Amagoia Mujika
IKUSMIRA

«BAKOITZAK BERE BARATZEA EGIN DEZAN»

Ikasturtea edota urtea hasteko orduan bada egiteko esanguratsu bat: agenda aukeratzea. Hortik aurrera, norberaren lana izaten da egunez egun agenda zikintzea; egitekoz, proiektuz, planez... Desiratuena izaten da norberak bere agendaren gainean agintzea, eta ez alderantziz. Baina borroka hori ez da beti lantegi erraza izaten.

Jakoba Errekondo paisajistak eta Antton Olariaga komikigileak agenda berezia josi dute elkarlanean: “Landareak lantzen” izenekoa. “Argia”-k argitaratu du eta aste honetan aurkeztu dute Donostiako Bretxa azokan, baserritarren postuen artean. Izan ere, agenda baratzera estu lotua dago. Landareak zaintzeko sasoi bakoitzean zer lan egin eta nola azaltzen du gida-liburuak. Euskal Herriko klima mapa eta urteko ilgora-ilbehera eta ilberri-ilzaharren zikloa ere jasotzen du.

Errekondok aurkezpenean esan zuenez, «bakoitzak bere baratzea egin dezan atera dugu gida-liburu hau. Agendak aholku batzuk ematen ditu, baina garrantzitsuena hutsuneak dira, bakoitzak bete beharrekoak, egiten dituen lanekin, dituen asmoekin, planoekin, marrazkiekin, aholkuekin... Denborarekin agenda hau bihurtuko da baratzezainaren liburu partikularra, ez da beste horrelakorik izango inguruan. Hori eginez ikasten da. Nire obsesioetako bat da: jendeak ez ditu gauzak apuntatzen. Ikasteko, hobetzeko eta aurrera egiteko bide bakarra hori da».

Liburua Antton Olariagaren ilustrazioekin jantzia dago. Bere hitzetan, «nik agenda hau zikindu egin dut eta zuen obligazioa da agenda hau zikintzea».

Norberak bere baratze propioa duenez, lurra lantzen ez dutenentzat ere balio du 2018rako agenda horrek; proiektuak, erronkak eta ametsak ere erein, tarteka ureztatu eta gertutik eta pazientziaz zaindu behar izaten direlako. amagoia.mujika@gaur8.info