Juantxo EGAÑA

Auza mendiko euri-erauntsia 1913ko ekainean

Foto MENA. Elizondo
Foto MENA. Elizondo

1913ko ekainaren 2an sekulako euri-erauntsia izan zen Auza mendian. Horren ondorioz, harri eta zuhaitz jausi handia gertatu zen eta triskantza garrantzitsua eragin zuen Baztango bailaran. Bidean harrapatu zuen guztia txikitu zuen eta hamabi metro zabal eta bost luze izatera iritsi zen olatu ikaragarria altxatu zen. Urak Bidasoa ibaiko hemezortzi zubi birrindu zituen. Erratzun, bost etxe eta elizaren parte bat suntsitu zituen ekaitzak eta Elizondon bertako bi emakume hil ziren urak arrastaka eraman eta gero: Juana Elizegi eta Joaquina Larunbe. Goiko argazkian Elizondo ageri da eta argazkia Felix Menak atera zuen ekaitza gertatu eta egun batzuetara. Nafarroako argazkilaritzaren aitzindarietako bat izan zen Mena. Bere ibilbidea 1882an hasi zuen Emilio Pliegoren eskutik eta 1888an bere lehendabiziko argazki estudioa ireki zuen Gazteluko Plazan, Iruñean. Gerora Elizondora eraman zuen estudioa. Egun bere birbilobek segitzen dute berak hasitako bidea.