Iratxe Urizar

Beste lau

Horrelako egoeratan agian gehiegi eskatzea bada ere, sentsazionalismotik alde egitea da nire gaurko asmoa. Lau hildako daude gurean oraingoan, pobreziak eta instituzioen utzikeriak eraginda lau lagunek bizia galdu dute, familia oso bat hil da. Bilboko Zorrotza auzoan, bizitzeko berme gutxienekoak betetzen ez zituen etxe batean gertatutako suteak eragin ditu heriotzok; istripua izanik ere, ekidin zitekeen ondorioa izan zuen suteak.

Hildakoak ijito familia bateko kideak zirela ezagutzen hasi zen unean bertan, hasierako une lazgarriek horren mingarriak izateari utzi zioten hainbatentzako. Ez zen familia soila, pobreak izateaz gain, ijitoak ziren. Eta mina arinagoa izaten laguntzen duten bi kontzeptu dira horiek. Izan ere, arrazismotik harago, gure gizartean txiro izatea kriminalizaziotik hurbil egotera pasa da. Ezin ahaztu gizarte laguntza ekonomikoen inguruan egun batean bai eta hurrengoan ere bai sortzen diren eztabaida errekurrenteak: laguntza jasotzen dutenen aurkako egunkari titularrak etengabekoak dira, eta gaur egun laguntza horietara jotzeko baldintzak oso zorrotzak badira ere, lupa erraldoi baten pean jartzen dira pertsona horiek.

Diru sarrerak bermatzeko errenta dela-eta, iruzur izugarria dagoela ateratzen da etengabe hainbat egunkaritan. Berdin dio horren inguruko detaileak zeintzuk diren jakiteak, benetako iruzurra dagoen edo ez ziurtatzeak edo benetan administrazioaren funtzionamendu okerragatik ematen diren egoerok, goazen titular potolo bat publikatzera. Berdin dio, era berean, egunkari berean baina bestelako sekzio batean, egun berean bertan, futbol jokalari famatuek Ogasun Publikoari (hori ere denen dirua da, ezta?) egindako milioika eurotako iruzurra dela-eta, litekeena kartzela zigorrik ez dutela jasoko esateak. Baliteke horiek ere etorkinak izatea, baina kasu horretan ez dira pobreak. Azken finean, ordaindu beharreko zergak ordaindu ez badituzte, tira, ez zekitelako izango da, futbolariek ez dute-eta zertan ekonomian aditu izan. Hara!

Etxe duinen alde lanean

Urteak dira Beste Bi bezalako elkarteak lanean ari direla etxe duinak aldarrikatzen. Kalean bizi diren herritar anonimoen bozgorailu dira, gehienen izen-abizenak erabat ezezagunak zaizkigun herritarrak. Kale gorrian hiltzen direnen bozgorailu ia bakarrak dira. Izan ere, pertsona horiek eskubide guztien jabe dira teorian, baina, praktikan, “ligatik” erabat at daude. Ez dira “bigarren mailako” pertsonak ere izatera iristen, maila askoz ere beheragoren batean kokatzen dira.

Etxerik ez duten pertsonak, “etxe” deitu ezin daitekeen tokietan bizi diren pertsonak, edota, zerbitzu publikoen murrizketaren ondoren, behar den osasun-laguntza jaso ezin dutenak ere hor daude. Haien bizi kalitate maila asko okertu da eta, hori gutxi ez, eta askotan behar duten osasun arreta jasotzeko aukerarik ere ez dute.

Erresuma Batuan hurrengo astean izango dira hauteskundeak eta gaia agendaren erdi-erdian dago. Gizartearengan piztu den eztabaidetako bat, izan ere, horixe da: hautagai baten edo bestearen inguruko kanpaina egin beharrean, hainbat urtetan harrotu dituen osasun zerbitzua kolokan dela salatzen dute. Zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurkako mugimendua asko handitu da azken garaiotan, pribatizazioak pertsonengan izango dituen ondorio lazgarri guztiak azaleratuz. Instituzioen gabezia hor dagoela argi izanik ere, gizarte moduan arazoaren inguruan dugun pertzepzioa ere aldatu beharra dago, lehenbailehen. Gai honen inguruan dagoen lasaikeria orokorra gainditu beharra dago. •