ZALANTZARIK GABE, MUNDUKO JAIRIK ONENAK
Goian, Bilboko Aste Nagusia. Bizkaiko hiriburuko jairik onenak. Munduko onenak, alegia. Parranda eta olgeta nagusi, edozein herritako jaietan bezala, baina bereziak, herritarr(ago)ak, ikuskizun eta jarduera eskaintza itzelekoak, “asperdura” hitzari tarterik uzten ez diotenak… Ez nabil adar jotze soinuan, egiaz diot, eta halaxe iruditzen zaie, zalantzarik gabe, tiragoma txapelketan dabiltzan lagunei ere.
Behean, San Bartolome jaiak, Elgoibar. Fanfarreko kide helikoidunak bezala beste askok ere badaramate elastiko zuri-gorria soinean. Elgoibarren ez da Athleticeko zalerik faltako, ez horixe, baina elastikoan daukaten ezkutuari erreparatuta, Gipuzkoako udalerri horretakoa dela ikusiko dugu. Zuria eta gorria, Athleticenak berarenak bezala, Elgoibarren koloreak dira-eta. Ez da Aste Nagusia, sanbartolomeak baizik. Alde ederra, bai; hala ere, Elgoibarko horiek ere, zalantza izpirik gabe, munduko jairik onenak dira... Ezetz? Galde iezaiezue argazkiko gazteei! Xabier Izaga Gonzalez