«Trending topic»
Twitter eta sare sozialetatik urrun dauden askok eta askok ere entzungo zuten nonbait hau edo hura «trending topic» izan dela. Are, ia egunero entzutera iritsi gara, hasiera batean txioak sailkatzeko sortu zena, pil-pilean dauden gaiak identifikatzeko erabiltzen baita. Eta ez hori bakarrik, identifikazio horri esanahia eman zaio eta «trendig topic» bat lortzea helburu gisa ere planteatzen da. Trending topic-aren oinarrian etiketak daude. Hau da, kontzepturen bat, # bat aurrizki gisa jarrita, idatzi dugun hori sailkatzea ahalbidetuko duena. Horrela, Arnaldo Otegi-ren Kursaaleko azken agerraldiaren gainean idazten zen edozein txio, #OtegiGARA etiketarekin jartzera gonbidatu gintuzten. Hortaz, #OtegiGARA etiketa zuten txio guztiak, bildu daitezke (gaur ere). Eta txiolariek etiketa hori erabiltzeak, zenbait aukera irekitzen ditu: Twitter bertan #OtegiGARA bila daiteke, eta etiketa hori duten txio guztiak irakurri ahal izango ditugu; eta kalkuluak egin daitezke, eta Twitterrek trending topic-en zerrendan sartu zuen.
Esan bezala, hasiera batean, txioak sailkatzeko modu gisa sortu zen. Etiketak, gainera, bateragarriak dira, eta, hortaz, nahi adina etiketa erabil daitezke batera. Horrela, txio berdina #OtegiGARA eta #FreeThemAll etiketekin lotzen badugu, bi sailkapenetan hartuko du parte. Eta etiketa bat edo bestea bilatuta, idatzi dugun hori agertuko zaigu.
Informazio digitalaren potentzialtasuna agerikoa da etiketen gaian. Etiketek informazioa sailkatzen dute. Ondoren, Twitterrek, bere algoritmoarekin, informazioa prozesatu eta analizatzen du (algoritmo hori birritan aldatu du). Baina ez ditu etiketak soilik aztertzen: nondik idatzi dugun, nork jarraitzen gaituen Twitterren, nor jarraitzen dugun guk, etiketak zenbat eguneko bizitza duen eta abar luze bat hartzen ditu kontuan. Eta horren arabera, trending topic bat edo bestea erakutsiko digu. Noski, algoritmo horren benetako funtzionamendua ezin da zehazki jakin. Eta hortaz, ezin da jakin Twitter erabat gardena den trending topic-ak zehazterakoan.
Horretxegatik, hain zuzen, zentsura posibleen gaineko itzala askotan izan du Twitterrek. Wikipedian topatu erreferentzien arabera, 2010ean #Wikileaks hasierako egunetan soilik izan omen zen trending topic. Eta zentsuratu izana leporatu zioten Twitterri. Hor argitu zuen, algoritmoaren baitan gaiak zenbat eguneko bizitza zuen ere, kontutan hartzen zutela trending topic-ak kalkulatzerakoan. Hori jakinda, etiketa ezberdinak erabiltzeko deia ere egin izan da. Horrela, Espainiar Estatuko #15M mugimenduak, adibidez, etiketa ezberdinak proposatzen zituen, trending topic-aren algoritmoaren eskari hori gainditzeko. Hortik sortu ziren #spanishrevolution eta #acampadasol.
Baina Twitter ez da trending topic-ak dituen bakarra. Facebook ere hor dago, nola ez. Eta Facebookek ere erantzun behar izan du, erabiltzaile bakoitzari erakusten dizkion albiste eta trending topic-ak bere filtro interesatutik pasa direla salatu baita maiz. Aste honetan bertan Gizmodo weblogean (www.gizmodo.com) oihartzun handia izan du. Manipulazioaz hitz egin da, zenbait albiste baztertu egin izanagatik. Eta, horren ondotik, AEBetako Senatuak trendig topic-ak kalkulatzeko algoritmoaz galdetuko omen dio, zehazki, Facebooki.
Hedabide guztiek dute lerro editorial markatu bat. Eta Twitter eta Facebook, besteen txutxu-mutxuak jarraitzeko sare sozial baino, hedabide itxura hartzen ari direla diote, informatzeko erabiltzen ditugulako. Baina bestelako hedabideek ez dutena dute: borondatez informazio asko oparitzen dieten erabiltzaileak. Eta informazioa boterea zela entzun genuen aspaldi. •