Burujabetza teknologikoa
Teknologiak garatzen hasi zirenean, 1960 inguruan, burujabetza teknologikoa ez zen aldarrikapen bat, ezta helburu bat ere. Artean, burujabetza teknologikoa berezkoa zen. Teknologia, hasiera-hasieran, eremu akademikoan garatu zen eta, eremu horretan, informazioa eta jakintza partekatzearen kultura erabat errotua zegoen. Horrela soilik ulertzen zen. Oso azkar ordea, teknologien garapena eremu akademikotik harago joan zen, eta partekatzearen kultura galtzen joan zen. Galtzen baino, informazioa eta jakintza ez partekatzeak nolabaiteko abantaila bat suposatzen zuela ulertu zen. Eta software ez irekia, jabeduna, zabaltzen hasi zen. Testuinguru horretan sortu zen, 1980 hasieran, software librearen aldeko mugimendua, ordura arte berezkoa zena aldarrikapen eta alternatiba gisa planteatzera iritsi zelarik.
Software librearen kontzeptua, burujabetza teknologikoari oso loturik dago. Software libreak erabiltzaileen askatasuna eta kontrola bermatzen ditu. Eta hortaz, teknologikoki burujabea izan nahi duen orok, software librearen eskutik joateko erabakia hartu beharko luke. Baita teknologikoki burujabeak izan nahi duten enpresa, erakunde eta estatuek ere: software librea da euren aplikazio eta programak erabat kontrolatzeko modu bakarra.
Burujabetza teknologikoa, ordea, segurtasun eta kontrol beharretatik harago doa. Burujabetza teknologikoak independentzia esan nahi du. Besteen beharrik ez izatea. Burujabetza energetikoak, estatu gisa, energiaren arloan, autogestionatzeko gai izango garela esan nahi duen modu berean. Edota elikadura burujabetzaz ari garenean, buruan dugun independentziaz ari naiz. Burujabetza teknologikoak, herri gisa, gure teknologien jabe eta gure baliabide teknologikoak sortzeko gai izatea esan nahi du. Hau da, burujabetza teknologikoa ez da borondate politiko soila. Burujabetza teknologikoak gaitasun teknikoak eskatzen ditu. Garatzaileak eskatzen ditu. Eta garatzaileen arteko antolamendua: garatzaileen sarea.
Horretara dator, hain zuzen, azaroaren 17an Tabakaleran egingo den Software & Teknologia Libreen III. Euskal Mintegia: teknologia libreen euskal garatzaileak elkar ezagutu eta saretzeko saiakera egitera. II. Mintegia, duela 14 urte egin zen, 2002ko azaroan. Eta horrek, aurtengo mintegiari garrantzi are handiagoa ematen dio, urteetan zehar garatzaileen arteko atomizazioa eman izana ulergarria izango bailitzateke.
Mintegia UEUk eta Talaios Kooperatibak antolatu dute, elkarlanean. Bertan, software libreaz gain, beste teknologia libre batzuk ere landuko dituzte: hardware librea, azpiegitura libreak, eta abar. Eta mintegiaren kartelean aipatzen den gisan, burujabetza teknologikoaren bueltan ere arituko dira, garatzaileen eraikuntza lana ezinbestekoa baita burujabetza teknologikoaren bidean. Goizez, tailerrak izango dira. Eta bazkari kolektiboaren ondoren, hitzaldi txiki andana.
Arestian aipatu bezala, teknologiaren garapenaren hastapenetan, burujabetza teknologikoa ez zen aldarrikapen bat, ezta helburu bat ere. Orain ordea, ezinbestekoa da eztabaida hori ematea, eta burujabetza teknologikoaren eztabaidaren garrantzia azpimarratzea, bestelako burujabetza guztien parean. Burujabetza teknologikoak informazioa eta jakintza guztion esku jartzen baititu. Herritarrak ahalduntzen laguntzen du. Eta ekonomia lokala sustatzen du. Finean, burujabetza teknologikoak zentzu soziala du, herri eta jendarte oso baten behar teknologikoak asetzeko azken helburua baitu. Baina modu independentean, autogestionatuan. Eta, herri gisa, horretarako ere prestatu behar gara. •