Nekane Zinkunegi Barandiaran

Urrutirako betaurrekoak, gertukoa ikusi gabe

Kataluniara begira, han egiten dutenak guretzat leihoren bat zabal dezakeela iruditzen zaigu. Baina ezin da ahaztu Madrilek gure askatasunei jarritako giltzarrapoak nolako pisua duen. Duela zortzi egun, Aieten egindako agerraldian, hainbat lagunek adierazi zuten 8 eta 21 urte arteko espetxe zigorrak eta milaka eurotako isunak galdegin dituela fiskaltzak 48 euskal herritarrentzat.

Presoen babes sare deritzona osatzen duten taldeetako kideak daude horien artean. Eskuak burura eraman ditugu fiskalaren eskaeren berri izatean. 48 horietatik, gutako askok ezagutzen du norbait: laguna, lankidea, lankide ohia edo besterik gabe ezaguna duelako. Eskuak burura eraman genituen duela hiru urte pasatxo ere, irailaren 30eko goiz hartan, atxilotu zituztenean.

Bada garaia, ordea, eskuak burutik jaitsi eta lanean jartzeko. Asteak daramatzagu Kataluniara begira, eta Espainiako piztia bertan egiten ari denaren berri lehendik badugula diogu. Horrek nolabaiteko prestigioa emango baligu bezala. Ez gaitezen ahaztu piztia nolakoa den, eta oraindik gai dela dakizkigun horietakoak egiteko.

48 auzipetuek, herri honetako beste hainbatek bezala, urrun edo preso ditugunekiko sareak sortzen asmatu dute. Erantzun dezagun dagokigun mailan, erakuts diezaiegun ondoan gaituztela. Etxean gertatzera doanak ez gaitzala, behintzat, kanpora begira harrapatu. •