Iñaki Soto

Espekulatu daiteke, baina guztiaren funtsa lana da

Kazetaritza onak patxada behar duela diote askok egun. Breaking news-ak jarraitzeko Internet dago, papera irakurtzeko da. Horretxegatik, papererako idatzitako artikuluek asmo analitiko-literario bat behar dute izan. Hitzek asmo sakonagoa eskatzen dute hemen, gertaerekiko eta pentsamenduarekiko ekidistantzian mugitu behar dira. Horrek arriskuak ditu: pasatuz gero, solemneegiak izateko arriskua dugu, are erridikuluak izateko arriskua ere. Ezin dugu Katalunian gertatuko dena asmatu, ez guk ez inork.

Espekulazioa kazetaritza onaren etsaia da, baita pentsamendu onarena ere. Politikan, ordea, agertokiak aurreikustea ezinbestekoa da; gertaerak aurreikustea, alegia, gero gertatu edo ez.

Gertaera

Artikulu hau idazten ari naizenean Bartzelonara bidean goaz, osteguna da. Argitaratzen denerako, larunbata, patxada zeharo iraungita egon daiteke. Urgentziak aginduko du, ziur asko. Orain ez dakizkigun gauza asko jakingo ditugu ordurako, agian. Oraingoz ezezagunaren Errepublikan bizi gara. Gertaera batek dena alda dezake, alde batera zein bestera, bai Katalunian eta baita Euskal Herrian ere.

Arnaldo Otegik “Argien aroa” liburuan gure garaian ezohiko gertaerek duten indarra aurreikusi zuen. Gertaerak hemen salbuespenaren neurrikoak izango dira.

Salbuespena

Salbuespen egoera batean bizi baikara eta hortik idazten dugu orain. Euskal herritarrak, ordea, aspaldi bizi gara egoera horretan. “Egin”-en sorreratik 40 urte bete direnean, gure historia garaikidea hortik idatzi dugula baieztatu daiteke. Espainian, salbuespenezko zerbait baldin badago, horixe demokrazia baita.

Gauzak horrela, kataluniarrek ez dirudite salbuespen hori norainokoa izan daitekeen kontziente. Edo hori pentsatu dugu egunotan euskaldun askok. Horrek badu beste buelta bat, ordea. Euskaldunok ez gara kontziente kataluniarrak noraino diren kapaz neurri horiek saihestu edo inhibitzeko. Asmatuko dute, edo ez, baina ez da pentsatu ez dutelako izango. Baita ondo pentsatu ere.

Pentsamendua

Egunotan argitaratu ditugun artikulu eta iritzietatik –eta asko eta oso onak izan dira–, espainiar Estatuari buruzko Ferran Requejoren honekin geratzen naiz: «Francamente, es de un nivel analítico e intelectual deplorable. No tanto por lo que piensan, sino sobre todo por desde dónde lo piensan, hay que mirar las plataformas intelectuales desde las que analizan lo que ocurre. Es un Gobierno tercermundista en términos mentales».

Amaierako tonuan Federico Krutwig gogoratu eta grazia egin dit. Esanahian, ordea, Joxe Azurmendiri entzundako antzeko hausnarketaz oroitu naiz. Ziur naiz Azurmendik espainiar agintariei buruz berdina pentsatzen duela, baina kasu horretan euskal pentsamenduaren arriskuez ari zen. Ondo pentsatzen ikasi behar dugu, zuzen pentsatzen, pentsamendu-zuzenaren oso desberdina dena, baita politikoki ez-zuzenaren desberdina ere. Ondo pentsatzea lana da.

Lana

Katalunian gaurtik aurrera zer gertatuko den ezin dugu esan, baina honaino heltzeko agintariek eta herritarrek egin duten lana azpimarratu behar da. Lan itzela.

Gure lantaldeak egunotan egindako lana erreibindikatzen amaitu nahi dut. Plataforma eta produktu desberdinetan, formatuekin esperimentatzen, hiru hizkuntzetan… Beste guztien baimenaz, Beñat Zalduaren lana aipatu nahi dut. Bere idazteko eta enfokatzeko gaitasuna erabat salbuespenezkoa da. Hau, ordea, talde lana da. Gure kasuan, gainera, komunitate baten lana. Komunitate horren laguntzarekin behin-behineko delegazio bat ireki dugu Bartzelonan. Hau ez da marketina, ezta coaching-a ere. Gure komunitate eta nazioaren konfigurazioan lanak jokatu duen garrantzia azpimarratu behar da. Gertaerez, salbuespenez eta pentsamenduaz harago, independentzia lana da. •