Xabier Mikel Errekondo

Joxe Torregarai

Bada beti zerbait gure herrian! Bi egunetik behin gutxienez esango nuke. Ederra da egiaz Usurbilgo herria. Eta esango duzu, bertakoa izanik nola ez du bada horrela pentsatuko… Asko dira maitasun horren errudunak, mendi, ibai, ibar, bazter, era guztietako ondare anitz bezain aberats, edo kalea bizitzen duten era guztietako ehunka kirol eta kultur jarduera… Baina, batez ere, pertsonak eta harremanak.

Kalean gora kalean behera lagunartean sarri diogu heltzen berbagai honi eta ondorio bera dugu ateratzen: ondare zabala bezain ederra daukagula inguruan, ziurrenik gainontzeko herriek nola, baina herri bat harritzarrek baino pertsonek dutela egiten, gainontzekoak osagarriak direla, eta badirela pertsona jakin batzuk janzkera berezia ematen diotenak herriari.

Horietako batek orain gutxi utzi dio Kaxkoko kaleak ibiltzeari. Urteak ditu pasa pauso gero eta motelagoak ematen, txango astunagoak eta laburragoak makulua lagun. Ez zuen baina sekula galdu barre eta berriketaldirako grina. Goiti beheiti kaleetan jada bere gorpuzkera bikainarekin topo egiten ez badugu ere, jarraitzen dugu bere ibiliaren eta ibileren esentzia bihurria sentitzen tabernatako eta taberna arteko giro zipriztinduetan. Betiko zaigu iltzaturik Gaztañagatik behera kale higatuetan, Joxe Torregarai Usurbilgo ondare humanoa. Zendu aurretik nola jarraitzen du izaten egun. Behar zenean, esan beharrekoak esaten mingainean lihorik gabekoa eta zeharka botatzen maisu, baina, batez ere, umorearen errege hogeita lau orduz bihurri zertzeladak eransten esaldi ororen gibel bazterretik. Haur, gazte zein helduok gustukoa izan dugu Joxe antzezlearen eta txiste kontalariaren altzoa. Nola ez, edonori irribarrea pintatzen zigun pintzel magikodun margolari artixta izanik.

Usurbilgo Olentzero peto-petoa, egun hauetako aitzakiapean zakuka pintzel banatu ditukela nabari duk kaleetan…

Plazer galanta izan dek Joxe!

Betiko gurean haiz kale higatuetan goiti beheiti. •