Sri Lankak ez du nazioarteko parte hartzerik nahi gerra krimenen ikerketetan
![](/media/asset_publics/resources/000/219/634/article_main_landscape/srilanka2.jpg)
Sri Lankako Gobernuak tamilen aurkako gatazkan gertatutako gerra krimenak ikertuko dituela adierazi du, baina uko egin dio NBE Nazio Batuen Erakundeak eskatu zion nazioarteko ikerketa independentea egiteari.
NBEko Giza Eskubideen Kontseiluko adituek egindako txostenak «gerrako eta gizateriaren aurkako krimenak» gertatu zirela adierazten duten aztarnak daudela aipatzen du, eta «litekeena da horiek gatazkako bi alderdiek egin izana». dio. Desagerpenak, bortxaketak, torturak, haurren errekrutatzea eta zibilen erailketak salatzen ditu, besteak beste.
NBEk gertaera horiek epaitzeko auzitegi berezia osatzera dei egin dio Sri Lankako Gobernuari, bertako eta nazioarteko epaileek, abokatuek, fiskalek eta ikertzaileek osatuta. Epaitegi horrek zehazki zer krimen gertatu ziren argitu eta errudunak bilatu beharko lituzke. Bere ustez, «epaitegi nazional batek ez du inolako aukerarik gatazkak iraun duen hamarkadetan sortu den mesfidantza ezabatzeko».
Gobernuaren esanetan, berriz, nahikoa dira bertako epaitegiak lan hori ondo burutzeko. «Probek agertzen dutena aintzat hartuta erantzukizuna izan duen edonor zigortuko dugu, bere maila edo kargua kontuan hartu gabe», adierazi zuen Mangala Samaraweera Nazioarteko ministroak.
Hala, ministroak zehaztu zuenez, Gobernuak «bere tresna nazionala, fidagarria» erabiliko du NBEk egindako salaketak ikertzeko. «Ez dugu kanpoko erakunderik nahi guk geuk egin behar dugun ikerketan», gaineratu zuen.
Ministroak esandakoaren arabera, Sri Lankako agintariek egindako ikerketa batzorde hori datorren urrian gatazkako alde ezberdinekin elkarrizketatuko da. 18 hilabeteko epea eman zuen prozesua hasteko, hainbat instituzio eraldatu behar direlako «fidagarriak» izan daitezen. Joan den asteartean Ranil Wickremasinghe lehen ministroak «egiaren batzordea» sortuko dela iragarri zuen. Beti ere NBEk eskatutako nazioarteko parte hartzerik gabe. «Ez dago kanpotik ezer hartu beharrik», adierazi zuen. Batzorde horrek bi egitura izango ditu: alde batetik, erlijio guztietako ordezkariek osatutako kontseilu bat eta, bestetik, desagertutakoen berri aurkitzeko idazkaritza, Gurutze Gorriaren laguntzarekin. Halaber, Legebiltzarreko bitartekari batek biktimei zer-nolako kalte-ordaina eman erabakiko du.
Zibilen kontrako plana
Sri Lankako gerran –37 urte iraun zuena– 100.000tik gora hildako izan ziren, eta 2009an bukatu zen, Armadak tamil tigreen gerrillaren iraultza suntsitu zuenean, aldi berean zibilen aurkako sarraski itzelak eginez. Tamilek genozidioa egin izana leporatzen diote Estatuari eta, NBEren hitzetan, desagerpenak –dozenaka mila– «herritar zibilen aurkako eraso luze eta sistematiko baten parte izan ziren».
Garai hartan Sri Lankako Armadaren burua zena, Sarath Fonseka, lasai agertu da salaketa gogorrak izan arren. Bere agindupean zeuden tropek gehiegikeria horiek egin izana ukatu zuen. «Nire kontra edozer gauza baldin badago, galdekatu nazatela. Prest nago ikerketa bati aurre egiteko», esan zuen Fonsekak.
Maithripala Sirisenak, joan den urtarrilean Sri Lankako presidente hautatu zutenak, gizartean «adiskidetzea» bultzatuko duela adierazi du eta krimenak ikertuko dituela agindu du. Aurreko presidente Mainda Rajapaksak, berriz, behin eta berriro baztertu zuen edozein ikerketa egitea. Hain zuzen, bera izan zen 2009an tamil tigreen aurkako azken erasoaldia agindu zuena.
NBEk ondo hartu du Sri Lankaren erantzuna, baina ez dago erabat asebeteta. Ban Ki-moon idazkari nagusiak txalotu egin zuen «gatazkako protagonista guztiekin hitz egiteko eta neurri esanguratsuak hartzeko Gobernuak eta oposizioak erakutsi duten konpromisoa», baina espero du Gobernua esandakoa baino urrunago joango dela eta «behar bezala, ikerketa osoa» egingo duela.
Tamil herriaren erakundeek, ostera, ez dituzte Sri Lankako Gobernuaren hitzak sinesten. Horien ustez, nazioarteko babesik ezean, ez dago ikerketa independentea egiterik.
Errudunak kanporatu
Halaber, NBEk Gobernuari eskatu zion Armadako, segurtasun indarretako eta erankundeetako hainbat kargudun kanporatzeko, «giza eskubideen urraketan nahasita» daudela adierazten duten aztarna argiak baitaude. Testuan, aitzitik, ez du inoren izenik zehazten «giza eskubideei buruzko ikerketa delako, ez penala». Biktimei erreparazioa eskaintzea aholkatzen du, bai eta «funtsezko erreformak egitea segurtasun arloan eta sistema judizialean».
«Borondate politikoa eta ahalegin bateratuak beharko dira segurtasun indarrek eta horien ondoan egon ziren talde paramilitarrek izan zuten inpunitatea bukarazteko», azaldu du agiri horrek.
Ikerketak agertzen duenez, Sri Lankako Armadak Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak (LTTE) erakunde armatuko burukideak exekutatu zituen, horietako batzuk gerraren ondoren harrapatuta edo amore eman ondoren.
Baina tamil gerrillariak ez ziren jazarpen hori jasan zuten bakarrak izan. Segurtasun indarrei zibilak ere legez kanpo erailtzea egozten die. Biktima horien artean tamil etniako politikariak, lankide boluntarioak eta kazetariak daude. Eta erailketak ez ezik, tortura basatiak eta bortxaketak salatzen dituzte NBEko adituek, gatazken ondotik LTTEko kide ohiak eta zibilak atxilotu zituztenean jazoak. «Gatazka armatuan izan zen sexu indarkeriaren erantzule bat ere ez dute zigortu», gaitzesten dute. Izan ere, bortxaketak sistematikoki eta ondo pentsatutako plan bat betez egin zirela dio.
26 urte iraun zuen tamilen aurkako gerra azken fasean bereziki ankerra izan zen. Armada zingalesak LTTEko borrokalariak inguratu zituen 300 kilometro karratuko oihaneko zerrenda batean, uhartearen ipar-mendebaldean. 250.000 pertsona harrapatuta geratu ziren. Gobernuak eskualde batzuk «gatazkatik kanpo» uztea erabaki eta bertan dozenaka mila pertsona pilatu ziren salbu zeudelakoan. Bonbek, baina, gainerakoak bezala harrapatu zituzten azpian. Txostenak ere onartzen du Nazioarteko Zuzenbidea urratu zela bereziki «gobernuko indarrek behin eta berriz bonbardatu zituztelako ospitaleak zein instalazio humanitarioak».
«Lekukoek deskribapen lazgarria egin zuten bonbardaketek eragin zuten sarraskia eta utzi zituen arazo psikologikoak kontatzean. Familia osoak hil ziren», azaldu zuten txostenean. Gerrillari ere hainbat salaketa egin dio NBEk. Txostenak dioenez, LTTEk heldu zein haurrak beraiekin bat egitera eta frontean borrokatzera behartu zituen. Horrez gain, hainbat politikari disidente akabatu izana eta eraso kamikazeak eginez eta minak leherraraziz zibilak hiltzea leporatzen dio. Haur soldadu ugari erabili zituela dio txostenak ere, eta hori gerra krimena dela nabarmentzen du.
Ez dago datu zehatzik azken erasoaldian izan ziren biktimen kopuruaren gainean. 2011n NBEk 40.000 tamil hil zirela adierazi zuen. Azken txosten honetan zenbaki hori motz geratuko delakoan dago eta «baliteke dozenaka mila pertsona izatea bizitza galdutakoak», onartzen du.
Krimen larriegiak dira epaitegi arruntetara eramateko, Nazio Batuen iritziz. Are gehiago Sri Lankako gizartean, oraindik sektore askok instituzioekiko mesfidantza handia baitute. Hala onartu du Zeid Raad al-Hussein Giza Eskubideetarako goi mandatariak. Baina aldi berean, txostena bestelako testuinguru politikoan iritsi dela adierazi du Zeidek eta, bere ustez «hori itxaropenerako motiboa da».
![0208_macao4](/media/asset_publics/resources/001/204/142/article_thumb_horizontal/0208_macao4.jpg)
Macaoko hizkuntzen agonia luzea
![0208_markel2](/media/asset_publics/resources/001/204/149/article_thumb_horizontal/0208_markel2.jpg)
Markel Oiarzabal ‘Zapotxin’, «handitzean pailazo» izan nahi zuen umea
![0208_arritxikerrak1](/media/asset_publics/resources/001/204/306/article_thumb_horizontal/0208_ARRITXIKERRAK1.jpg)
Arrigorriagan, umeen aisialdian euskarari hauspoa eman dion ekimena
![0215_intza1](/media/asset_publics/resources/001/206/264/article_thumb_horizontal/0215_intza1.jpg)