Maider Iantzi Goienetxe

«No space, no time»

Hala abesten du Garik gustuko dudan kanta batean. Hala sentitu izan naiz batzuetan eta hala ikusi izan ditut ingurukoak ere. Erlojuaren orratzak urtzeko gogoz. Leku lasai bat topatzeko irrikatzen. Norberarentzat. (Eta ez du balio ohantzean lo gaudenean. Kotxea izan daiteke bidean goazela baina ez al da adierazgarria guretzat behar dugun espazio isil eta bakartia hori izatea?).

Nabarmena da gero eta azkarrago goazela. Erranen nuke zenbat eta handiagoa hiria orduan eta ziztu biziagoa hartzen dugula. Aldiz, naturara hurbildu orduko erritmoa moteltzen dugu. Pause botoia hortxe sakatzen dut azkenaldian eta erabat engantxatuta nauka! “Ttipi-Ttapa” aldizkariko irakurle batek –Urdazubiko Rakel Pardok– bere gutunean dioen bezala, uneei ihes egiteko askatasuna ematen diegunean bizitzak denboraren balioaz kontziente egiteko oparia eskaintzen digu.

Uste dut tarteka lortzen dugula opari horretaz gozatzea, baina irakurle honek aipatzen duenarekin ados nago: beldurra ere ematen digu deus egitekorik ez dugun momentuetan gure buruarekin topatzeak. Arriskutsu bilakatu zaigu espazioaren eta denboraren arteko talka hori. Erreminta garrantzitsua dugu; lokartuta dugu, ordea, eta ernatzera animatzen gaitu Rakel Pardok. Geldiuneak berreskuratzera. Orduan adituko ditugulako gure barreneko galderak eta horiek lagunduko digutelako egiatan zer nahi dugun jakiten, baita kritikoago izaten eta norbere iritzia garatzen ere.

Egunkarian ikusten dugu albiste bat gertatzen denean kasik momentuan ailegatzen direla argazki, datu eta iritziak. Baina azkartasuna gauza batzuetarako hagitz ona eta zenbaitetan beharrezkoa ere izan arren, bertze aunitzetan lasaiago ibili beharko genuke eta denbora hartu hausnartzeko eta kontrastatzeko. Burukoarekin kontsultatzeko denbora eskatzeak pentsaezina eman dezake –bezperako egunkaria irakurtzeko gomendioak bezala–, baina zergatik ez pixka bat frenatu? •