Garazi Goia

Esperientzia betegarriak

Etorkizuneko emakumeak” izenburudun jardunaldi batean izan nintzen aurreko astean. Arlo profesionalean ereduzko ibilbideak dituzten emakumeak saritzen zituzten. Nire lantaldeko bat zegoen kategoria batean izendatuta eta zortzi lankide bildu ginen animoak eman eta bide batez etorkizun oparoa duten hainbat emakume txundigarriren istorioak entzutera. Izugarriak ziren hainbaten lorpenak: hamasei urteko neska bat, berdintasunaren aldeko blogari famatua dagoeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte baten sortzailea; hogeita hamar urterekin hiru start-up -en jabea den beste bat; enpresa esanguratsuetan goiko postuetara iritsi diren emakumeak, berdintasunaren aurkako hainbat oztopori erronka eginez; ehunka pertsona esklabotzatik atera dituen beste emakume bat; hogeita bost urterekin bi nobela arrakastatsu idatzi dituen beste bat. Benetan txundigarria.

Ezinezko dirudien hori posible dela esanez adierazpen sendoak egiten zituzten; posible dela estatistikak hautsi eta beste modu batera gauzak egitea. Bazirudien fikzio eiteko beste errealitate batean geundela, luxuzko hotel hartako saloi hartan, emakumeak protagonista zirela.

Sariak aurkezten hainbat alorretan urratsa utzi duten emakumeak zeuden. Belaunaldi eta ezaugarri tradizionalagoetako lekuetan borroka egitea tokatu zitzaienak. Hala ere, borroka hartan irabazle atera ziren eta poztasun hori harrotasunez adierazten zuten. Tarteka gizon bat ere ateratzen zen sariak eskaintzera, baina isiltasun deseroso bat sortzen zen hitz egiten hasten ziren bakoitzean. Presiopean zeuden, politikoki ezegokia zen zerbait esateko mugan, epaitzeko prest zeuden hainbaten begiradapean. Erruduntasun inplizitu bat zeramatela nabaritzen zen, ziurrenik haien ibilbide arrakastatsuetan emakumeen gainetik nagusitasuna adieraziz ibili izan zirelako. Edo hori zen behintzat nire interpretazioa.

Hala eta guztiz ere, diskurtso gehienetan gauza berdinei buruzko erreferentziak egiten zituzten: enpresa gehienetako batzorde exekutiboetan oraindik ere gutxiengo bat dira emakumeak; soldata berdintasuna lortzeko helburutik oso urrun gaude; hainbat lanetan ez daude emakumeentzat amatasuna eta lana uztartu ahal izateko baliabide moldaerrazak; diskriminazioa, modu sotilean bada ere, oraindik leku askotan azaltzen da.

Zorionez, nire lantegia aitzindaria da berdintasunaren gaian eta aurrerapen handiak egin dira aipatu berri ditudan adibide horietan guztietan. Zuzendaritza postuetan dauden emakumeek bultzatutako hainbat ekimen ere badaude, emakumeentzat bakarrik diseinatuta. Agidanez, hainbat gizon kexatu egin dira, haiei ez dizkietelako aukera berdinak ematen. Testuinguru jakin horretan, nire lantegira bakarrik mugatuta, gaia normalizatzea akaso egokia litzateke; kontua da, handik kanpora pausu bat eman eta oraindik hain atzeratuta gaudela ikusita, burbuila hori erabat hutsala bihurtuko litzatekeela. Hain zuzen, hoteletik ateratzean, ondorio garbi bat zegoen denon buruetan: etorkizuneko emakume asko saritu arren, etorkizun hobeago bat eraikitzeko zenbat lan egiteko dagoen oraindik. •