Juantxo EGAÑA

Donostian erantzukizun eske, Rifeko gerra dela eta

1921ean, Abd el Krim Rifeko buruzagi historikoak gidatutako herriak espainiar Armadaren aurka matxinatu ziren Marokoko protektoratu kolonialean. Rifeko borrokalariek lurralde batzuk berreskuratu zituzten; hartara, espainiar Armadak Annual eta Arruit mendia galdu zituen. Uztail eta abuztu bitartean, ia 11.000 soldadu hil ziren. Gatazka hark iraun zuen urteetan ohikoak izan ziren protestak Rifeko gerrako esku hartze espainiarra dela-eta. Gipuzkoako Langile Elkarteen Federazioa gerra kolonialaren aurkako protestaren buruan izan zen, bere mitin eta manifestazioen bitartez. 1914an, Donostiako Antzoki Zaharrean egindako asanblada batean, Federazioak gerra berehala bukatzeko eskatu zuen. 1922ko abenduaren 11n, Donostian eta Estatuko beste zenbait hiriburutan gerraren aurkako manifestazioak egin zituzten, erantzukizun eske. Protesta hark 1.500 lagun bildu zituen Donostian, erdiguneko kaleetan barrena. Ibilbidea bukatutakoan, Rifeko gatazkagatik erantzukizun eske idatzi bat eman zioten Gipuzkoako gobernadore zibilari.