Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Lurraldea bi tempusetan

Ezinbestean hirigintzari eginkizun politikoa aitortu behar zaio. Izan ere, hirigintzaren jarduera nagusia lurralde zein hirien etorkizuna irudikatzea da. Imajinazio ariketa horrek, lehenik, biharko gizartearen bizimoduaren nolakotasunaz galdetzea eskatzen du. Irudikaturiko bizitza-ereduak esparru fisikoaren egokitasunari interpelatzen dio, eta, ondorioz, lurzoruan zer mantendu behar den eta eraldaketak non eragin behar diren identifika daiteke. Esaterako, udalerri desberdinetako herritarren arteko gertutasuna bultzatu nahi dela adostuko balitz, ondoriozta liteke udalen arteko garraiobideak sendotu behar direla. Horrela, hirigintzak, bizimodu-eredu baten arabera, lurraldean garatu beharreko eraldaketak zehazten ditu, non eta plan batean (lurraldea arautzen duen dokumentu grafiko eta idatzi bat). Hau da, marraztutako etorkizuna erdiesteko transformazio-ibilbidea planifikatu egiten da, gauzatu beharreko akzioak antolatuz, bai denboran bai espazioan.

Lurralde-plangintzak hortaz, zedarritutako estrategia batean oinarrituz, azpiegiturak, ekipamenduak edota hiri-zatiak antolatzen ditu –berriak sortuz edo daudenak berriztatzea proposatuz–. Eraldaketa sakonak direnez, abiada geldoan garatzen diren prozesuak dira. Plangintza estrategikoan marraketa lodiz irudikatutakoa xehatzen joango da denborarekin, lurzoruen jabegoen kudeaketatik hasi eta hiritartze-lanen ur-hoditeriaren bideratzearekin bukatu arte. Eraldaketa-izapideak luze jotzen du, administrazio-epeen betekizunak medio.

Planaren egikaritzea osatu eta iritsi bitartean, hirigintzak lurraldea «pause» moduan uzten du, gertakizunen zain. Gizartearen egunerokotasunak, zorionez, ez du denboraren izozterik edo itxarote-espaziorik ezagutzen. Plangintza estrategikoari paralelo, badira eraldaketa fisiko xumeagorekin asetzen diren beharrizan oparo, epe laburrean, behin-behineko izaerarekin eta abiadura azkarrean ebaztekoak. Eraldaketa horiek, hirigintzako planetatik at gelditzen dira. Adibidez, eraikin edo espazio publiko baten erabilera alderantzikagarriak sortzea edo bi auzoen arteko kale berri baten eraketa egoera berezi eta zehatz bati aurre egiteko. Behar eta eraldaketa horiek ezin dira aurreikusi eta ez dira planifikagarriak, unean uneko gertaera eta aukerak uztartzearen emaitza direlako. Horretxegatik ezin dira mahai batean ekoitzi, bestelako eskakizunetatik jaio baitira. Aitzitik, batak bestea elikatzen du. Akatsa bien arteko talka eta bateraezintasuna ikustetik dator. Plangintza zurrunegia eta itsua bilakatuko da –eta beraz, eraginkortasuna galduko du– baldin eta diseinatutako etorkizunari eusten badio eta oraineko prozesuak barneratzeko gaitasuna agertzen ez badu.

Plan batetik eratorri ez diren prozesuek askatasuna dute irudikatu gabeko bideak sustatzeko. Berehalakotasunak behin-behineko izaeraz blaitzen du eraldaketa-prozesua, finkotasunaren pisuaz libre. Horra hor bere potentziala. Alde batetik, hirigintza planaren test gisa baliagarri gerta daiteke, egiazta baitaiteke gune baterako aurreikusi den etorkizunaren egokitasuna, hala nola testuinguruaren bokazioa deskubritu. Baina, bestalde, aldaketa azkar horiek transformazio-prozesu luzeetarako hazi bezala funtziona dezakete, etorriko denaren oinarria erein dezaketelako.

Laburbilduz, eraldaketa azkarrek geldoen balioztatze eta prestakuntza sistema izateko ahalmena dute. Bi prozesuak –azkarra eta geldoa, estrategikoa eta taktikoa, planifikatua eta espontaneoa– bateragarri eta osagarri egitea beharrezkoa da, lurraldea ez ezik, lurraldetasuna ere eraiki nahi badugu bederen. •