SUARI KILIMAK EGITEN DIZKIONA SUHILTZAILEA DA
Suak kilimak sentitzen dituen edo ez sekula ez dugu jakingo, eta, sentitzen baditu, ezin asmatu gustatzen zaizkion edo ez. Sugartuta dagoen paperari leun putz eginez gero, doi-doi berpiztuko da, bere burua tolestuz aire finak kilimak eragingo balizkio bezala, guk gure gorputza tolesten dugun gisara, besape edo saihets inguruetan ukitzen gaituztenean. Ez dirudi horren polita paperaren tokian basoa jartzen bada, ez baitirudi enborrak barrez lehertzeagatik ari direnik tolesten, minaz iraulkatzen ari direlako baizik. Izan ere, sukaldeetan jana ematen digu suak, baina eman baino azkarrago kentzeko gai ere bada. Oldartzen denean, baratzak eta despentsak ahamen bakarrean kiskaltzeko boterea dauka. Ez du barkatzen. Horregatik, suaren aurka borrokatzeko asmoa duen emakume edo gizon orok, argazkiko suhiltzaile greziarrak bezala, ongi ezagutu behar du suak non dituen besapeak eta saihets inguruak, berak lehenago asmatu aurretik. Maddi TXINTXURRETA