BIDERA SALTO EGIN DUEN JENDARTEA
Aingeru Mayor sexologoaren hitzaldi batean gertatu zen. Chrysallis Euskal Herria elkarteko kidea da eta sekulako lana egiten ari da, beste askorekin batera, transexualitate egoera bizi duten pertsonen errealitatea jendarteratzen. Hitzaldi bikain haren amaieran 60 urte inguruko gizon batek eskerrak eman zizkion, «egungo haurrek ez dutelako jasango nik sufritu behar izan dudan infernua». Tamalez, batzuek bai. Baina beste asko beren familiek lagundutako transexualen lehen belaunaldiko kideak izango dira. Lehen belaunaldikoak, beraz, oraindik ezin jakin noraino ez ote diren iritsiko.
Garbi geratu da, baina, bidean ez dituztela beren familiakoek eta lagunek bakarrik lagunduko, jendartearen parte batek ere salto egin du bidera, zaharmindu usaineko sufrimendua besterik ez dakarren autobusari planto egitera. Chrysallis elkarteak zeozertan asmatu du, ez dakit zehatz zertan, baina jendarteak ezezagutzatik eta mesfidati begiratzen zuen errealitate bat lehen lerrora ekarri eta normaldu egin du neurri batean. Sekulako lezioa. Gehiagotan dastatu beharko genuke jendarte honen parte izatearen harrotasuna. Plazer bat.
amagoia.mujika@gaur8.info