«Helduak ez badu buruan zer-nolako umea nahi duen, hau zoriontsu izango da»
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko irakaslea eta Hazitegi ikertaldeko partaidea da. Psikologo hezitzailea.
Kide den Hazitegi ikertaldean Haur Hezkuntzan zentratzen dira, baina beraien lanak bertze etapetarako ere berdin balio dezakeela deritzo, pertsonei buruz ari garelako. «Orain arte umea jarri izan da ebaluazioaren erdigunean. Kalifikatua izan da, egoeraren erantzule bakar gisa. Egiteko modu horrek eraman du hezkuntza modu batera ikustera eta kalte egin dio umeari».
Alexander Barandiaranek dioenez, «eredu homogeneizatzaile batetik gatoz eta guk jarri ditugu helmugak gure parametroen arabera. Hortik gora ongi, behera gaizki. Baina gaizki dagoena umea da. Tradizionalki hortik gatoz». Unibertsitate moduan argi dute sinesmenetatik aparte ezagutzarekin arrazoitu behar direla errandakoak.
«Ikerketek erakusten digute umearen garapena batez ere helduaren esku dagoela. Haurrak berezko gaitasun batzuk ditu, baina garatzeko inguru sozial bat behar du, umea bera soziala den heinean. Bere testuinguruan garatzeko erreminta guztiak ditu, baina horien garapena helduen aldetik jasotzen duen erantzunaren araberakoa da. Erantzun sentikor bat jasotzen badu, helduak errespetatzen badu umea den hori eta ez bada saiatzen bera aldatzen, ematen badio aukera berarekin harreman esanguratsuak eraikitzeko, ematen badio testuinguru aberats bat, edozein umek edukiko du aukera garatzeko. Baldin eta helduak konfiantza baldin badauka umearen ahalmen horietan eta ez badauka buruan zer-nolako umea nahi duen, ondoriozta daiteke umea ondo egongo dela, zoriontsu izango dela eta guretzat behintzat hori da azken helburua».
Ondorioz, agertu duenez, ebaluazioan ez litzateke umea kuestionatu beharko eta aztertu beharko litzateke zer eskaintzen dion helduak eta harremanetan zein puntutaraino bermatzen duen ume guztiak seguru sentitzen direla, fidatzen direla berekin badakitelako gai dela beren beharrak asetzen laguntzeko eta ulertzeko. Onartua izatetik sortzen da konfiantza. «Horrek suposatzen du beste bide bat irekitzea: norberaren praktikaren hausnarketa». Etorkizunean irakasle izanen direnak prestatzen ditu Barandiaranek eta saiatzen da beren kontzientzia maila igotzen. «Esaten diegu beraiek direla erremintarik potenteena beren lanbidean».
Prozesu inkontzienteak
Erantsi duenez, irakasleak ez du aztertu behar zer harreman eraiki duen umeak berarekin eta berak haurrarekin kasu batean bakarrik; ume bakoitzarekin egin behar du hori. Ikusten du harremanetan prozesu inkontzienteak ematen direla maiz. «Norbera ez da konturatzen zer prozesu bizitzen ari den eta zergatik. Umeek behar duten hurbiltasuna eta afektua inportanteak dira etapa honetan eta batzuengandik hurbilago gaude beste batzuengandik baino. Umea baldin bada guapoa (nire estereotipoetan), alaia eta ez badu jotzen, erakargarria izan daiteke, baina ez daude halako umeak bakarrik. Pentsatzen hasi beharko nuke nire egiteko modu horrek zer eragin daukan ume bakoitzean».
Asmatu beharko da nola egin hori bideragarri, baina egin behar dela argi du. «Haur mota bat lortu nahi dudanean, oso sarkorra edo instruktiboa izan naiteke. Gure praktikaren analisi sakon bat egin behar dugu eta ikusi horrek umeari nola eragiten dion. Horrek eramango gaitu etengabeko berrikuntzara. Orain ‘aldatu zaitez’ esaten diogu, ez bada heldu nahi genuen lekura. Baina ez dugu ezer aldatzen. Umea blokeatuta badago, zer egiten dugu guk? Bera ez da aldatuko gu geu eta testuingurua aldatu ezean».
Adierazi duenez, «astakeria bat» da pertsona ebaluatzea testuinguruak erantzukizunik izanen ez balu bezala. «Indarrean den eredua instruktiboa da. Sistematik pasatzen diren umeen artetik hoberenak hartzen ditu. Ume horiek nahi ditu. Desberdintasunak sustatu ditu modu askotan. Horretarako daude azterketak, kurtsoa errepikatzea, etxeko lanak… Hainbat elementu daude eskola klasista bat egiteko. Hori ondo egongo litzateke argi esanda, baina nork onartzen du horrela dela?».
Garbi du eredu horrekin ez dela pertsonaren ongizatea bermatzen. «Sumisioa bultzatzen da, eta, honekin, indarkeria. Presioa, urduritasuna, beldurra…».
«Guk ez dugu azterketarik jartzen, kalifikatu bai, derrigortuta gaudelako. Sistema dena aldatu beharko litzateke eta bada ordua», azaldu du ikasleen lanak eskuetan zer zenbaki jarri asmatu ezinik dabilela. «Ez du ez hanka ez bururik. Kontraesan horretan bizi gara».
Prestatzen dituen ikasleei komentatzen die inportantea dela beraiek jakitea zer den ona umearentzat eta ikastetxera joatean irizpideak edukitzea, nahiz eta ezingo duten egin nahi dutena. Baina bai eragin dezakete, baldin badakite zein den bidea.
Konplexutasuna, infinitua
Psikologoa da Barandiaran eta irakaskuntza harremanen lanbide bat dela gogoratu du. «Umea harremanean garatzen da. Pertsonekin ari gara lanean eta hauen konplexutasuna neurtzen ez dakit. Ez da konplexutasun bat. 20 ikasle dira eta beste 10 lankide eta norbera ere bai. Ez bagara hurbiltzen konplexutasun horretara galtzen dugu gertatzen ari dena eta inkontzienteki egiten ditugu gauzak».
«Helduon artean ikusten dugu zeinen errazak diren harremanak. Umeei eskatzen diegu guk egiten ez duguna. Erantzukizun handiko lanbidea da, batez ere Haur Hezkuntzan, unerik ahulena delako onerako zein txarrerako. Eskolan zoriontsu izan behar dute ikasleek».
Pertsona ongi zainduz gero garapena benetan potentea izan daitekeela pentsatzeak motibatzen du Barandiaran.