EMAKUME ETA KIROLARI BORROKALARIA
Borrokalaria. Emakume eta kirolari borrokalaria. Gizonentzat pentsatutako mundu batean lehiatzera ausartu zen Maider Unda, emakumeena ez omen zen kirol batean. Borroka librean. Entrenamenduetan gizonezkoekin borrokatzen zuen, ez baitzegoen neskarik. Borroka librean. Emakume librea behar zuen izan borroka egiteko. Duela 30 urte hasi eta laster erakutsi zuen bere balioa. Urte horietatik asko munduko elitean eman ditu, euskal kirola maila gorenera eramanda. 30 urtean aldaketarik nabarituko zuen kirolean, gizartean? Seguruenik, bai. Baita aldaketa gehiagoren beharra ere. Lehia uztea erabaki duela iragarri du asteon, hunkituta eta lagundu dioten guztiei esker onez. Gizonentzat pentsatu eta prestatutako mundu batean lehiatu eta elitean izan da urte askoan. Baina ez da gizona. Izan balitz, minutu gehiago, orrialde gehiago, solas gehiago «mereziko» zituen telebista, egunkari, kale-tabernetan. Eta, hunkituta, esker onez esan du adio, ezer eskatu gabe, bere garaipenak are handiago eginez. Eskerrik asko! Xabier Izaga Gonzalez