Maider Iantzi Goienetxe
Elkarrizketa
LORE ERRIONDO
PEDAGOGIAN DOKTOREA

«Zubiak eraikitzea falta da, ikastetxeen baitan eta beren artean»

Pedagogian doktorea (EHU) da, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko dekanordea.

Pedagogiako eta Gizarte Hezkuntzako irakaslea da Lore Erriondo eta bietan ematen du Hezkuntzaren Teoria. Bilera eta bilera artean harrapatu dugu, ia hegan. Bertze adituek bezala, agertu du ezin dela ebaluazioaz hausnartu hezkuntzaz hausnartu gabe, eta gai pila bat ukitu ditugu.

«Ebaluazioa tresna bat da, ez helburu bat, eta jakin behar dugu xedea zein den. Hezkuntza prozesuetan zer lortu nahi dugun, hori da garrantzitsua. Eta gero ebaluazioaren bitartez behatuko dugu betetzen ari garen ala ez. Lortu nahi dugunaren arabera ebaluazioa modu batekoa edo bestekoa izan daiteke. Alegia, ebaluazioa berez ez da ona edo txarra, egokia edo desegokia izan daiteke. Egin behar duguna da koherenteak izan. Ezin dugu hezkuntza askatzaile batean ebaluazio memoristiko bat planteatu», hasi da azaltzen. Azkar solastatzen da.

Barandiaranen gisan, aipatu du sarri ez garela kontziente zer ari garen egiten eta nola ari garen ebaluatzen. «Ebaluazioa azterketarekin identifikatzen dugu, baina ez du zertan hala izan. Nire ikasleek, esaterako, ez dute azterketarik egiten. Baina egunero ari naiz ikasleak ebaluatzen, lanak jarraituz, eztabaida eta hausnarketak eginez… Ebaluazioak modu askotakoak izan daitezke: azterketak, testak, aurkezpenak, lanak, behaketak, ebidentzia bilaketa…».

Selektibitateaz

Bestetik, kanpo ebaluazioak edo neurketak daude. «Askotan hezkuntzaren kalitatearen adierazle bezala hartzen ditugu. Eta ez dira hala. Neurketa bakoitzak sortu duenak neurtu nahi duenaren emaitza ematen du. Baina batzuetan nahastu egiten ditugu eta gure ikasleek kanpo proba horietan emaitza onak izateko prestatzen hasten gara. Selektibitaterako, adibidez. Ikusten dugu Batxilergoko azken urtean ikastetxearen ardura nagusia selektibitatea gainditzea dela. Zer ari gara, adin horretako ikasleen hezkuntza erronkak lantzen edo unibertsitaterako sarreraren tresna baterako prestatzen? Azken horretan ari gara eta beste guztia alboan uzten dugu. Iruditzen zaigu adin horretarako konpetentziak lantzen ari garela, eta ez da egia».

Nola eskapo egin horri? Erriondoren iritziz, hasteko komunikazio gehiago behar da hezkuntza komunitatean, familia, langile, ikasle eta herritarren artean. «Adostu dezagun zer garen eta nora joan nahi dugun, eta inplika gaitezen guztiok sare batean, elkar elikatuz. Orduan jakingo dugu bakoitzaren funtzioa zein den. Elkarren berri izango dugu eta prozesuaren jabe izango gara. Eta kanpo neurketa horiek ez gaituzte hainbeste aztoratuko».

«Zenbat eta proiektu potenteagoa izan orduan eta askeagoak gara», gaineratu du adituak.

Komentatu duenez, fase desberdinetan dauden zentroak daude. Mota guztietakoak. «Ez dago esaterik dena txarra edo ona denik. Egia da Euskal Herria pedagogikoki ikastolen mugimendutik abiatuta oso aurreratua izan dela eta azken urteetan hori pixka bat ahultzen doala. Parte hartzea txikiagoa eta pasibotasun maila handiagoa izanik kanpo elementuek kontrol handiagoa ekartzen dute eta galduagoak gaude gu. Intuitiboki bada ere sumatzen da hori eta badaude mugimenduak: hezkuntza eredu propioak batetik, irakaskuntza eredu alternatiboen proposamenak bestetik, baina falta zaiguna da zubiak eraikitzea. Ikastetxeen artean eta ikastetxeen baitan».

Erantsi duenez, hezkuntza eredu desberdinak egotea ere inportantea da, aukeratzeko. «Guztiek kontziente izan behar dute eta esplizitatu behar dute zeintzuk diren beren helburuak eta nola antolatuko diren. Irakasle, zentro eta gurasoen iniziatiba saritu beharko litzateke. Askoz inplikatuagoa egongo litzateke jendea eta orduan bere onena emango luke».

Maite dugun hori

Irakaslearen ustez, finean egin behar duguna maite dugun hori da. «Ezinezkoak planteatu, gutxi baina mundua alda dezakegulako. Gure eginkizuna profesional gisa horretan ahalegintzea da. Komunikatuta bagaude besteekin egingo ditugu mintegiak, trukeak, eta elkarrengandik ikasiko dugu. Hala, ikasleak eta komunitateak irabaziko dute».

Prozesu horretan, jakina, ebaluazioa propioa izanen da. «Abiapuntuan non gauden ikusi eta helmugara bidean zuzen goazen edo desbideratu garen behatuko dugu, hala baldin bada zuzentzeko. Zenbat eta modu finagoan harrapatu bide hori zein den, hobeki».

Erriondok dioenez, azterketa memoristikoek beren funtzioa zuten, baina duela bi mende. Gaur egun, etengabeko moldaketan gaudenez, garrantzitsua da egokitzea eta gure burua prestatzeko gai izatea, informazioa non eta nola bilatu jakitea, agerikoa eta ezkutukoa irakurtzea… Hori guztia hezkuntzaren bitartez eta horretarako prestatutako ebaluazioaren bitartez eratuko dugu.

Erran duenez, irakasleak ikasleari lagundu behar dio nahi duen helburura iristen eta ezinbertzekoa da gidariok ongi prestatzea.