Iratxe Urizar

Laurogeita hamabi

Nazio Batuetako Torturaren Aurkako Batzordeak Espainiako Erresuma aztertuko du datorren azaroan, gai horren inguruan eman dituen aurrerapausoak baloratzeko. Alegia, torturarekin bukatzeko, erantzuleak zigortzeko eta torturaren biktimei kalte-ordainak onartzeko eman dituen pausoak ikertzeko, ulertzen denez. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek bidali dituzte euren txostenak dagoeneko, Genevan egingo den VII. azterketa horretarako. Euskal herritarren aurkako jazarpen eta inkomunikazioaren pean atxilotuta egon direnen tortura testigantzak eta salaketak aurreko saioen protagonista izan dira. Aurkeztutako txostenak orain arte Rights International eta Amnesty International nazioarteko elkarteek prestatu dituzte, eta aurretik eskatutako hainbat exijentzia errepikatu egiten dira berriro: “tortura” terminoaren zehaztapen eza, atxiloketa inkomunikatua behin betiko bertan behera uzteko eskaera edota egun gurean egunerokotasun bizia duten beste hainbat gai.

Alde batetik, terrorismo delituaren hedakuntza mugarik gabekoa gogor salatzen da. Ia edozer gauza ekintza terroristatzat jo daitekeela kritikatzen da, hori asko mugatzen ari baita adierazpen askatasuna bezalako eskubide bat, besteak beste. Gogorki salatzen da, era berean, torturatzen ez dela kontrolatuko duen erakunde independenterik ez egotea. Gainera, aipatutako nazioarteko antolakunde horiek gogor kritikatzen dute torturaren biktimek pairatzen duten aitortza eza eta indemnizaziorik ez egotea.

Nire buruari galdera bat egiten diot: Estrasburgoko epai zigortzaileez harago (bertan Estatu espainiarrak ordaindu beharreko kalte-ordainak zehazten dira eta hala egin behar izan du, derrigor), badago beste hamaika txosten eta epai non argi ikusten den goi mailako auzitegi horietara eramandako kasuez gainera (eta ez dira gutxi) torturaren praktika oso zabaldua egon dela. Horren zabaldua, non praktika orokortua dela baiezta dezakegun.

Hau da, espainola tortura debekatuta duen Estatua izanik eta nazioartean hartutako konpromisoei jarraiki biktimak aitortu eta konpentsatu behar baditu… nola da posible beste aldera begiratzea Giza Eskubideen Komiteak (Maria Atxabal kasua) edota Torturaren Kontrako Batzordeak (Urra, Blanco, Gallastegi) kaleratutako epaien aurrean? Are gehiago, zer esan Gasteizko Gobernuak eta Pako Etxebarriak zuzendutako lantaldeak batu dituzten milaka kasuei buruz? Beste edozein estatu bere lotsak nola ezkutatu jakin ezinean ibiliko litzateke horren aurrean. Hemen, berriz, ezer gertatuko ez balitz bezala egin eta ez da ezertxo ere gertatzen. Inguruan ez da halakorik. Beste munduko toki askotan bai, noski, ez noa kontrakoa esatera. Izan ere, espainiarrak hara joaten dira maiz lezioak ematera.

Lezioez hitz egiten hasita, ezin ahaztu giza eskubideen arloan lezio gehien eman izan dituen espainiarra Baltasar Garzon epaile ohia izan dela azken urteotan. Bada, torturaren lehen lerroko lekukoa izan da, inkomunikaziotik ateratako hainbat herritarrek ikusi duten lehenengo aurpegia berea izan da urteetan. Herritar horien ongizatearen erantzule zuzena zen beraien atxiloketak agindu zituen epaile hori. Eta, hara, berak inoiz ez zuela torturaturik ikusi baieztatzen du lasai ederrean, nahiz eta Estrasburgoko Auzitegiaren lehenengo tortura epaia espainiar Estatuaren aurka bere aurretik pasa ziren herritar katalan batzuen tortura salaketa izan. Bartzelonan atxilotu zituzten, Olinpiar Jokoen testuinguruan. Egunotan bertan ari dira 1992. urteko Olinpiar Joko horien urteurrena ospatzen. Espainiarrak ospakizunetan dauden beste askotan bezala, oraingoan ere guk ez dugu ospatzeko ezer. •