Burundi, eskale herrialdea
Nkurunziza presidenteak karguan jarraitzen du eta oposiziokoekin hitz egiteko asmorik ez du. Makina bat atentatu egiten dira herrialdean eta elkarrizketa mahaiak hutsik jarraitzen du. Testuinguru horrek herritar asko eskale bihurtzera behartu ditu.
Pobrezia neurtzen duten sailkapenetan atzera egiten jarraitzen du Burundik eta aste honetan bertan nazioarteko erakundeek ezagutzera eman dituzten datuen arabera, une honetan Malawi eta Hego Sudan baino ez dira ageri Pierre Nkurunziza presidentearen herrialdearen atzean.
Europar Batasunak eta beste Estatu batzuek Burundiri ematen dioten diru laguntza %40an murriztea erabaki zuten, Nkurunzizak hirugarren legealdira aurkeztea erabaki zuelako, zigor moduan. Ondorioz, agintariei asko kostatuko zaie kontuak orekatzea, baina arazo horiek ez dituzte politikariek beraiek ordainduko, herritarrek baizik. Oinarrizko produktu askoren salneurriak gora eta gora egiten du etengabe: erregaiak, azukreak, arrozak, babarrunak...
Gainera, zor publikoa asko hazi dela-eta, herritarrentzat ezinbesteko diren zerbitzuak ere ikaragarri murriztu dituzte: hezkuntzak orain urte batzuk zuen aurrekontuaren %30 galdu du bidean, osasunak %54 eta ur hornikuntzak %72.
Horren guztiaren ondorio da Burundiko herritar asko pobretzen ari direla: iazko otsailetik urrira, hirukoiztu egin zen pobrezia maila baino beherago bizi diren herritarren kopurua, hiru milioi lagunera iristeko, hamaika milioi biztanle dituen herrialdean. Ondorioz, Burundiko populazioaren laurden batek laguntza humanitarioa behar du bizirik jarraitu ahal izateko, eta, hori jaso ezean, herritarrek eskale bihurtu behar dute.
Gainera, El Niño izeneko fenomeno meteorologikoak kaltetu egin du nekazarien produkzioa eta gosea pasa beste erremediorik ez dute herritar askok.
Edonola ere, Bujumbura hiriburuko agintariek «dena ondo dago» errepikatzen jarraitzen dute, eta herrialdeko ekonomia sasoian dagoela.
«Bortxatu aurkaria»
Zeid Ra’ad Al Hussein Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioak aurreko astean adierazi zuenez, oso kezkatuta dago Imbonerakure izeneko gobernuaren aldeko miliziano gazteak oposizioko emakumeak haurdun uzteko deialdiak egiten baitabiltza. Orain aste batzuk Internet bitartez zabaldu zen bideo batean ikus daiteke Burundiko nekazaritza eremu bateko herri batean egindako mobilizazioan talde horretako kideek edonor kezkatzeko moduko mezua abesten dutela kirundi hizkuntzan: «Haurdun utzi aurkari horiek, Imbonerakure bat erditu dezaten».
Jordanian jaiotako Nazio Batuen goi-komisarioak erantsi du tankerako mezuak plazaratu dituztela Burundiko beste probintzia batzuetan ere, eta hori oso kezkagarria dela, «herritarrak beldurtzeko milizia horren kanpaina, ihes egin dutenek salatu izan dutena, bene-benetakoa dela baieztatzen baitu».
Imbonerakure miliziako gazteen abestia ofizialki salatu du Nkurunzizaren alderdiak, baina ia sinesgarritasunik gabe, talde hori askotan babestu izan baitu, baita giza eskubideen bortxaketa larriak leporatu izan zaizkionean ere.
Hutuen eta tutsien arteko ezberdintasunak sarraski bihurtu izan diren herrialdean, ez da lasai geratzeko modukoa indar politiko batekin lotutako gazteak bortxaketen aldeko agertzea. Ruandan orain 23 urte egin zen genozidioaren aurreko pasadizoak ekartzen ditu gogora.
Baina bortxaketarako deialdi horiek hasi baino lehen ere egoera oso ezegonkorra zen herrialdean. Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Federazioak emandako datuen arabera, 2015eko apirilaren 25ean Nkurunzizak hirugarren legealdirako aurkeztea erabaki zuela iragarri zuenetik (geroztik nolabait legeztatu egin du bere egoera, hauteskundeak antolatu eta irabazita, nahiz eta oposiziokoek iruzurra salatu zuten), gutxienez 2.000 herritar hil dituzte (horietako batzuk ministroak, jeneralak eta erakunde ugarietako buruak, joera politiko ezberdinetakoak), milaka lagun torturatu dituzte, 10.000 burundiar arbitrarioki atxilotu dituzte eta, daturik argigarriena, 400.000 herritar inguruk ihes egitea erabaki dute.
Tanzaniako arbitroa
Federazioak dio Gobernuaren eta bere aldeko taldeen indarkeriaren eraginez hartu dutela Burundi uzteko erabakia errefuxiatu gehienek.
Benjamin Mkapa Tanzaniako presidente ohia dabil bitartekari lanetan, baina orain arte ez du gauza handirik lortu. Pierre Nkurunzizaren Gobernuak ez du oposizioarekin hitz egin nahi, Burundik bizi duen indarkeria giroa beraiek eragin dutelakoan. Gainera, aurkariei egozten dizkie 2015eko maiatzeko estatu kolpe ahalegina eta herrialdean egiten diren protestaldiak.
Hala ere, oposiziokoek uste dute Mkapa dela bitartekaririk onena, Nkurunzizaren jarrera aldaraztea lor dezakeen bakarra. «Tanzaniako presidente ohia da Nkurunzizari baldintzarik gabeko negoziazioak ezartzeko gaitasuna duen politikari bakarra», diplomazialariek esan izan dutenez.
Kontuan hartu behar da Tanzania dela Burunditik ihes egindako lagun gehien hartu dituen herrialdea eta Errusia eta Txinarekin oso harreman onak dituela.
Maiatzean Ekialdeko Afrikako estatuburuek gailurra egitekoa dute eta hitzordu horretan jarri dituzte beren itxaropenak herritar askok.
Zergatik eusten dio Nkurunzizak bere karguari, hain egoera larrian? Siriako agintari Baxar al-Assad bera ekartzen du gogora: herritar guztiak «garbitzeko» prest dago, presidente izaten jarraitu ahal izateko. Baina tankerako galdera egin diezaiekegu gero eta sakabanatuago dauden oposiziokoei: zenbat denbora egin behar duzue Nkurunziza salatzen eta herrialdea nola usteltzen den ikusten, bestelako irtenbiderik eskaini gabe?
Potentzien interesak
Galdera horiei erantzun ahal izateko munduko potentzia nagusien interesei erreparatu behar zaie, Ann Garrison kazetari estatubatuarrak idatzi duenez: «Errusia eta Txinako konpainiek Burundiko meategietako kontraturik garrantzitsuenak lortu dituzte urteotan, eta trukean Mendebaldeko potentziek herrialdea NBEko Segurtasun Kontseiluan zigortu nahi izan duten bakoitzean kontrako botoa eman izan dute Moskuk eta Pekinek». Garrisonek genozidio arriskua ikusten du Burundin, eta bertatik ihes egitea lortu dutenek genozidioa nolabait hasita dagoela diote, International Crisis Group taldeak egin duen irakurketaren arabera: «Iheslariek onartzen dute Nkurunzizaren aurkakoen artean etnia guztietako herritarrak daudela, baina tutsi batzuek nabarmentzen dute segurtasun indarrek bereizi egiten dituztela etnia ezberdinetako manifestariak eta beraiek dagoeneko biktima sentitzen direla».
Gobernua harro-harro dabil. Gaston Sindimwo presidenteordeak dio ez dagoela inolako krisirik Burundin: «Erabateko bakea dugu. Aurkariek asmatutako alegiazko krisia baino ez da. Liskar txikiren bat izan daiteke, baina horrek ezin du herrialde osoak bizi duen bakea zikindu. Krisia atzean geratu da eta orain haren ondorioei egin behar diegu aurre».
Florent Geel Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Federazioko zuzendariak esplikatzen du agintariaren harrokeria hori: «Elementu ezeroso guztiak ezabatu ditu, lekukorik izan ez dadin. Nazio Batuek eta Afrikar Batasunak hedatu zituzten behatzaileei oztopoak baino ez dizkiete jarri eta beren lana egin ezinik daude. Gizarte zibilak ezin du ezer egin, izututa baitago: nabarmenduz gero, zerorren bizitza ipintzen duzu arriskuan». Horrela lortu dute agintariek, Geelen iritziz, enbarazu egiten dieten ekintzaileak hil, desagerrarazi edo torturatzea, aldi berean dena ondo doala esaten dutela: «Erregimen totalitario eta autoritario baten definizioa da hori, Burundin duguna alegia».