Norberetik apartatu eta bestearena ulertzen saiatu
«Gu, besteak bezala, kultura baten ondorio gara. Ez gara neutralak. Parean dudan pertsona hori nire desberdina da eta ni bere desberdina naiz, biak gara desberdinak bata bestearen begietara. Ni ez naiz ardatz nagusia eta bera ardatz horrekiko desberdina». Kulturarteko gaitasunean trebatzeko lehen pausoa izan daiteke.
Generoa eraikuntza sozial eta kulturala da, kultura batetik bestera desberdina eta denboran barna ere aldatu egiten dena. Generoaren gaiari modu egokian heltzeko –jarrera etnozentrikoetatik urrun– primerako erreminta da kulturarteko konpetentzia».
Horrela mintzatu da Maya Amrane (Aljer, 1972) EHUren udako ikastaroetan, generoaz, immigrazioaz eta kultur aniztasunaz ari zela. Amrane aditua da kudeaketa sozialean eta aniztasunaren kudeaketan. Curriculum oparoa dauka eta Munduko Emakumeak taldeko kidea ere bada.
Kulturarteko gaitasuna. Horixe Amranek mahai gainean jarri duena. Baina, zer da eta nola lantzen da? «Kulturartekotasuna eta multikulturaltasuna desberdinak dira. Aniztasuna kudeatzeko bi eredu dira. Multikulturaltasunak komunitateak eta haien eskubideak aitortzen ditu, baina ez du bereziki bultzatzen kulturen arteko interakzioa eta hartu-emana. Eredu honek urte asko darama martxan, esaterako, Kanadan eta Erresuma Batuan. Kulturartekotasunak, aldiz, komunitate kultural desberdinen arteko harremanak erdigunean jartzen ditu. Gaur egun sortzen eta garatzen ari den eredua da eta euskal erakundeak hori ari dira bultzatzen», agertu du Amranek. Horretarako, kulturartekotasuna modu osasuntsuan eta eraginkorrean bultzatzeko, beharrezkoa da etnozentrismotik urruntzea eta kulturarteko konpetentzian trebatzea.
«Lehendabiziko urratsa kontzientzia hartzea da. Gu, besteak bezala, kultura baten ondorio gara. Ez gara neutralak. Parean dudan pertsona hori nire desberdina da eta ni bere desberdina naiz, biak gara desberdinak bata bestearen begietara. Ni ez naiz ardatz nagusia eta bera ardatz horrekiko desberdina. Garrantzitsua da horren kontzientzia hartzea, gu ere kultura baten ondorio garela ulertzea, ez garela neutralak edo aseptikoak. Gu ere kultura baten inguruan eraikiak izan gara eta horrek eragina dauka besteekin daukagun harremantzeko moduan. Hori garbi izan behar da».
Kulturarteko gaitasun horretan trebatzeko, noski, ezagutza da ardatzetako bat. Bestearen kultura ezagutzea eta baita norberarena ere. Maiz norberaren kulturako alderdi asko jakintzat ematen dira, baina nondik datozen galdetu gabe, sustraiak ezagutu gabe. «Ohiturak, komunikatzeko moduak, arauak, hizkuntzak, balioak... norberaren kulturaren aurrean zentzu kritikoa lantzeko beharrezkoa da ezagutza bat izatea. Eta zentzu kritiko hori garatzeak lagunduko digu gure mundu ikuskera ulertzen eta baita beste kultura batetik datorren horrena ere. Kritikotasunak dakartza hausnarketa, zalantzan jartzea, erlatibizatzea...».
Ezagutzeko, baina, gogoa behar da, jarrera irekia eta jakin- mina. «Beste kultura batzuk ezagutzeko bide horretan gustatzen ez zaizkigun gauzak topatuko ditugu, deseroso sentiarazten digutenak, amorratu egiten gaituztenak... oso garrantzitsua da egoera horietan emozioak kudeatzen jakitea, gainontzean frustrazio handia senti daiteke. Hezkuntzako profesional askok aipatzen didate, adibidez, askotan haserrea sentitzen dutela zenbait kulturetan neskatoak eta mutikoak desberdin tratatzen dituztelako. Adibidez, mutikoei baimena ematen diete eskolako irteerak egiteko, eta, familia bereko neskatoei, ez. Haserrea eta ezin ulertua sortzen duten egoerak dira, baina norberak bere kulturatik begiratu eta interpretatu beharrean, distantzia hartu eta beste pertsona horien erreferentzia markoak hartu behar ditu kontuan. Horrela baino ez du lortuko egoera ulertzea. Azken helburua, baina, ez da egoera hori ulertzea, errealitate horretatik abiatzea baino. Hori da dagoena, hori da errealitatea, lan egin dezagun hortik abiatuta», zehaztu du Maya Amranek.
Izan ere, kulturarteko gaitasuna lantzeak emozioen lanketa garrantzitsua dakar. «Enpatia, amore emate txikiak... oso garrantzitsuak dira. Jakitun izan behar dugu amore ematen dugula ez erabat errenditu egiten garelako, une horretan harremana errazteko baizik. Norbere buruarekin negoziatzeko gaitasuna landu behar da, emozionalki kontrolatu eta zubiak eraikitzeko».
Ezagutza, jarrera irekia, kontzientzia eta emozioen kudeaketa. Horiek dira, Amraneren ustez, kulturarteko konpetentzian trebatzeko lau ardatzak. «Gaitasun horiek lagundu gaitzakete beste kultura batzuetan dauden genero harremanak hobeto ulertzen».
Gai oso sentibera
Generoaren gaia, Maya Amranek nabarmendu duenez, oso gai sentibera da, emakumeen giza eskubideez ari garelako. «Genero ikuskerak lagundu digu gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak identifikatzen. Desberdintasun horiek, gainera, eraikiak izan dira sozialki eta kulturalki, ez daukate oinarri natural edo biologikorik. Une batean eta kultura bakoitzean, gizonezkoek paper bat eta emakumezkoek beste bat izango dutela erabaki da; gizonezkoek ezaugarri batzuk eta emakumezkoek, beste batzuk. Hori guztia parekidetasun eza justifikatzeko, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanen horietan ez dagoelako ez emantzipaziorik ez autonomiarik, mendekotasuna baizik».
Hortik abiatuta, Amraneri ulertzekoa iruditzen zaio zenbait feministak kulturartekotasuna erreparoz begiratzea. «Hainbeste urtetan parekidetasunaren aldeko borrokan aritu eta gero, orain genero ikuskera anitza dago inguruan, toki desberdinetatik etorritako gizon eta emakumeak daudelako. Ez da erraza lortu dugun horretatik atera eta daukaguna aztertzeko ariketa egitea. Askok atzerapausoak ematen ari direla sentitzen dute. Gai zaila da, baina beharrezkoa da kulturarteko konpetentzian trebatu eta ikuspuntu irekiago horretatik begiratzea daukagun errealitateari».
Non nago ni? Zein da nire ikuskera genero gaien inguruan? Non dago beste pertsona hori? Zein da bere ikuskera genero gaietan? «Beharrezkoa da kontraste ariketa hori egitea. Horrek lagunduko digu posizio etnozentrikoetatik atera eta toki neutralago batetik begiratzen inguratzen gaituen errealitateari».
Hortik aurrera, oso presente izan behar dugu genero harremanak eraikuntza soziala eta kulturala direla, kultura batetik bestera aldatzen direnak. Eta garrantzitsua da «denboran zehar» aldatzen direla ere ez ahaztea. «Gure aitona-amonen genero ikuskera eta gurea ez dira berdinak. Baina aitona-amonekin gai gara kontzientzia ariketa hori egiteko, gu non gauden eta haiek non dauden hausnartzeko. Oso ariketa garrantzitsua da. Kolektibo immigranteen genero harremanak ezin dira aztertu norberaren prismatik bakarrik».
Batzuen eta besteen abiapuntua, gainera, ez da berdina eta garrantzitsua da hori kontuan izatea. «Gehiengoaren kulturan edo gutxiengoarenean egotea desberdina da. Hori ere ez genuke ahaztu behar. Non nago ni eta non dago bera? Gure buruari galdera hori egin behar diogu derrigorrez», nabarmendu du.
Maya Amranek bere eguneroko lanean kultur aniztasunarekin harreman zuzena duten profesionalekin lan asko egiten du, langile horien formakuntzan bereziki. «Nire egunerokoan oso garbi ikusten dut kulturarteko gaitasuna lantzeko oso garrantzitsua dela lan mundutik kanpoko kontaktua izatea beste kulturetako jendearekin. Espazio pribatuan kultur aniztasuna gertutik ezagutzea oso interesgarria da».
Kolektibismoa
Horrez gain, hainbat kulturako genero harremanak ulertu ahal izateko ezinbestekoa da zenbait faktore kontuan izatea. «Adibidez, kolektibismoak pisu handia dauka. Kultura kolektibistetan, aldaketak askoz ere mantsoago ematen dira. Izan ere, kolektibismoaren ondorioz, pertsona diluituago egoten da komunitatearen barruan. ‘Lehenengo nire komunitatea eta gero ni’, izaten da pentsaera. Hartara, erabaki bat hartu behar duenean pertsona horrek lehenbizi horrek komunitatean nola eragingo duen hausnartzen du, bere komunitatean eta bere familian izango duen eraginaz kezkatzen da, bere bizitza propioan izango duen eraginaz baino lehenago. ‘Zer esango dute komunitatekoek eta familiakoek nire erabakiaren inguruan?’», azaldu du Amranek. Pisu hori, esaterako, oso garbi ikusten omen da komunitate magrebtarretan. «Komunitate oso koletibistak dira, jende guztiak jende guztiaren bizitzaz iritzia ematen du eta kontrol sozial garrantzitsua dago komunitatearen baitan. Hartara, genero harremanetan aldaketak askoz mantsoagoak izaten dira».
Gerontokraziak, komunitateko adin nagusiko pertsonen garrantziak, bere pisua dauka era berean. «Askotan ikusten da immigranteen seme-alabek, eskoletan eta unibertsitatetan dabiltzanek, bere lagunen genero ikuskera eta harremantzeko modua izan nahiko lituzketela. Baina beren gurasoek eta aitona-amonek kasu askotan zalantzan jartzen dituzte gizon-emakumeak harremantzeko modu horiek, ez dituzte begi onez ikusten. Eta horrek pisu handia dauka, gurasoek edota aitona-amonek diotena sakratua delako». Gerontokraziak indarra duen komunitateetan aldaketak nekezagoak izaten dira. Erlijiositateak, norberak erlijio bizitzeko duen moduak, dezente oztopa dezake genero harremanak bizitzeko modua eta horien garapena.
«Ezinbestean ulertu beharra dago zenbait kultura zehatzetan nola bizi duten gizontasuna eta feminitatea. Askotan pentsatzen da beste kulturetatik datozen gizonezkoak askoz matxistagoak direla, eta, kito, irakurketa horretan geratzen gara. Garrantzitsua da existitzen diren ertz edo mutur guztiak ikustea eta kultura bakoitzak maskulinitatea nola bizi duen ulertzen saiatzea. Azken helburua ez da inoiz ulertu eta besterik gabe onartzea, lanean nondik hasi behar dugun garbiago ikustea baizik», nabarmendu du adituak.
Maskulinotasuna
Izan ere, zenbait kulturatan maskulinotasuna emakumeekin harremantzeko moduarekin lotuta dago zuzenean. «Alegia, era bateko edo besteko gizonezkoa zara emakumeekin harremantzen zaren moduaren arabera. Garrantzitsua da erabakiak gizonezkoak hartzen dituela garbi geratzea. Maiz gertatzen da gizonezkoek etxeko giroan, giro intimoagoan, aldaketak onartzea eta bizitzea beren bikote harremanean. Baina kanpotik ez daitezela ikusi aldaketa horiek. Zergatik? Bere komunitatearen baitan bere maskulinotasuna zalantzan jar ez dezaten. Bestela gizon bezala daukan ohorea eta izen ona galduko ditu», agertu du.
Maya Amranen hitzetan, kulturarteko konpetentzian trebatzeko orduan badira arrakasta dakarten klabe garrantzitsuak: «jarrera irekia izatea, ikasketa prozesu bat dela ulertzea, denbora eta pazientzia hartzea, zirkularra dela barneratzea –batzuetan pausoa aurrera eta besteetan, ez–, entrenamendua behar duela onartzea, inguru profesionaletik haragokoa izan behar duela ikustea eta pertsonaren baitan aldaketak ekarriko dituela barneratzea» izan daitezke gako horietako batzuk.
Mesfidantzaz
Euskal Herriak, orokorrean, nola hartzen ditu kultura desberdinak? Galdera oso orokorra da eta erantzunak zehaztasun asko eskatzen ditu, baina Maya Amranek gogoeta interesgarriak utzi zituen mahaiaren gainean. «Herritarren artean denetarik dago, eta, zonaldearen eta adinaren arabera, panorama aldatu egiten da. Orokorrean, baina, herritar askok pentsatzen dute kanpotik datorrenak integratu egin behar duela, berea utzi eta bertakoa hartu».
Amranek lan asko egiten du eragile feministekin eta ingurune horretan joera desberdinak igarri ditu. «Denetarik dago, baina bi jarrera desberdin nabarmentzen dira. Badira oso jarrera irekia dutenak, beste kultura eta errealitateetatik datozen emakumeen parean jarri eta errealitate horretatik abiatuta lanerako prest daudenak. Eta badira, era berean, errealitate berri horiek beldurrez eta mesfidantzaz ikusten dituztenak. Hainbeste urtetan egindako borroka eta izandako lorpenak arriskuan ikusten dituzte, kultur aniztasun hori mehatxu modura ikusten dute, atzerapauso gisa. Errealitate horiek ezagutu eta ulertu beharko ditugu, bigarren urrats batean nola landu eta aldatu pentsatzen hasteko».
Feminismoak aurpegi asko ditu eta horretan ere desberdintasunak daude. «Badaude beste feminismo mota batzuk onartzeko prest daudenak eta badaude horien kontra daudenak. Esaterako, feminismo islamikoarena adibide garbia da. Feminismotik dauka gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna duela helburu. Islamikotik, berriz, islamean duela abiapuntua. Esaten dutenez, islama manipulatua eta gaizki interpretatua izan da menderatze bat justifikatzeko; gizonek emakumeak menderatzea. Hartara, interpretazio horri buelta eman behar zaiola esaten dute, gizonen nagusitasun hori legitimatzen duten argumentuak desmuntatu eta hankaz gora jarri behar direla. Mundu mailako mugimendua da eta herrialde askotan ari dira lanean Koranaren irakurketa berria bultzatzeko, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna bultzatuko duena. Mendebaldeko feminista batzuen begietara, baina, arriskutsua da erlijioari feminismoan sartzen uztea».
Bada beste kultura batzuetako pertsonen etorrera mesfidantzaz begiratzen duen beste sektore bat: euskal kulturaren eta euskararen alde lanean dabilena. «Euskararen alde lanean ari diren zenbaitzuek beldurrez ikusten dute kultura berrien etorrera. Urte asko daramatzate kultura hegemoniko baten kontra borrokan, eta, orain, haien begietara, kultura ugari dituzte parean eta beldur dira euskararengan zein eragin izango duen horrek. Nik esango nieke lasai egoteko, pertsona heldu horiek haurrak ekartzen dituzte eta D ereduan eskolatzen dituzte. Etorkizunean euskararen defendatzaile izango dira haur horiek, egon seguru», bukatu du Maya Amranek.