Garazi Goia

Non daude beste Harvey Weinsten guztiak?

Egunero emakume bat gehiago gehitzen da Harvey Weinstenen biktima zerrendara. Bizpahiru hamarkadatan zehar egindako sexu abusuak publikoki leporatu dizkiote berrogei emakume baino gehiagok Hollywoodeko produktore ezagunari. Izen batzuk aipatzearren, Angelina Jolie, Lupita Nyong’o, Asia Sargento, Gwyneth Paltrow, Patricia Arquette eta Kate Beckinsale adibidez. Weinstenen idazkari izan zen Zelda Perkinsek, berriz, aste honetan esan du 165.000 dolarreko ordainsaria jaso zuela isiltasunaren truke.

2015. urtean, italiar modelo batek, salaketa jarri zuen Weinstenen aurka. Lehenengoa izan zen. Bakarrik egin zuen. New Yorkeko Poliziak egindako ikerketa baten ondoren kasua bertan behera uztea erabaki zuten, ez zegoelako ebidentzia nahikorik. Modeloaren hitza, Weinstenenaren aurka. Hori zen zegoen bakarra. Egiantzekotasuna osatzeko modeloaren bertsioa ez zen nahikoa. Oraindik egoera larriago eginez, dirudienez beste gizon baten aurka egindako salaketa bat ez zuelako amaiera arte bultzatu, ondorioztatu zuten emakumea bera izango zela “arazoa” sortzen ari zena. Eta Weinsten atera zen irabazle. Eta ausardia nazkagarri eta lotsagabe handienarekin bere joko partikularrarekin jarraitu zuen, oraindik indartsuago, kasu hura irabazi zuelako. Etorkizunean gertatu zitekeen beste edozein kasu irabazteko konfiantza puztuarekin. Han jarraitu zuen, hoteleko geletan bilera pribatuak deituz, mehatxu psikologikoa eginez, xantaia eginez hainbat emakumeri, sexu jazarpena eginez. Higuingarria, amorragarria, frustragarria. Ez daude adjektibo nahikorik gizon hori eta bere jarrera deskribatzeko.

Zinema industriako hainbatek esan dute «denen ahotan» zegoela Weinsteinen jarrera, baina bakarka ez zen inor ausartu hura salatzera. Pentsatu nahi nuke ez dela axolagabetasuna; beldurrak gehienetan, eta interes berekoiek batzuetan, irabazten diote horrelako jarrera nardagarriak salatzeko behar den adoreari. Biktimen kasuan, istorio berdina errepikatzen da askotan. «Ez nuen ezer esan, nire karrera profesionalean eragin negatiboa izango zuelako». «Nire lehenengo filma zen eta ez nekien zer egin». «Inozenteegia nintzen, beldurtuta nengoen». Horrelako erreakzio ugari irakurri ditut. Batzuek produktorearekin lan egiteari uko egin zioten. Baina batzuek bakarrik.

Mundu guztian oihartzuna duen film industrian gertatu izanak, biktimak pertsonaia “ezagunak” izateak eta denak bata bestearen atzetik hitz egin izanak, kasuari sinesgarritasuna ematen dio eta inork ez du noski zalantzan jartzen. Hori bakarrik behar genuen.

Aurrerapen bat da, baina zer gertatzen da salatzaileak ez badira Angelina Jolie, Gwyneth Paltrow, Patricia Arquette edo Rose McGowan? Egiantzekotasuna lortzeko 40 emakumeren salaketak behar baditugu, ez da aurrerapauso bat. Hollywoodeko albiste batek bezainbeste oihartzun sortzen ez duten beste sektore batzuetan egunero gertatzen dira horrelakoak. Akaso Weinstenen istorio honek gutxi batzuen jarrera aldatuko du. Gutxi batzuena. Hemendik aste batzuetara, Weinstenen kasua artxiboetan geldituko da. Egun hauetako zalaparta desagertuko da. Bill Cosbyren edo Bill O’Reylliren kasuekin gertatu zen bezala. Nola bilatuko ditugu beste Harvey Weinsten guztiak? Kapitulu txiki hau irabazita dago, baina gerra handi bat dago oraindik irabazteke. •