EZAXOLATIK ULERTZERA ETA KONPROMISORA
Sakabanaketa, argitara. Bakartze iluna, urrunera daraman errepide beltza, bisita labur bezain goibela, umiliazio latzak, argitara. Gaixotasuna zigor erantsia emateko arma gisa, argitara. Hildakoak, eta hildako gehiago izateko arriskua, argitara. Biktima kategoria merezi ez duten hildakoek, deliturik gabe, errurik gabe, epaiketarik gabe arrisku horretara, umiliazio horietara, hainbat nahigabetara zigortutakoek, argia behar dute. Laiotzeko berri zuzena dakartenek, maitasunak duintasun eredu bilakatukoek, argi bat piztu dute Gasteizen egunotan. Elikatu beharra dagoen argia. Entzunez. Haien bizipenak entzunda argi sumatzen baita begiak zabal-zabal burua astintzea ez dela nahikoa. Nork ez du sakabanaketaren berri entzun? Sakabanaketa, urruneko eta ilunpeko kontu hori, telebistan tarterik izan ohi ez duena. Entzun dezagun kilometroz kilometro, kartzelarik kartzela sufritzen dutenen ahotik. Entzun dutenak ezaxolatik ulertzera, ulertzetik konpromisora igaro diren uste osoa dut. Xabier Izaga