Iker Barandiaran

Bere kabuz

Bi guraso hizketan ari dira: bata, kopetilun, arduratuta. Bestea, patxadaz eta umorearekin, laguna lasaitu nahian. Baten alabak unibertsitateko ikasketak hasi behar ditu eta gurasoa kezkatuta dago neska etxetik kanpo bizitzera joaten denean zer egingo ote duen arduratuta. Gazteegia ez ote den, gurasoen zaintza edo bigilantzia gabe han zer egingo ote duen... Ez da gehiegi fidatzen.

Lagunak argi eta garbi esan dio alabak, guraso gabeko askatasunaz baliatuta, esperimentatzeko hautua egingo duela ezinbestez. Hala egin izan dutela iraganean ere, eta oraindik ere hala izango dela. Ikasiko duela gurasoek emandako diru apurra etxebizitzaren alokairua, asteko jatordu, garraioak, unibertsitateari dagokion gastuak eta bizioak –ziur egon badituela– zein parrandak egiteko –ondo edo gaizki– administratzen. Ziur egon dadila igandean etxetik hartutako tuperrak izango direla astean egingo dituen otorduetatik fundamentuzkoenak. Hobe duela etxe hartako hozkailua ez irudikatu eta ostiralean etxera bueltatzean gose egoteak herri-mina baino sakonagoa den mina izango duela iturri. Ikasiko du ostalaritzako eskolatako jangelak bilatzen eta hango ikasleak lagun egiten, Argiñano bailitzan hiru osagairekin sei lagunei jaten ematen eta unibertsitateko kafetegiko gainontzekoekin komunitatean bizi izaten. Gainera, Erasmus-era joaten denerako pastarekin egindako dozenaka errezeta ikasiak izango ditu.

Neskatilak letratako ikasketak aukeratu baditu ere, tindatutako arropa guztien poderioz garbigailuaren zenbaki eta programazioen jakitun egingo da azkenean –edo agian ez, baina hala ez bada gainontzeko pisukideek irakatsiko diote indarrez–. Era berean, alaba orain arte etxezuloan edo lagun taldeko lokalzuloan beti sartuta egon bada ere, hemendik aurrera inoiz baino gehiago mugituko da hara eta hona, jaiak eta parranda non, bera han. Eta, horretarako, gidabaimen zein autorik gabe, aurkituko du modua: garraio publikoan tranpak eginda zein autostopa egiteko abilezia hartuta. Gurasoek hiri horretan kieto irudikatuko badute ere, unibertsitateko hormek ez dute ikasle berria erraz azpian harrapatuko.

«Ez al zara bada oroitzen sasoi hartan buruan genituen txori guztiez?», galdetu dio lagunak. «Pena, jada, horietako asko baztertu egin ditugula. Hura zen egunei eta asteari zukua ateratzeko modua!», gehitu du. Astelehenetako –ikusle edo “saiaren” eguneko– zine emanaldiak, astearteko gurasoen etxetik ekarritako tuper afariak, asteazkenetako gau-tertulia eta plan bereziak, lorik gabeko gauak eta eskola gabeko egunak, ostegun gauetako parranda ahaztezinak... eta ostiral eguerdietako bixamontzarrak maleta nolabait batuta herrirantz egindako “Salvate si puedes” haiek.

«Izan ere, inoxenteak ere baginen, aizu», ondorioztatu du. Eta gogora ekarri du sukaldean luzaroan egon ziren patatei sustraiak atera zitzaienekoa. Kezkatuta beheko fruta-dendara jaitsi eta bertako neskari gertatutakoa azaltzerakoan dendariak merezia zuen Oscarretarako izendapena, gaztetxo honen aurrean barrez lehertu ez izanagatik. Filmen erreferentziekin jarraituta, azalpena entzun ostean gazteak arnasa hartu zuen etxean “Arabako Alien bat” pisukide ez zuela jakitean. Hain inoxenteak, auzoko supermerkatuko kutxazainak astero esne kaxa karropean pasatzen uzten zietela. Izan ere, ba al da ikasle garaitan baino porro gehiago erreten den eta ondorioz esne gehiago edaten den garairik? Ezta jaioberritan ere!

Bada, hori guztia horrela izanda ere, ikasleak ez ditu ikasketak alde batera utziko –nolatan egoera hau pasatzen utzi!!– eta modu batean zein bestean ikasgaiak gaindituz joan eta helduko da eguna, Borboiaren zigilua gainean, ditxosozko titulua etxera ekarriko duena. Eta orduan hasiko dira benetako kontuak: gurasoen etxea txiki geldituko zaio, estu; hiruzpalau urtetan hartutako ohiturak ezin dira egunetik gauera ezabatu, eta komunitatean bizi eta ikasi izandakoak indar gehiago dauka orain. Ez al zen ba helburua bere kabuz ikasi eta erabakiak hartzea? •