Juantxo EGAÑA

Donostiako inudeak, duela mende bat

Inudeak, eskuarki, leku eguzkitsuetan elkartzen ziren eta egoera ekonomiko oneko familia donostiarren haurrak zaintzen zituzten. Inudeen arropak ikusgarriak ziren: brodatuak zituzten soinekoak eta parpailadun amantalak. Irudian zenbait inude ageri dira, Donostiako Alderdi Eder parkean. Denbora igaro ahala, inudeak desagertzen joan eta jai-erreferentzia gisa baino ez ziren geratuko; horren adibide da inauterietako Inudeen eta Artzainen Konpartsa, 1885ean sortua eta gaur egun arte iraun duena. XX. mendeko 20ko hamarkadako Donostiaren argazki honen egilea Ricardo Martin da, bai hiria bai haren erreferentzia guneak, hondartzak, auzoak eta jaiak ondo ezagutzen zituen argazkilaria. Rikardo Martinentzat hiria agertokia zen. Dantza bat, istripu bat, bazkari bat pilotaleku batean edo Kontxako pasealekuan; guztiak ere, dekoratu naturalak.