Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

ZAPIA VERSUS MUNDUKO XAKE TXAPELKETA IRANEN

Otsailean, Teheranen Emakumeen Munduko Xake Txapelketa ospatuko da. Ika-mika jada piztu da. Ameriketako Estatu Batuetako jokalari onenetariko batek, Nazi Paikidze-Barnesek ez duela parte hartuko adierazi du. Arrazoia, ez duela «hiyab» edo zapia jantzi nahi. Sare sozialen bidez, txapelketa «emakumeen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituen herri batean» antolatu izana salatu du. Eta beste leku batean egin dezaten sinadura bilketa hasi du. Ekimena ez dute begi onez ikusi Iranen xakean jokatzen duten emakumeek. «Lehen aldia da Munduko Txapelketa antolatzen dugula eta emakume irandarrentzat aukera garrantzitsua da. Boikot kanpainak ez digu mesederik egiten», esan du 19 urteko Sara Khademalsharieh jokalariak. Zapia derrigorrezkoa bada ere, emakumeek presentzia nabarmena dute Iraneko gizartean eta politikan, eta ikasleen %60 dira. Batzuentzat zapalketa sinboloa dena, besteentzat ohitura kontua da. Betiko eztabaida eta paradoxa. Ainara Lertxundi