Amagoia Mujika Telleria

Lurretik, itsasotik eta airetik

Autobusa erabili zuten lehendabizi, «neskek alua eta mutilek zakila» dutela esateko eta kontrakoa diotenek jendartea engainatu nahi dutela salatzeko. Hazte Oir izena du elkarteak eta beren burua saltzeko duten moduak negargura edo barregura ematen du, daukazun egunaren arabera. Erreparorik gabe aipatzen dituzte askatasuna, gizarte aktiboa, duintasuna, giza eskubideak...

Gorroto ditut gauza bat eta kontrakoa defendatzen dutenek berdin erabil ditzaketen hitzak. Adibidez, askatasuna. Nik ez dut nahi, ezta urrundik ere, Hazte Oir elkartekoek saltzen duten askatasunik. Haien mundu ikuskera itxian, ñimiñoan, zahar usainekoan, ilunean, karratuan, estuan... zer-nolako askatasuna kabitzen da? Horregatik ez dut nahi. Bestelakoa amesten dut, pertsonari begietara begiratu eta zoriontasuna besterik opa ez dion askatasun mota hori nahi dut nire inguruan.

Orain airez dator erasoa. Uda partean hegazkin txiki batekin ibiliko omen dira, «mezu harrigarri» bat zabalduz. Hondartzan nagoela ez dut burua goratuko burrunba sumatzen dudanean. Badaezpada. Ondo pasatzera joan eta eguna ozpinduko didate bestela. Zeinek eta transfoboek. Ezta pentsatu ere (ea tentazioari eusten diodan...).

Aurrekoan lagun batek esan zidan Hazte Oir elkarteko kideei gauza bakarra opa diela: etxean eta beren azalean sufri ditzatela transexualitate egoera batek dakartzan kezkak, zalantzak, galderak eta sufrimendua. Egia esan, akaso horrek lagunduko lieke beren ikuskera zabaltzen eta beste inoren bizitzan alferrikako sufrimendurik ez eragiten. Baina, tamalez, segur aski ez litzateke horrelakorik gertatuko. Segur aski ustez maite duten hori beren mundu ñimiño, itxi, zahar usaineko, ilun, karratu eta estu horretan sarraraziko lukete, sufrimenduetan latzena eraginez; etxekoek eta ustez maite eta babesten zaituzten horiek sortutakoa. Ez diot inori opa horrelakorik, ezta Hazte Oir elkarteko kideen seme-alabei ere.

Segi dezatela berean. Guk ere jarraituko dugu, lurretik, itsasotik eta airetik norbera den bezalakoa zoriontsu izateko bide zabal-zabalak eraikitzen. •