Aimar Etxeberria Korta

TURISTA NORBERAREN GAZTAROAN

Hogei urte igaro dira, eta guztia aldatu da. Baina denak jarraitzen du berdin. Aukera berriak agertzen dira bakoitzaren bizitzak aurrera egiten duen ahala, traizio berriei bidea irekitzen dieten aukera berriak. Baina, guztiaren gainetik, bizitzaren aldeko hautu irmoa gailentzen da. «Traispotting» filmaren bigarrenak aztoratu du Edinburgo. «Trainspotting» Edinburgo baita, eta Edinburgo «Trainspotting».

Korrika egiteko zinta batean atzeraka erortzearen parekoa da bizitza: lasterka egiten ahalegindu, urrats bat aurrera ere egin ez, eta, gainera, kokotean kolpea opari». Mark Rentonen (Ewan McGregor) bizitzaren metafora izan daiteke aurreko adierazpena; aurrera egiten ahalegindu, lortu ez eta jaiotako toki berean amaitu hogei urte geroago. Hogei urteren ostean, baina, ezer ez da berdin, nahiz eta guztiak berdin jarraitzen duen.

1996ko Edinburgo ez da 2016ko bera ordea (filma 2016an zehar grabatu zuten, nahiz 2017an estreinatu). Are gutxiago “Trainspotting” filmeko protagonisten bizileku den Leith auzoa: txiroa eta arazo ugarien iturburu gaur hogei urte, Eskoziako hiriburuan bizitzeko zonalde egokienen artean kokatzen da egun, hipster eta munduan zeharreko jatorri eta arraza ezberdinen bilgune bilakaturik. Horiek, gainera, iragan arrantzalea duten herritarrekin nahasten dira, koktel berezi bat sortuz. Filmeko protagonistek atzetik lasterka dituzten polizien uniformeak ere ez dira berdinak egun, ezta haien aurretik lasterkan doazenen janzkiak ere. Baina bada zerbait denboraren joanean mantentzen dena, ezer aldatuko ez balitz bezala agertzen zaiguna: deitu memoria, nostalgia edo, sinpleki, adiskidetasuna; deitu bizitza.

Adiskidetasuna da eraikin baten teilatuan eserita dagoen laguna ezerezera erortzen hastean lurraren aurka kolpatu aurretik besarkatzea, hots, kidea bizitzara itzultzea. Eta bizitza da ere bere garaian jaioterria uztera behartu zizun horri aurre egin eta etxera itzultzea, beldurrei izkin ez egitea, betikoekin elkartzea. Baina nola deitu burua ia galtzeraino eraman zizun logelara itzultzeari? Nola gurasoek purrusta egin ohi zizuten mahaian eseri eta euretako bat falta dela ohartzeari? Aurrera egin nahi eta ezina, iraganaren esklabo sentiarazten zaituen sentsazioa.

Pentsatu une batez honetan: nola erantzungo zenuke 16.000 libera esterlina ostu zizkizun laguna, hogei urteren ostean, tabernako atetik sartzen dela ikustean? Nola hondoa jota dagoen familiako negozio baten jabe zarenean, eta, ondorioz, barrabaskeriak egin behar dituzunean bizimodua aurrera ateratzeko? Lehenengo erreakzioak baino, ordea, gehiago balio ohi du bigarrenak, bi aldiz pentsatu ostean hotzean egiten denak. Bada irudikatu orain tabernako barraren atzean beharrean pub bateko komunean egiten duzula topo bere garaian saldu zintuen harekin, bakoitza bere komun-zuloan jarrita dagoela, elkarri begietara begiratu ere egin gabe. Amorrua lehenengo, adiskidetasuna ondoren; aukeratu bizitza.

Gauzak nola hasten diren baino garrantzitsuagoa omen nola amaitzen diren, eta argi uzten du hori filmak. Junkiea beti junkie, baina “junkie” edo “junkie” izan beti ezberdin. Zer egingo du bada “junkieak” lagunak utzi zizkion 4.000 libera esterlinekin? Eta gauza bera egingo al luke “junkieak” hogei urte geroago? Bai eta ez, “junkiea” beti “junkie”, baina ezberdin. Bizitzak beti ematen ditu aukera berriak, eta horiek dira aprobetxatu beharrekoak. Idazteari ekin diezaioke batek, barrenak askatuz, hitzekin ezin azaldua hizkien bidez transmitituz. Edo etorkizunik gabeko negozioan berrinbertitu eta proiektu berriak abiatu ditzake batek, arriskuaz hartuz, arrakasta irudikatuz.

Kartzela birgizarteratze instituzio moduan saldu nahi izan digute birgizarteratzea zer den ez dakiten horiek. Kartzelak pertsonak alda ditzakeela uste dute, onerako gainera, txarrerako soilik izan ohi denean. Eta kartzela bere duenak kartzelan amaitzen du, hasierako metaforari jarraiki, bizitzan aurrera egin nahi izanagatik ere beti hasierako puntuan amaitzen dugula baieztatuz. «Memoria gara», dio batek filmean, «ez, nostalgia gara, hori da garena», erantzun besteak. «Turistak norberaren gaztaroan», finean.

Zinemara bueltan

“Trainspotting” filmeko protagonistak hazi diren hein berean hazi da gizartea ere, zahartu dira pertsonak. Baina badu elementu bat arrats garrantzitsua dena: heldu zein gazte, ororen bizitzan izan du lekua noiz edo noiz. Eta hori da zinema aretoan nabari dena ere; badira helduak, badira gazteak, eta guztiek sentitzen dute filma euren parte. Entzun dira soinu bandaren lehenengo notak, bizi eta indartsuak, eta ekarri ditu harekin lehenengo oihu eta txalo zaparradak. Krispetarik gabe baina garagardo pinta eskuan, nabari da filma bere jaiotza hirian ari direla proiektatzen.

Hankaz gora jarri baitu “Trainspotting” filmaren bigarren zatiaren iritsierak Eskoziako hiriburua: margotu dituzte tranbiak, zintzilikatu publizitatea han eta hemen, bete egunkari lokaletako orrialdeak egunak joan eta egunak etorri. “Trainspotting” Edinburgo baita eta Edinburgo “Trainspotting”. Itxi dituzte iragan hilabeteetan kale eta pubak grabaketak egiteko, bildu jendetza estra bezala jarduteko, erakarri foku mediatikoa protagonistak elkartzekoak zirelako. Adi dabiltzala Elorrion, foku mediatikoa desbideratzerik nahi ez badute behintzat.

Baina horrelakoetan komeni izaten da argi izatea film baten bigarren atalaz ari garela hizketan. “Bi” horrek behar du aipatua izan, lehenengoaren errepika izan ez dadin. Errepikek “ezer berririk ez” esan nahi baitute, eta horretarako hobe etxean geratu. Amaitu da filma, txalo zaparrada batez. Bi sala eta bost sesio bakoitzean egunero; guztietan, sold out. Ehunka begi dira aretora sartu eta filmaz gozatzeko esperoan. Eta berau utzi dugunon artean ideia bat buruan: aukera agertzen da lehenengo, ondoren dator traizioa; aukeratu bizitza.