Pello Otxandiano

Mugarri berri bat

EH Bilduren eratze prozesua azken txanpan sartua da dagoeneko. Gauzak ondo bidean ekainaren 17an mugarri berri bat ezarriko du ezkerreko subiranismoak. Ez nolanahikoa gainera, bide baten hasiera baino markatuko ez duen arren aurrera egiteko ibilgailu berri batez hornituko baitu ezkerreko subiranismoa: egitura bateratu bat eta erabakiak hartzeko mekanismo demokratikoak; eta EH Bildu berri honen eraikuntza gidatzeko ardura hartuko duen zuzendaritza bat, orain arteko lau alderdien zuzendaritza kolegiatuaren ordez. Jauzi bat bere balioa aitortu behar zaiona, etorkizun hurbilak sorrarazten dituen kezkek –urgentzia askotariko eta potoloak baititu EH Bilduk datozen hilabete eta urteei begira– ilundu ezin dezaketena.

Baldintza berriak izango dira, beraz, ekainaren 17tik aurrera. Alderdikide ez diren herritarrei EH Bildun lekua egitearen garrantzia asko goraipatu da eratze prozesuan zehar. Zalantzarik gabe, funtsezko kontua da. Horrekin batera, eraginkortasunari jarriko nioke nik azpimarra. Komunikazio ildo integral eta profesionala edota hauteskunde makineria doitu bat ezinbesteko ditu EH Bilduk, eta koalizio ereduak oztopo estrukturalak ezartzen ditu lan hauei, eta beste batzuei, eraginkorki heltzeko.

Baina batez ere, ekainaren 17tik aurrera, EH Bilduk bere posizionamendu politikoa birpentsatu beharko du. Nola egin zentraltasuna irabazteko? Nola disputatu hegemonia EAJri? Non dago euskal jendartea? Nola bizi da? Nola bizi du garai hau? Zer aurreikuspen ditu? Non ikusten du EH Bildu? Nola egin eraldaketa egitasmoa ukigarri, erakargarri, sinesgarri? Nola proiektatu Bilbo metropolitarrean? Identitate politiko berri bat eraiki behar du EH Bilduk nire ustez, kategoria politiko berriez hornitu, bere burua birpentsatu, galdera hauei eta beste batzuei erantzun egokiak aurkituz. Ez da aski gehiago egitearekin, ekainaren 17ko mugarriak abiapuntu berri bat jarri beharko luke.

Zentraltasunean bilatu behar du bere burua EH Bilduk. Gizarte justizia, demokrazia, burujabetza, parekidetasuna, elkartasuna edota euskaltasuna euskal jendartean erdigunean dauden balioak dira diskurtso politiko egokian dekodifikatuz gero. Balio horien gainean eraikitako herri egitasmoak hegemonikoa izateko aukera guztiak ditu, are gehiago EAJk euskal subiranismoaren proiektuari uko egin dion garaiotan. Asmatu egin behar!

Halaber, bere instituziogintza eredua ondo funtsatu beharko du; nire ustez, udalgintza oinarri hartuz eta dimentsio eraldatzaile sakona emanaz. Bide oparoa egin lezake datozen urteetan politika publiko eraldatzaileak garatuz, egitasmo komunitarioekin sinergiak bilatuz, eta udalgintza eredu hori Euskal Herrian barrena hedatuz. Ez diot, inolaz ere, orain arte egin ez duenik; baina honetan ere, jauzi bat emateko tenorean aurki daiteke udalgintza herrigilea bere instituziogintzaren ikur bihurtuz horretarako behar besteko baliabideak antolatuz gero.

Eusko Alkartasunaren barne kalapitak kendu dio dirdira EH Bilduren eratze prozesu honi. Zer egingo diogu ba! Espazio politikoak birrordenatzen ari diren garaiotan normalak ere badira era honetako iskanbilak. Besterik da arduragabekeriaz jokatzea edota behar den maila politikoan ez egotea. Azken hori kezkagarriagoa da, aniztasunaren kudeaketa egoki baten lehen-lehenengo baldintza proiektu komunaren interesak norbere interesen gainetik jartzea baita. Edozein kasutan, beraiena da erabakia.

Koalizioa “bai/ez” eztabaida baldintzatuaren zaratak eredu organizatiboaren azterketa zorrotzagoak estali dituelakoan nago. Nire ustez proposatu den eredu organizatiboa berritzailea ere bada, ordezkaritza egituren krisiaren garaiari ematen zaion erantzun original bat: alderdien eta parte hartze zuzeneko espazioen arteko kooperazio formula bat. Esperimentu bat. Denborak esango du zer ematen duen, baina ezkerreko subiranismoak aurrez aurre dituen erronkei heltzeko aukera berriak irekiko ditu ezbairik gabe. Hala bedi! •