Gaizka Amondarain
Irakaslea

«Baino hoberik ez da»

Nire ikasle izandako bik AEBetako eskola batean pasatuko dute datorren ikasturtea Amancio Ortegak Inditex eta Zara enpresen jabeak emandako beka bati esker. Ez da harritzekoa, beraz, etorkizunean nor izan nahiko luketen galdetuz espainiar Estatuko gazteei berriki egindako inkesta batean, Amancio Ortega bera izatea rankingaren buruan dagoenetako bat. Joseba Gabilondok “Globalizazioak eta Erdi Aro berria” liburuan defendatzen duen tesia baieztatu baino ez dute egiten horrelakoek. Gaur eguneko egoera ulertzeko Erdi Aroa litzateke aurki genezakeen ispilurik fidagarriena.

Alde batetik dauzkagu mundu guztian maitatuak diren futbol izar mediatiko paradisu-fiskal-zaleak, edo esklaboen eskulan merkeari esker munduko aberatsenen klubean sartu diren gizon prestu ekintzaile eta eskuzabalak, edota gure planetaren norabidea gidatzen duen inperioko presidente izatera ailegatu diren enpresa-gizon aho beroak. Eta bestetik geratzen da giza saldoa, multitudea, Internetekin eta merkataritza gune erraldoiekin entretenitzen diren gainontzeko guak. Munduko aberastasunaren %50 bere esku duen munduko populazioaren %1 horretan sartzen ez garen guztiak. Globalizazioak aristokrazia berri bat sortu du eta elite horren parte bihurtzeko ametsak bizi gaitu. Denok daramagu Belen Esteban txiki bat gure barrenean, aitortu ez arren. Che Guevararen erretratuaren ondoan, hain justu. Desiragarri zaigu. Ezin dugu saihestu.

Sukaldaritzak –edo janaren kulturak– izandako gorakadarekin lotzen du Joseba Gabilondok bere saiakeran gaur eguneko erdiarokotasun hau. Gorputz neoliberalaren lehen imajina homosexual ezkondu eta jan-zale sofistikatuarena litzateke idazlearen arabera. Jana kultura forma bat bihurtu baita, eta sukaldari-chefa egungo kulturaren izar mediatiko berria. Urrutiegira joan gabe, nazioarteko egunkarietan 2001 baino lehen Euskal Herriari buruzko erreferentzia gehienak ETArekin lotutakoak ziren moduan, orain sukaldaritzari –eta sukaldaritzaren inguruan hedatzen den turismoari– buruzkoak dira gehiengoa. Oscar sariak eta Michelin izarrak parez pare ditugu plasmazko telebistetan.

Hari beretik tiraka, zera kontatzen digu Gabilondok bere liburuan: «William Deresiewiczek 2012an ‘New York Times’-en argitaratutako artikulu batean zioen, XX. mendean arteak erlijioari lekua kendu zion moduan, XXI. mendean janak ebatsi diola arteari bere lekua eta funtzioa [...] Janak arte moderno osoa ordezkatu du [...] Artea ez bezala, jana eguneroko kontsumo beharrezkoa dugulako. Pornografia izan zitekeen janaren antzeko kontsumo esperientzia bateratzaileenetako bat, baina ikus-entzunezko esperientzia hau ezin da zuzenean kontsumitu bideo barneko aktoreekin sexua edukita [...] Kontsumoaren formarik zuzena, eta ideologikoena, jana dugu. Neoliberalismoaren kontsumoaren adierazpiderik garaiena [...] Hain zuzen ere, beharraren eta desiraren artean kokatzen denez –jan behar dugu, baina jaten duguna ez dugu beharraren ondorioz jaten, baizik eta gure desirei jarraiki– janak sublimaziora garamatza, beharra aserik desira ere ase dugun uste faltsura [...] Sexuak ukatzen diguna bere azken mugaraino eraman dezakegu janarekin [...] Freuden (1891) eta Melanie Kleinen (1950) garaitik, ume batean fase oralak amarekiko itzulera adierazten duela onartu da. Fase hau litzateke aitaren legea –hots, gizartearen legea (kastrazioa)– baino lehenagoko garai batera itzultzea, non ez dagoen gabeziarik, baizik eta, amarekiko erlazio bete, primario eta aita gabea.

[...] Neoliberalismoak jana goraipatzean mundu primitibo eta natural baterako itzulera simulatzen du, horretarako afari baten truke mila euro ordaindu behar badituzu ere».

Nola esan beste modu batera inor gehiegi asaldatu gabe: beren gosea ase ezinik bizi diren pobre gizenduak gara. Eta eskerrak Amancio noizean behin gutaz gogoratzen den. •