«Nekazariek beren lur eta abereekin nahi dutena egitea bilatzen dugu, erabakitzeko eskubidea izatea»
EHNE-Nafarroa sindikatuak presidente berria du: Imanol Ibero Oibarko ardo ekologiko ekoizlea eta nekazaritza eredu jasangarri baten defendatzaile sutsua.
Nafarroako antzinako mugak zaintzen zituen herria da Oibar, Zangozatik gertu. Bertan bizi da Imanol Ibero EHNE-Nafarroa nekazaritza eta abeltzaintza sindikatuko presidente berria. Ardo ekologikoa ekoizten du Mendiko upategian.
28 urte dituzu eta EHNE-Nafarroa sindikatuko presidentea zara. Ardura handia da. Azkenaldian ba al da nekazaritzaz bizitzeko hautua egiten duen gazterik?
EHNE-Nafarroa sindikatuko Exekutibo berriaren batez besteko adina nekazaritza arloan oro har ematen dena baino gazteagoa da. Egia da nekarazi gazteak mugitzen ari garela. Gazteak nekazaritzan sartzen ari gara, baina oso modu mailakatuan, oso modu murritzean. Beharrezkoa izango litzakeena baino askoz gazte gutxiagok egiten dute hautu hori. Nik erabaki hori hartu nuenean ingurukoek jende gaztea behar zela esaten zidaten. Aurreiritzirik gabeko jendea behar zela ere esaten zuten. Argudio horiekin konbentzitu ninduten. Baina sektorearen gaztetzea ez da Exekutiboan ematen den mailan ematen. Sektorea ez da gaztetzen ari, zahartzen baizik.
Hori arazo larria da. Nafarroan ematen da, Euskal Herrian eta beste tokietan bezala. Ez dago erreleborik erretiroa hartzen dutenak ordezkatzeko.
Bai. Hemen, Nafarroan, hori argi eta garbi gertatzen ari da. Nekazaritzaren munduak ez du gazteongan aparteko sugarrik pizten. Nekazaritzari eusteko gogorik ez dago. Niretzat hori izan da pizgarria, gure nekazaritzak zein bide daraman ikustea. Eta gazteok bizimodua ateratzeko zer-nolako aukerak ditugun ikustea: curriculumak botatzea, aldi baterako laneko enpresetara jotzea, hiriko lantegietan aritzea, lan prekarioetan murgiltzea... Gazteok ez dute ikusten inguruan baliabide pilo bat ditugula. Gainera, gure herriak honaino heldu badira baliabide horiekin bizi izan direlako da. Hori berriz baloratu behar dugu. Buruan ideia bat sartuta dugu, nekazariak oso gaizki bizi direla eta oso txiroak izan direla beti. Hori sartu digute buruan. Egia da gogor lan egin dutela, baina iraganeko bizi kalitateak ez dauka zerikusirik egungoarekin.
Beharbada kexa gehiegi izan dira nekazaritzan eta orain zaila da gazteei nekazaritza erakargarri gisa aurkeztea?
Nekazarien partetik baino agian hiritik zabaldu den diskurtsoa izan daiteke. Hirira joan zen nekazari horrek agian erantzukizun bat izango du mezu horretan, baina egun gertatzen ari zaiguna herriez hiritarrek hitz egiten dutela da. Guk ez dugu ahotsik. Dena dago zentralizatuta, ez soilik Madril eta Bruselan, baita eskualdeetan ere. Herrietako ikuspegiak hirietako hitzekin ematen dira. Prozesu horretan gazteok gure inguruarekiko atxikimendua galdu dugu.
Azken finean, herrien iraupen bera ere jokoan da. Nekazaritzarik gabe ezin dira landa eremuak edo herri txikiak ulertu. Bigarren egoitza ugari egon daitezke, baina horrek ez du herri baten bizitza bermatzen.
Noski. Hori izan da EHNEren betiko aldarrikapenetako bat. Herrietan eta lurrean erroturiko nekazaritza behar da herriek bizirik irauteko. Biziraupen hori ezin da beste modu batean ulertu, nahiz eta gaur egun herrian bizitzeko nahiago izan Viscofan enpresan edo paper-fabrikan lan bat izatea. Edo inguruan egin nahi duten potasa meatzean. Nahiz eta proiektuon larritasunaz jabetu, jendeak hori eskatzen du, herriek bizirik irauteko beharrezkoak direla uste dutelako. Baina gure herriek ehunka urte dituzte eta industriok 50 baino ez. Epe motzeko planteamendua da. Hemendik 50 urtera nork esan dezake Viscofanek hor jarraituko duela, nahiz eta egun oso enpresa handia izan? Lurra, baina, beti hor izan den baliabidea da.
Lurrari loturiko balore horiek berreskuratzea gazteak nekazaritzaren mundura erakartzeko eraginkorrak izan daitezke?
Bai, izan beharko lirateke gutxienez. Baina martxan den makinaria guztiarekin oso lan apala egin dezakegu guk, sindikatu apala izanik. Uste dugu hezkuntzan lan egin behar dela, baina ez dakigu zehazki nola. Pedagogia eta atxikimendu hori gazte-gaztetatik lortu behar den zerbait da. Zergatik ezin da Oibarko eskolan herriko ustiategietan lan egiten dutenekin harreman iraunkorrik izan? Zergatik ezin da lan nola egiten duten ikasi? Herriko komunitateak harremanean jartzeko balio dezake, helduak eta haurrak elkartzeko.
Industria eta zerbitzuetako krisi eta prekaritatea ikusita nekazaritzara hurbiltzen diren gazteen kopurua hazi denik sumatu al duzue?
Zerbait sumatzen da, bai. Hiriak eta eredu horrek eskaintzen duenarekin nazkatutako gazte batzuek herrietara begiratu dute, baina, hiritarrak hona ekartzea baino, nire ustez lehen eginkizuna bertan gaudenok bertan gelditzea da. Gainera, ez da erraza beharrezkoak diren pausuak ematea. Lurrik ez baduzu, nola hasi nekazaritzan? Nagusi den eredu industrialak inbertsioa oso handiak eskatzen ditu lanean hasteko. Alde horretatik muga handia da negozio bat hasi nahi duten nekazari horientzako. Laguntzak ere ez dira oso eraginkorrak. Burokrazian aditua bazara zerbait lor dezakezu, baina ez da erraza. Baina, hala ere, zure galderari baietz erantzungo nioke. Orain falta dena gogo hori bideratzea da.
Burokrazia aipatu duzu. Egungo nekazariek begi bat lurrean eta bestea bulegoan duzue. Erdi nekazari erdi abokatu izan behar duzue, paper ugari bete behar dituzue-eta.
Alde batetik, laguntzak eskatzeko goitik eta oso urrutitik datorkigun estruktura burokratikoa dugu. Horrek ezartzen digu nork zer behar duen uzta bakoitzean, horren arabera ematen dira diru laguntzak. Menpekotasuna indartu eta bultzatu egiten da. Bestetik, diru laguntzak albo batera utzita ere, burokrazia gure eguneroko jardunaren parte da jada. Kontrol ugari jasaten ditugu. Egia da guk geuk sortu ditugula kontrol horietako asko. Nire belaunaldiari ez zaio tokatu, baina bai aurrekoari, jatorri izen eta kontseiluak sortzeko garaian. Izugarrizko kontraesanak ditut horren inguruan. Badirudi gure hitzak jada ez duela balio eta polizia burokratiko bat behar dugula ekoizten ari garena ona dela ziurtatzeko. Gure gizartearen iraungitzearen isla da. Berez, norbanakoaren zintzotasunean sinetsi beharko genuke gauzak nola egiten diren azaltzerakoan. Baina egia da gizartean tranpak nagusi direla, eta, hortaz, burokrazia hori guztia behar dugula. Oso tristea da.
Horretan ere ezagutza falta egon daiteke, kontsumitzaileak ez dituelako ekoizleak zuzenean ezagutzen.
Bai, eta bitartekaritza behar da. Bestela nola dakigu zer dagoen ekoizpenaren atzean? Beharrezkoak dira zigiluak eta kontrolak kontsumitzaileak berme bat izan dezan. Baina horrek kezkatu egiten nau, azkenean norbanakoren erantzukizuna ere badelako gauzak ongi egitea. Hala balitz, gizartea bestelakoa litzateke. Alde horretatik egitura horiek ongi erabiltzen saiatzen gara. Guk geuk sortu genituen eta erantzun egin behar diegu, baina ezin daiteke gure lana burokraziaren arabera antolatu.
Burokraziaz eta arauez ari garela, Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratua aipatu behar dugu ezinbestean. Zer suposatu du Euskal Herriko nekazarientzako?
Nekazaritza Politika Bateratua merkatu globalak teorian eskatzen zituen produktuetara orientatu izan da. Azken batean, diru laguntzak produktu horiek indartu edo murriztera zuzendu dira. Gurean izan duen ondorioa argia da: gero eta lur sail handiagoak sortu dira, ekoizpen eredu arrotzak ezarri dira, sostengaezinak diren ekoizpenak bultzatu dira... Eta horrek herrietan nekazari kopurua nabarmen jaistea eragin du. Azken hamar urteotan Nafarroan ia erdira murriztu da jardun nagusi gisa nekazaritzan aritzen direnen kopurua. Nekazaritza bultzatzeko eta indartzeko behar denaren aurkakoa egin da: nekazarien kopurua jaitsi eta herrietako betiko egiturak birrindu. Gero gure lurretan produktu arrotzak sartzeak beste ondorio batzuk izan ditu, adibidez, Nafarroako Ubidea bezalako azpiegiturak egitearena. Nori bururatzen zaio euririk egiten ez duen toki batean artoa edo arroza jartzea? Ureztatu nahi baduzu, izugarrizko ubidea behar duzu ura eramateko. Beste ondorio bat lurra esku gutxi batzuetan pilatu dela da. Ekoizpen handiak, eredu industriala bultzatu dira. Makinarian inbertsioa handiak beharrezko bihurtu dira, eta hazi eta insumoen menpekotasuna ezarri da. Adibidez, Oibarren enpresa batek lur pila hartu ditu errentan. Lur onenak. Kontratuak egin ditu nekazariekin. Diru dezente pagatu du, baina lurraren gainean erabakitzeko ahalmena galdu dute nekazariek. Orain soldatapeko langileak dira. Orain arte nekazariak beti burujabe izan dira, egun gero eta menpekoagoak dira.
Horren aurrean, beste nekazaritza eredu bat (ekologikoa, inguruari lotua) aldarrikatzen duzue irtenbide bakar bezala.
Azkenean hori da nekazaria ahalduntzen duena. Agian ez da soilik ekologikoan aritzea, baina bai ingurunearekin ahalik eta modu jasangarrienean jokatzea. Adibidez, ez dakit nongo meategitik potasa ekarri beharrean simaurra erabiltzeak burujabeago egiten zaitu. Eredu horrek lurraren orekan aberastasun gehiago sortzen du eta landarea aprobetxatzen du. Hemen ere erabakitzeko eskubideaz ari gara. Nekazariek beren lur eta abereekin nahi dutena egin ahal izatea bilatzen dugu. Baina horrek beste hanka bat, kontsumoarena, eta hor ere erantzukizuna behar da; lan polita egiten ari da.
Gobernu aldaketa izan da Nafarroan. EHNEn egondako Ignacio Gilek ardurak ditu egun Nekazaritza Sailean. Nola ikusten dituzue gauzak aurreko gobernuarekin konparatuta?
Harremanetan eta diskurtsoan nahiko ados gaude, egia esan. Adibidez, Isabel Elizalde kontseilariak gure kongresuan parte hartu zuen eta bere diskurtsoa bota zuenean ia guztiz bat gentozen esan zuenarekin. Politikariek ahalmenak izan badituzte, baina jendeak eta kaleak atzetik bultzatzen ez badute zaila da. Nik uste Gobernuan dagoen jendeak zintzotasunez sinisten duela EHNEk proposatzen duen nekazaritza eta abeltzaintza ereduan, baina ez da erreza.
Aurreko ereduak Nafarroako Ubidea bezalako azpiegiturak indartu ditu, eta horrek hipoteka astuna suposatzen du.
Bai, eta Europak markatzen dituen irizpideak ere hor daude. Ez dakit Europa noraino den gai Nafarroak nekazaritzan duen dirua nora bideratu behar duen erabakitzeko. Bruselak inposatzen duen ereduak nora garamatzan argi dago. Ez gara gai gobernatzeko. Nafarroa berezia da.
Zein helburu dituzue EHNE Nafarroan?
Lehena, dagoena defendatzea. Dagoen egoera ez da erraza nekazari eta abeltzainentzat, baina hori defendatzea da lehenengo erronka, eta ez da xamurra. Adibidez, orain Danonek Baztango esne ekoizleei apiriletik aurrera ekoizpena hartzeari utziko diola jakinarazi die. Ahalik eta kopuru handienak eskatzen dizkiete euren zisterna erraldoiekin joateko. Horrek adierazten du eredu industrialak bere horretan jarraitzen duela eta esplotazio txikiek hori sufritzen dutela. Bestetik, Kongresuan ere bota genuen, irabaztera atera nahi dugu, ez soilik defendatzera. Eta erronken artean hezkuntzarena garrantzitsua da, gazteek behar dituzten ezagupen eta beharrak herrietatik herrietara sortzea. Luzera begirako zerbait da, baina herrien biziraupena, gazteen laneratzea eta eredu jasangarriak bultzatutako ditu. Elikadura burujabetzan ere pausuak ematea beti izan da EHNEren erronketako bat. Aurrera goaz, Errigora da adibide argia. Kontsumitzaileen arloan sortzen ari den giroa itxaropentsua da.
Oibarren bizi zara eta ardo ekologikoa ekoizten duzu.
Mendiko upategian egiten dut lan, aitarekin. Biok aritzen gara. Aitak sortu zuen 2000. urtean. Aurretik Iruñean ibili zen lantegietan, baina bere lanaren jabe izan nahi zuen eta nekazaritzara jo zuen. 1995ean mahastiak jarri zituen. Mahasti zahar bat genuen, aitonarengandik jasoa. Lehenengo urteetan herriko kooperatiban aritu zen, baina lurra zaintzen duen eredu baten alde egin eta ekologikoan hasi zen. Nik betidanik izan dut harremana mahatsarekin. Iruñean energia berriztagarrien goi ziklo bat ikasi nuen, baina hiriko bizitzak ez nau bereziki erakartzen eta herrira bueltatu nintzen. Aitarekin hasi nintzen. Lehendabizi ordu batzuk eta gero gehiago. Eta gaur da eguna belaunaldi aldaketa gauzatu dugula! Gure mahastietatik egiten dugu ardo guztia. Dena ekologikoan egiten dugu. Gure upategian ekoizten dugu ardoa eta salmenta taldeak guk geuk kudeatzen saiatzen gara. Dendatxo bat dugu Iruñean eta Euskal Herriko beste toki batzuetan saltzen ere saiatzen gara. Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean saltzen dugu batez ere. Asko lagundu gaituzte mugitzen hasi diren kontsumo taldeek, Aramaion eta Arrasaten daudenek, adibidez. Eta Errigora ekimenak ere sekulako babes eta bultzada ematen digu gure apustuarekin jarraitzeko. Upategietan nenbilela orain EHNEko lana ere tokatu zait, eta, beno, bietan ari naiz asko ikasten.