Mikel Zubimendi
analisia

«Molt Honorable Senyor Mas»

Kataluniako procés delakoaren enegarren une historikoa pasatu da dagoeneko. Baina, oraingoan, kontsulta bai ala ez edota zerrenda bateratua bai ala ez bezalako aurreko beste momentu batzuetan ez bezala, nerbioak dantzan eta labanak oso zorrotz ibili dira. Azkenean, txiriparen txiripaz, baina, akordioa lortu dute.

Beste hauteskunde batzuk egiteko aukera –hainbat kataluniar belaunaldirentzat desilusio apokaliptikoa litzatekeena– etorkizun hurbiletik uxatu dute. Presidente independentista peto-petoa aukeratuta, zoriontasunaren eztanda frenetikoa sentitu da Kataluniako abertzaleen artean, itolarri kolektiboa atzean uzteko aire miragarria. Artur Masek esan bezala, independentisten artean adostasun falta ospatzeko cava hozten jarrita zutenak majo izorratu dira, monumentala izan da haien porrota. Gustua ematen du horrek, poza benetan.

Aitorpen horrekin batera, Junts pel Si eta CUPek izan dituzten negoziaketa horietan sortu zaizkidan hausnarketa batzuk ere laburbiltzera noa. Eta bide batez, egiari egia zor zaiolako eta justiziazkoa iruditzen zaidalako, Artur Masen figura goratu nahi dut.

Hala saldu digute –negoziaketen burtsan oso ohikoa den dibisa erabiliz– eta erosi egiten dut argudioa: Junts pel Si eta CUPen arteko akordioan ez daude garaileak eta garaituak. Biak pozik, zauriak zauri eta antzerkia egin beharra obligazio, hain modakoa egin den beste win-win akordio horietako bat. Landatzeko lurrak sasoia behar duen bezala, akordioak lortzeko ere agian horrela egin behar dira gauzak. Azken unera arte eramanda, pronostiko guztiak kontra jartzeraino. Agian horrela mugitzen dira politikan harriak, ez direla mugitzen, ez direla mugitzen... eta, plasta!, erabaki batek, pertsona baten mugimendu batek egiten du alde guztia, dena mugitzeraino. Agian Katalunian azken ordu horietan gertatua mirari bat izan da. Edo agian ilusionista baten trukua. Hala Copernicoren jira famatua. Ez dakit. Denetarik pixka bat, agian.

Hori bai, nik uste bai Junts pel Si koalizioari eta baita (bereziki) CUPi berari ere eskuetatik joan zaiela negoziaketaren kontua. Tragediari begietara begiratu diote, bertatik bertara ikusi eta sentitu dute. Ohartu dira, horixe baietz, beren jokabide eta ika-mikek sortutako txinpartek pitz zezaketen sute erraldoiaz, eragin zezaketen hondamendiaz. Behin akordioa sinatuta, eta oraindik denbora baterako, tragediaren muturreraino gauzak eramateko garaian zeinek izan duen ardura handiagoa eztabaidatzen badago saltsa, antzerki pixka bat, errelatoaren inguruko bien arteko borrokatxoak segituko du. Normala ere bada. Ez zait bereziki hori inporta.

Inportantea iruditzen zait, ordea, benetan inportantea, Kataluniak nazio gisa politika bizitzeko duen era. Seny delakoaren mitoa mito, Euskal Herrian bandokide garen bezala han ere lubaki alderdikoiak sakon, arrakalarik gabeko atxikimendu itsuak nahikotxo eta azterketa arrazoituen absentzia batzuetan presente, baina, hala ere, beren buruarekin hitz egin eta beren buruarekin eztabaidatzeko gaitasuna. Kultura politikoa egon badago, jende kultua politikan, eta politikaz hitza natural, oso natural, herritarren egunerokoan. Alderdietatik kanpo, kataluniar errepublikaren kausaren aldeko partisanoen lanak arreta piztu dit. Plaza eta negoziaketa politikoen sukaldeetan, su eta ke, alderdiei mahaitik altxatzen ez utziz, konstantzia erakutsiz, aritu dira gizarte erakunde horiek. Milioika on line eta milaka kalean, herritarrekin batera. ANC, AMI udalerri independentisten elkarteak eta gisakoek jokatu duten papera goraipatzekoa da.

Agerikoa izan da ere, niretzat oso argia, Artur Masi antolatu dioten gorroto kanpaina. Bere izena belztea, ohorea zikintzea, politikoki ezgaitzea bilatzen zuten. Burges, ustel, hilotz... deitu diote, bere postua salbatzeko edozer egiteko prest dagoen politikari eskrupulurik gabe gisa karikaturizatu nahi izan dute. Broma gutxi. Baina Artur Masek, ongi eusteaz gain, demostratu egin du, asko demostratu du!

Demostratu du politikariak daudela eta liderrak daudela. Eta berak liderra izateko pasta duela. Liderra izatea –ai ahalmen iheskor hori!– norbere interes pertsonal eta karrera profesionala baino haragoko zerbait da. Misio komun bat erakutsi, singularraren lehen pertsonan jokatu eta jendearekin emozionalki eta intelektualki konektatzea da. Liderra izatea eraldatzea da. Komenientziatik harago egokia dena egitea, esperantza elikatzea eta inspiratzen duen ikuspegia eskaintzea. Eta bere mugimenduarekin, bere keinuarekin, Artur Mas liderra izan dela begi bistakoa da niretzat. Ezeren aurretik eta ororen gainetik Katalunia dagoela erakutsi du. Alde batera eginda, irabazteko galduz, edo nahi bada, bere burua (politikoki) “sakrifikatuz”, Artur Masek erakutsi du kategoriazko gizona dela. Kategoria pertsonala erakutsi du. Abertzale gisa duen integritatea frogatu du, nabarmen. Jakinduria politikoa transmititu du eta eskuzabala izan da. Merezi du aitorpena. Horrek guztiak ohoratu egiten du.