Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Pintoreskismoa da bide bakarra

Argeles-Gazost herritik abiatu naiz bizikletaz, hegoaldera, eta lau kilometroren ondoren mendiarekin topo egin dut. XVIII. mendera arte, praktikan, Frantzia hemen bukatzen zen. Zer zegoen hemendik hegoaldera, Espainiako muga arte falta diren 50 kilometroetan?

Hasteko, Luzeko zintzur sakona. Oinez pasa zitekeen, bidezidor estu eta beldurgarri batetik, baina gurdiz ezinezkoa zen. Beste aldean Baregesko harana zegoen, orain Pays Toy deitzen dutena, zintzur honetatik Gavarnieko zirkuraino zabaltzen dena –Pirinioetako harresi ikaragarrieneraino, alegia–. Hain isolatuta, toyek, Baregesko hiru edo lau mila biztanleek, artzainen errepublika independente bat osatu zuten: ez zieten zergarik ordaintzen Erdi Aroko kondeei ezta Frantziako errege-erreginei ere, ez zuten soldaduskarik egiten, gobernu eta lege propioak zeuzkaten, Broto eta Bielsa haran aragoiarrekin komertzio librea egiten zuten eta itunak sinatzen zituzten mendietako bazkalekuak banatzeko. Frantziako errege-erreginen mandatarien ustez, Baregeskoak menditar basatiak, harroak eta independenteak ziren: hobe zen gehiegi ez hurbiltzea, zergarik ez kobratzea, legerik ez inposatzea. Bakean utzi zituzten. Hainbat mendez, toyek behiak zaindu, gazta eta gurina egin, lau barazki landatu, Aragoitik garia, olioa, gatza eta ardoa ekarri eta elizaren hamarrena eskatzera ausartzen zen apaiz berriari eskopetarekin apuntatu beste lanik ez zuten izaten. «Un toy noun cragn qué Diou, et péricle e erà lid»: Jainkoaren, trumoiaren eta elur-jausien beldur da toy bat, ez beste ezerena.

Gaur egun bezala, gutxi gorabehera. Luzeko haizpitartetik doan errepidera 11 tonako harkaitz bat erori zen 2017ko urtarrilean, eta auto bat harrapatu zuen azpian. Gidaria bizirik atera zen oso zentimetro gutxigatik. Luizi gehiago gertatu ziren, errepidea zortzi astez moztu behar izan zuten eta trenbide zaharraren tunela moldatu zuten autoek Argelestik Luzera pasa zitezen.

Zirraragarria da haizpitartetik bizikletaz pasatzea, albiste horiek irakurri ondoren batez ere. Nire burutik 4 metrora, sare metaliko batek menditik jausitako harriak eusten ditu. Oraingo errepidea XIX. mendekoa da; luiziak, betikoak.

Estatu frantsesa pixkanaka hasi zen azken txoko hau bereganatzen: suprefetak, intendenteak, zerga-biltzaileak, aduanazainak, jendarmeak. Eta eskualdeko bideen segurtasunaz ere kezkatu zen: baina ez artzainak arroiletan amiltzen zirelako. Luis XIV.aren ministro bat Baregesko iturri termaletara joan zen 1680an, hautsitako hanka sendatzera, eta oso gustura gelditu zen. Versaillesko jauregira itzuli zenean, kreditu bat eman zuen Baregesen bainuetxe bat eta ospitale militar bat eraikitzeko. Aristokratak terma urrun haietara joaten hasi zirenean, bide arriskutsuekin izutu eta protestak idatzi zituzten. Orduan bai: 1735ean pista bat eta harrizko zubiak eraiki zituzten zintzurrean. Eta 1744an lehenengo zalgurdia iritsi zen Luzera.

Hegoaldeko irteeran ere istripu mordoa gertatzen zen. Brotoko aragoiarrek eta Gavarnieko toyek arrastoa zabaltzen zuten elurretan, Boucharoko lepoan (2.270 metro) elkartu arte. Handik igarotzen ziren artzainak artaldeekin eta merkatariak mandoekin, hantxe hiltzen ziren asko eta asko, ekaitzetan galduta, malkarretan amilduta, elur-jausiek zapalduta.

Eta Estatuak bideak hobetzea erabaki zuen... Napoleon III. enperadorearen behatzak seinalatutako tokietan. Eugenia enperatriza Saint-Sauveurreko termetara joaten zen 1860 inguruan, beste zenbait aristokratarekin batera, eta handik Gavarnieko zirkura txangoak egiten zituzten gurdiz. Baina bidea malkartsua zen, amildegien ertzetatik, eta Napoleon III.ak harrizko zubi bikain bat eraikitzea agindu zuen: «70 metroko amildegi baten gainean, zubia oso pintoreskoa izango da».

Urte batzuk geroago, Gavarnieko herri kontseiluak Gobernuari karta bat idatzi zion, azken 27 urtetan Boucharoko lepoan 40 hildako izan zirela eta aterpetxe bat behar zela esateko: bidaiariak babesteko... eta mendian hildakoen gorpuak gordetzeko. Ez zuten inoiz eraiki, eta harritzekoa da: gorputegi bat mendi puntan, hori bai izango zela pintoreskoa. •

www.anderiza.com