konforme / mundu garbiago bat / bizi nahi genduke, / gezurraren kontra / injustizirik ez, / gazte gera gazte / ez gaude konforme. / Nere abesti hau ez da politika, / justizia nahi det, egiak agertu / gizonak dauzkan eskubide horiek / kunplitu ditezen», abesten zuen Lourdes Iriondok 1968an.

Kanta abesten zuten gazte haien seme-alabak gazteak dira egun, eta kanta bera abestu lezakete koma bat aldatu gabe. Ez daude konforme, justizia nahi dute eta mundu garbiago bat aldarrikatzen dute. Baina gauzak ez dira ordukoak bezalakoak, eta etxetik jaso duten heziketak ez du zer ikusirik beren gurasoek 1968an jaso zutenarekin, ezta hurrik eman ere.

Aste honetan foro batean parte hartzeko aukera bikaina izan dut, dozena pare bat pertsonarekin batera. EHUko irakasle talde batek YouthLab izeneko ikerketa lan bat abiarazi du Portugal, Frantzia eta Eslovakiarekin lankidetzan, eta hausnarketa egiten ari dira gazteen aktibazioaz eta emantzipazioaz. Formula magikorik ez dagoela aldez aurretik jakin arren, hobekuntzak bilatzen dituzte formazio formalean eta ez-formalean, gazteen promozioan, lan merkatuaren moldaketan, jakinda gazteei dagokiela erabakitzea zer nahi duten, eta helduek, gehienez, laguntzaile jokatu beharko luketela.

Eztabaidaren harira egiaztapen bat azaldu da ustekabean: gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionez, ez da aurrera egin gazteen artean. Areago, zenbait arlotan, atzera egin dutela pentsatzeko badaude zantzu nahikoak. Gazteek gogotsu ikusten duten “Mujeres y hombres y viceversa” telesaio espainiarra, esaterako, ezin izango zen emititu orain 20-25 urte, aldarrikapen feminista gorengo puntuan zegoen garaian. Zerbaitetan egin dugu huts. Ez dugu asmatu.

Nire ustez, akatsa izan da berdintasunaren printzipioa irakatsi nahi izan diegula, esan diegula emakumeek eta gizonezkoek eskubide berberak dituztela, eta eremu publikoan parekide agertu behar dutela, baina ez diegu transmititu nolakoak diren emakume eta gizon berrien ereduak, finean aurreko belaunaldikoek ere ez dakigulako. Ez dugu eraiki feminitate berria, gure ardura izan delako emakume buruaskia eta autonomoa aldarrikatzea, gizaki neutroa, eremu publikoan jarduteko homologagarria. Ez dugu asmatu osatzen maskulinitate berria, ardura izan baita gizonezkoari osagai prepotentea eta lehiakorra gabetzea. Eta, jakina, gazteek sedukzioaren jokoaz jakin nahi dutenean, sexuen arteko erakargarritasunaz ereduak bilatzen dituztenean, estereotipo zaharkituenetara jotzen dute, telesaio horrek erakusten dizkien emakume hiperfemeninoak eta mutil hipermuskulatuak nola erlazionatzen diren ikasteko. Gurasook transmititu nahi izan diegun berdintasun aseptikoaz ez dago ligatzerik, ez da batere «sexya».

Kale egin dugu.

Kezkatu egiten nau gazteen etorkizunaz mintzatzean, ia haien lan arazoez eta falta zaien etxebizitzaz bakarrik arduratzen garela. Eskandalagarria iruditzen zaigu ingeniariak edo medikuak zerbitzari lana egiten egotea. Arduratzen gara ikustean familiek eta gizarteak egindako inbertsio ekonomikoa alferrik galtzen ari dela. Baina ez dugu pentsatzen zenbaterainoko frustrazioa sorrarazten dien bokazioa ez asebetetzeak edo bikote harremana egonkortzeko baliabiderik ez izateak.

Gizonen eta emakumeen arteko harreman atsegingarriak izateko erremintarik gabe utzi ditugu (ez bakarrik baliabide ekonomikorik gabe), ez baitiegu erakutsi nolako gizonak eta nolako emakumeak izateko aspirazioa eduki dezaketen: buruaskiak, autonomoak, bata bestearekin errespetutsuak; nork bere izaerari jarraiki, erakargarriak, femeninoak eta maskulinoak, botere-erlaziorik gabekoak eta sexyak.

Ez diegu irakatsi, helduok ere oraindik ez dugulako asmatu nola egiten den. •