Behi, zaldi eta ardiek mendietako larreak mantentzeko betetzen duten funtzioa
Lanbide gogorra da abeltzainarena. Kostuak handiak dira eta etekinak gero eta txikiagoak. Gutxi batzuk bakarrik daude ofizioarekin jarraitzeko prest eta pixkanaka desagertzen ari da. EHUko ikerlari batzuek, ordea, abeltzaintza desagertuko balitz jasango genituzkeen galerak aztertu dituzte muturreko egoera hori simulatuz.
Euskal paisaiaren koadro bat pintatzeko eskatuko baligute, norbaitek kostalde urdin bat pintatuko luke agian, iluntze laranja bat eta hodei lodi grisak urrunean. Mendi magal bat pintatzea erabakiko du beste norbaitek, zelai bat. Ardiak, zaldiak eta behiak marraztuko ditu. Izan ere, hain ezaguna zaigun azken euskal paisaia tipiko hori edonon aurki dezakegu eta gure kulturaren parte ere badela esan dezakegu. Baina egungo bizimodu eta erritmoak artzaintzaren beherakada ekarri du, eta horrek ondorio desberdinak ekar ditzake. Galera kulturala agerikoena bada ere –nolakoa izango litzateke Euskal Herria mendietan abererik egongo ez balitz?–, galera sozioekonomikoa ere garrantzitsua da, eta, nola ez, baita ekologikoa ere.
Azken puntu horren inguruan gogoeta egiteko, EHUko hainbat ikerlarik ikerketa bat hasi zuten 2005ean. Orain, hamar urteren ostean, emaitzak bildu eta “Applied Soil Ecology” sona handiko nazioarteko aldizkari zientifikoan artikulu bat argitaratu dute honako izenburuarekin: “Atlantikoko mendietako larreetan artzaintza desagertzearen inpaktua landare eta lurzoruko mikrobio komunitateetan”. EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko lantaldea Neiker-Tecnaliako hainbat kiderekin aritu da elkarlanean ikerketaren atal batzuk aztertzeko.
Arantza Aldezabal taldeko kideak kontatu digunez, 2005ean ikerketa martxan jarri zuten artzaintza desagertuko balitz zein modutan eragingo lukeen jakin nahi zutelako. «Zerbait dugun bitartean ez dugu baloratzen baina galtzen dugunean konturatzen gara zer genuen, eta askotan berandu izaten da jada berreskuratzeko», nabarmendu du adituak.
Aldazabalen esanetan, zorionez Euskal Herriko haran atlantikoetan nahiko ongi ari da mantentzen mendietako abeltzaintza. «Oraindik mendira igotzen diren artaldeen esneaz gazta egiten da eta hori salduz badirudi artzainek nahiko ongi mantentzen dutela beraien sistema, ekonomia nahiko sostengarria izatea lortu dute. Baina Araba aldera joaten bagara artaldeak galdu egin dira jada. Eskualdearen arabera, aldakorra da egoera, baina artzaintzaren galera da joera orokorra», azaldu du Aldezabalek.
Hori gertatzearen arrazoi nagusietako bat bada gizartearen aldaketa, gazte gutxi baitaude lanbidearekin jarraitzeko prest. Abeltzainek familian ez badute ofizioarekin jarraitzeko prest dagoen gazterik, baliteke artaldea bertan behera gelditzea. Baina arrazoi ekonomikoak ere badaude: «Europar Batasunetik gero eta diru laguntza gutxiago jasoko dira jarduera honetarako. Neurri handi batean ganadua mantentzen duen abeltzainak aurrera jarraitzea lortzen du subentzioei esker».
Bi norabideko borroka
Muturreko egoera bat irudikatu nahi izan zuten ikerlariek, eta, horretarako, 50 x 50 metroko bi itxitura prestatu zituzten. Bata Oidun, 890 metroko altueran, eta bestea Alotzan, ia 1.300 metrora. 2005etik 2015era bitartean itxitura horietan abererik ez sartzea zen xedea hamar urte horietan lurzorua nola aldatzen zen ikusi ahal izateko. Larratzea normaltasunez gauzatu den gainontzeko guneekin konparatu dute orain.
Lurzoruari dagokionez, honen testura, pH maila, hezetasuna eta tenperatura neurtu dituzte 10 zentimetroko sakontasunean. Mikroorganismoen jarduera eta dibertsitate genetikoan emandako aldaketak ere aztertu dituzte. Ikerlarien hipotesia zen «airean edo landaredian ikus zitezkeen aldaketek eragina izan zezaketela lurzoruko mikroorganismoen garapenean», eta ez zeuden oker.
«Abereak ez dabiltzan zonaldeetan, landarea ez denez bertatik erausten, material hori metatzen doa itxituren barruan. Metaketa horrek geruza potolo bat osatzen du, isolatzaile lana egiten duena. Isolamendu horrek erakartzen du lurzoruko tenperatura nahiko konstante mantentzea eta nahiko independente inguruan dagoen tenperaturarekiko. Aldiz, geruza hori askoz finagoa da abereak dauden lekuetan. Egunean zehar ematen diren tenperatura aldaketak askoz gehiago islatzen dira lurzoruan», azaldu du EHUko adituak.
Gainera, «artzaintza bertan behera uzteak mesede egiten dio Poaceae eta Ziperazea familietako espezieen hazkundeari, hau da, gramineei». Belar mota horiek oso lehiakorrak dira eta hirusta zuria bezalako espezien zabalkundea saihesten dute. Gramineak biomasa kopuru handia sortzen dute eta landare-mantu lodia osatzen dute, tenperatura goxoa eta hezetasuna mantenduz. «Baldintza horietan, mikroorganismoek gehiago arnasten dute, eta horrek esan nahi du aktiboago mantentzen direla. Horrek ekartzen du CO2 emisio gehiago egotea. Larratze guneetan CO2 emisioak txikiagoak dira, nahiz eta biomasa gehiago egon; larratzerik ez den lekuetan, berriz, biomasa txikiagoa da baina mikroorganismoek gehiago arnasten du, azeleratuago biziko balitz bezala».
Mikroorganismo horiek elikagaien zikloan parte hartzen dute, abereek bezala, eta elkarri eragiten diete, nahi gabe bada ere. Abereek belarra jaten dute eta gorotzen bidez itzultzen dituzte elikagaiak lurzorura, deskonposatuak izan daitezen. Mikroorganismoen lana da hori. Modu aproposean aritzen badira, lur horretan hazten den belarra kalitate onekoa da. Beraz, larratzea ematen den guneetan dagoen belarra balio nutritibo handiagokoa da.
Lurraren trinkotzea
Garaiera desberdinetan kokatu zituztenez itxiturak, garaiera bera ere faktore bat den ikusi ahal izan dute. Izan ere, ia 1.3000 metroko altueran dagoen Alotzako itxituran landaredian aldaketak ez dira hain nabarmenak izan, eta, gainera, gramineoen nagusitasuna astiroago burutzen dela ikusi dute.
Belarra aztertzeaz gain, lurzoruaren beraren kalitatea ere kontutan izan dute gainazalaren azpian zer gertatzen den ikusteko. Horretarako lurraren trinkotzea neurtzeko balio duen aparatu bat erabili dute. Zulatzeko makina baten antzekoa da gailua eta bere funtzioa da neurtzea ea sakonera batean jaisteko zenbateko indarra egin behar duen.
Ikerketarako zero eta hamar zentimetro arteko sakonera neurtu dute aparatu horrekin. «Ikusi dugu trinkotzea askoz ere handiagoa dela larratze gunean, itxituretan trinkotze lan hori murriztu egiten dela», nabarmendu digu EHUko ikerlariak nazioarteko aldizkarian argitaratu duten artikuluaren ildo nagusiak laburtuz.
Behin artzaintzaren desagerpenak ekologia eta ingurumen mailan izango lituzkeen ondorioak frogatuta, ikuspegi handiagoa izan nahi izan zuten EHUko landaldeko kideek eta Neiker-Tecnaliarekin harremanetan jarri ziren arlo sozioekonomikoa azter zezaten. «Argi dago egiaztatutako efektuek ondorio globalak dituztela. Kateko prozesu bat da, interakzio konplexuz betetakoa, esnea eta gazta bezalako mendiko elikagai tradizionalen kalitatean eta produkzioan ere ondorioak izan ditzakeena. Horregatik, hain zuzen beharrezkoa da zehaztea zein punturaino eragingo duten artzaintza sistemaren osotasunean», azaldu du Aldazabalek.
Zentzu horretan, baieztatu du «artzaintza bertan behera utzita landare espezie batzuk desagertu» egingo direla. Baina ondorioak askoz larriagoak dira: «Artzaintzaren gainbeherak eta gramineoen nagusitasunak larreen kalitate nutritiboaren jaitsiera dakarte, eta horrek ardi latxen artzaintza baldintzak kaltetuko ditu, artzainen lanera ere ondorio negatiboak ekarriz, baita nekazaritza gune jakinen ekonomiara ere».
Egoera hori saiheste aldera, analisi orokor batean murgildu dira EHUko ikerlariak eta egoera desberdinak irudikatzen ahaleginduko dira, «egoera kudeatzeko erabaki zuzenak hartzen laguntzeko».