Iker Barandiaran

Bizitza bakarra

Nire belaunaldiko ia guztiok bezala, nire gogoz kontra –galdetu gabe– bataiatu ninduten. Eta handik zortzi bat urtera inongo hausnarketarik egiteko aukera izan gabe jaunartzea egin nuen. Ez nion katekesi kontu horri inongo zentzurik hartzen, baina guztiek egiten zuten eta oraindik ez genekien insumisioa zer zen.

Hala ere, nonbait barrenean zerbait piztu zitzaidan eta nire ama puntakoari garaian hain zabalduta zen oparia –Jesu Kristoren aurpegia zeraman urrezko domina– ez nuela nahi esan nion naturaltasun osoz. Eta, horren ordez, Arconadaren arropa erosteko eskatu nion. Harrituta baina gogo onez, hala egin zuen amonak. Harrituta bera, ingurukoak eta baita neu ere, arropa horri etekina atera banion ere, futbolari ez baitiot ez orduan eta ezta gero ere inoiz arretarik jarri. Eta hara non, nik izan ez nuen zitalezko urrezko dominaren parekoak famatuak egin ziren bi arrazoirengatik: batetik, nire lagunarteko eta belaunaldiko neska-mutikotxo askori denbora gutxira jonkiek eta bestelakoek tirakada itzela eginez lapurtu zizkietelako. A ze mina lepoan, eta a ze disgustua guraso edo zegokion ama edo aita puntakoarena. Eta, bestetik, lepoan edo beste nonbaiten salbu zutenetako batek baino gehiagok, behin nerabezaroan murgilduta, dominak pisuka saldu zituztelako. Bai batzuek eta bai besteek egunerokotasunari erreparatzen zioten.

Hala, egunerokoa bizitzearen kontrakoa aldarrikatzea da nik Eliza katolikoari inoiz barkatuko ez diodana. Zer eta gizaldiz gizaldi jendeari sinistaraztea oraingo bizitzan sufritu behar dela eta guztiari (a)men egin behar zaiola gero bizitza hobeago bat izateko? Ezta jubilatuta ere! Horrek itzelezko mina eragin du, zenbatezina, eta oraindik ere mina egiten dihardute. Hori gutxi balitz, pentsa gainera Elizarekin lotutako zenbat kontu nazkagarri heltzen diren gure belarrietara, gero eta gehiago. Eta, hala ere, oso ohikoa da erlijio enpresa honi buruz hitz egitean, beti norbaitek legezkoa edo pertsona ona den abade edo antzeko zereginetan dabilen norbait ezagutzen duela aipatzea. Eta niri zer? Irudikatzen ote du norbaitek iturgin jator bat ezagutzen duela aipatzea? Salbuespenak nabarmendu behar izate horrek erakusten du mendez mende gainean izanagatik nola kutsatuta gauden eta, era berean, marrazten digu gizarteak enpresa pribatu horren inguruan duen pertzepzioa. Salbuespenek gure arreta deitzen dute! Eta nik ere botako dut, bakarrenetarikoa: Caritas.

Zin egiten dut ez dudala Eliza katolikoa suntsitzeko helbururik, baina bidegabeak iruditzen zaizkit dituen helburuak, arrazonamenduak, gauzak egiteko moduak eta zentzuak. Izan ere, ulertzen eta onartzen dut tamalez merkatu logika baten bizi garenez, jarraitzaileak edo bezeroak dituzten bitartean enpresa horiek existitzeko eskubidea dutela, budisten, musulmanen eta bestelako erlijioen beste edozein enpresak bezala. Baina ez gehiago! Ezin baitugu ahaztu legez Espainiakoa estatu akonfesionala dela, baina ez Mirandatik behera, ezta Pirinioetara arte ere, ez da banaketa hori betetzen eta Eliza katolikoa muturreraino sartuta dugu bizitzako arlo askotan. Tradizioa? Bai. Kaltegarria? Zenbait kasutan baita ere. Bidezkoa? Ez. Eta hori bezain larria da Eliza katolikoak urtero gobernuen aldetik diru laguntza eskerga eta zerga askoren kitapena ere jasotzea.

Hala, orain gutxi homosexuala den lagun batek kontatu zidan apostasia egina zuela; hau da, Eliza katolikoaren erroldatik ezabatzea. Elizak bera den modukoa onartzen ez duenez, berak ez duela horko parte izan nahi. Eta bat nator erabat berarekin: jaio ahala bataiatu nindutelako zaku horretan sartuta egon behar dut? Gobernuen aurrean jarraitzaile edo bezero kopuru erraldoiak mahai gainean jartzeagatik hobari itzelak lortzen dituzten errolda erraldoi horren parte ez dut nahi izan inola ere. Are gehiago, bere lege, trikimailu eta Estatua (txikia izan arren) dituen enpresa pribatua izanda. Nori egiten dio, bada, mesede? Ez diot enpresa pribatu horrekin bat datorren sinesmena duenari ezer leporatuko, baina nik ere nire burua errolda horretatik kanpo ikusi nahi dut laster. Ez nire izenean. •