HAUR BAKOITZA MUNDUAN BAKARRA BALITZ BEZALA
Gure ikastolan megafoniak Manolo Urbietaren abestiak oihukatu ditu asteon. Pena eta poza nahasten direnean egiten duten oihu sarkorra izan da. Pena, Manolo joan delako. Poza, konturatu garelako ez dela inoiz joango.
Manolo Urbietaren abesti bat entzun orduko plastilina usaina datorkit gogora, eta Mariaje andereñoaren jertse gorria. Jaioneren gitarra eta irribarrea. Kantatzeko eta dantzatzeko gogoa. Manoloren abesti bat entzuten dudan aldiro zimiko bat sentitzen dut oso barruan, lo zeuden emozioak esnatzeko adinakoa. Eta seguru nago asko garela zimiko horrek harrapatutakoak. Intuizioz jokatu omen zuen, haurrari begietara begiratu eta zer behar zuen asmatzen tematu omen zen. Haur bakoitzari.
Badira hamarkadetan irakasle izan direnak; urtez urte ehunka haur etortzen eta joaten ikusi dituztenak; herri berean belaunaldi bat baino gehiago hartu dituztenak beren ikasgelan; eta, hala ere, goizero-goizero ikasgelako atean haur bakoitzari «egun on» esaten diotenean haurra munduan bakarra balitz bezala sentiarazten dutenak.
Manolok horrelaxe begiratzen zion haur bakoitzari, munduan bakarra balitz bezala.