Eduki suntsigarrien aroa
Maiz entzuten da gaur egungo haur eta gazteek dena orain eta hemen nahi dutela. Dena berehalakoa dela. Dena azkar doala eta dena azkar nahi dutela (helduok ere bai, ez?). Eta teknologien erabilpenak zeresan handia du horretan. Esaterako, Interneten ez da berdin irakurtzen. Jauzika irakurtzen da. Testu luzeak baino, testu labur asko irakurtzen dira. Eta interesa pizten duen hori, sakonagoa den testu hori, batzuetan. Eskuz ere gero eta gutxiago idazten omen dute haur eta gazteek. Eta ikerlariek oso garrantzitsua dela diote. Ez dela aktibitate mekaniko bat. Burmuinaren aktibitatea estimulatu eta prozesu kognitiboak eta neuromuskularrak koordinatzea exijitzen duen aktibitate bat baizik. Eta horregatik diote, irakurtzeko moduak kontzentratzeko dugun gaitasunean ere eragiten duela. Eta memorizazioan. Eta hori gutxi balitz, orain segundo batzuetan soilik bizirik iraungo duten mezu, argazki eta bideoak bidaltzeko aplikazioak ditugu. Eduki suntsigarrien aroan bizi gara. Eduki efimeroen orbitan. Modu horretan, gure “Ni” digitala ez da edukien akumulazioaren gainean eraikitzen, une horretan eta une horretarako partekatu dugun horren gainean baizik. Istant horretako espresio bat da. Eta hori da, hain zuzen, Snapchat aplikazioaren muina: bidaltzen dena, asko jota, hamar segundotan desagertzen dela (hartzaileak nolabait betikotzen ez badu, kaptura bat eginez, edo dena delako metodoa erabiliz). Eta erabileran eta finantzazioan etengabe gora egiten ari den aplikazio bat da.
110 milioi erabiltzaile aktibo ditu egunero, ia erdiak Ameriketako Estatu Batuetan eta heren bat Europan. 110 milioi agian gutxi irudituko zaigu, baina, alderaketa bat egitearren, Whatsapp berak egunero 400 milioi erabiltzaile aktibo ditu, nahiz eta guztira 1.000 milioi erabiltzaile baino gehiago izan. Eta urtean-urtean, Snapchaten erabiltzaile kopurua %50 igotzen omen da. Erabiltzaile gehienak gaztetxoak dira, edukien desagerpena gehien bilatzen dutenak eurak baitira. Inbertsiogile ezberdinak ditu, sekretupean printzipioz, eta 2.600 milioi dolar jaso omen ditu guztira (baina oraindik ez da ekonomikoki bideragarria). Eta egun, bere balio ekonomikoa 20.000 milioi dolar ingurukoa omen da (Facebookek Whatsappengatik 21.800 milioi ordaindu zituen). Hortaz, Snapchat apustu bat da.
Snapchaten hazkundea, gainera, adin guztietara zabaltzen ari da. «The Wall Street Journal»-en arabera, maiatzean AEBetan egindako azterketa bat oinarri hartuta, gaur egun, honela banatzen da Snapchaten erabiltzaileen mapa: %67,5 dira 18 eta 24 urte artekoak; %37,8 dira 25 eta 34 urte artekoak; eta %14 dira 35 urtetik gorakoak. Duela hiru urte, azken bi adin-tarteak %5 eta %2 ziren, hurrenez hurren. Snaptchatek oso positibotzat jo du hazkundea, logikoa denez. Baina oraindik ikuskizun da nola eragingo duen Snapchatek hasieratik izandako erabiltzaile gazteengan. Hauek, “gazteen aplikazioa” dela defendatzen baitute. Baina denborarekin argituko da non dagoen, berez, muina: gazteena soilik zelako duten gustuko edo eduki efimero eta suntsigarrien ezaugarriak erakartzen dituen. Hau da, eztabaida adin-tartearena den eta kontzeptualagoa den. Eta nago, kontzeptualagoa dela, eta gazteak erosoago daudela eduki efimeroen orbitan. Eta Facebooken “denbora-lerroaren” kontzeptua dela auzitan dena: edukien iraunkortasunarena. Facebook erabiltzaileak gero eta pasiboagoak baitira (gero eta argazki eta bideo gutxiago partekatzen dituzte), eta, bien bitartean, gero eta gehiago eta aktiboagoak dira Snapchat eta Periscopen (unean unekoa espresatzearen kontzeptuan indarra jartzen duten tresnak). •