BATZUETAN KORRIKA TXIKIA EZ DA JOLASA, BELDURRA DA
Bi hanken gainean ibiltzen ikasi arte, ahal bezala moldatzen gara; arrastaka, katuka, izkina guztiak eutsiz, balantzaka. Konturatzerako, korrika gabiltza, belaun urratuak eta kopetakoak bilduz. «Eroriz ikasten da ibiltzen», esaten digute aldamenetik gureak baino askoz hanka luzeagoak dituztenek. Laster konturatuko gara, baina, guri ere hankak luzatu zaizkigun arren, gure pausajea ez dela guk nahi bezain patxadatsua. Laster konturatuko gara batzuetan korrika txikian ibiltzen garela, ez garai batean bezala jolasean gabiltzalako, beldurra dugulako baizik. Ez dakigu seguru zeri diogun beldurra, baina batzuetan estutu egiten gara bakarrik eta ilunetan, edota jendetza artean egun argitan. Garai batean izkinei helduta zutitzen ikasi genuen modura ikasi behar izaten dugu gerora pausoa seguru botatzen, norabidea eta erritmoa aukeratzen. Gorriz tindatuta daude dagoeneko pausorik eman ezin duten emakumeen zapatak, baita beren pausajea modu askean aukeratu ezin dutenenak ere.