Dabid LAZKANOITURBURU
analisia

Ertzak muin Ekialde Hurbilean

Aleka bildumaren laugarren zenbakian, Ekialde Hurbilaren muin eta ertzetara bidaia interesgarria proposatzen digu Elkar, Berria eta Jakinek elkarrekin argitaratutako «Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak» liburuak. Gainera, aukera-aukerako bidaideekin.

Aitortu behar dut. “Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak” liburuaren aurkezpen ekitaldira gonbidatu gintuztenean ez nuen joateko gogo handiegirik. Izan ere, urte asko dira dagoeneko bertako egoera korapilatsua ulertzen saiatzeari ekin niola, 2011n “Udaberri Arabiarra” bezala bataiatutako matxinadak eztanda egin baino askoz lehenagotik. Zaharrak berri, esan nion beraz nire buruari.

Nazioarteko politika nondik nora doan atzeman nahi duenak, baina, halabeharrez bota behar du bere burua Ekialdeko Hurbileko amildegitik behera –intelektualki, noski–. Kontua, aldiz, honako hau da: konpromiso intelektualetik emozionalera (politikora azken finean, politika ez baita emozioa baino askoz gehiago) tartea guztiz fina da. Batak bestera garamatza kazetariok, batzuetan ia konturatu gabe.

Aspertuta, edota gogaituta, ez neukan ez aurkezpenera joateko gogo handirik. Banekien, hala ere, nire “nagikeria” justifikatzeko ez nuela inolako aitzakiarik. Bai. Egia da ia zazpi urtez Udaberri Arabiarreko matxinaden nondik norakoak, eta batez ere porrotak, jarraitu izanak, erredakzio mahaitik bada ere, izugarrizko nekea eta inpotentzia eragin dizkidala. Egia da ere Mikel Ayestaranek ia egunero “El Diario Vasco” egunkarian Ekialde Hurbiletik idazten dituen kroniken jarraitzaile amorratua naizela –paperean irakurtzea dut nahiago, telebistako kronikak jarraitzea baino–. Zer esan Karlos Zurutuza GARAko kolaboratzailearen lanaz! Hamar urte pasa daramatzagu jada elkarlan estu-estuan, eta banekien berak liburuan idatzitako kapituluek nigan –eta oro har GARA eta NAIZeko irakurleongan– nolabaiteko déjà vu (déjà lu?) sentsazioa utziko zutela.

Dena den, azkenean Elkarren egoitzan argitaletxeak berak, “Berria” egunkariak eta Jakinek egindako aurkezpenera gerturatu nintzen. Nola egin daiteke, hala ere, liburu baten aurkezpen-kronika liburua bera irakurri gabe? Hor nuen, beraz, mesanotxeko liburu pilaren gainean beste bat gehiago irakurtzeko zain.

Iranetik Palestinara

Hiru zatitan dago antolatuta hiru egileko lana (Ane Irazabal ere badago egileen artean Mikel Ayestaran eta Karlos Zurutuzarekin batera). Aurkezpen ekitaldian bertan Ayestarani sumatu zitzaion bezala, beasaindarraren atalari ezkortasuna dario. Egia esan, bere bidaia luzean izandako geltokiak eta ezagututako auzi korapilatsuak kontutan hartuta –Siria, Irak, Palestina...– ulertzekoa da oso baikortasun falta.

“Zu edo ni” atarikoan, Ekialde Hurbilekoa hil ala biziko gerra bezala aurkezten du Ayestaranek. Eta gerra horren barnean, Siriako kapitulua (“Gerra guztien ama”) eta Irakekoa (“Saddamen diktaduratik aiatolen diktadurara”) irakurtzea ezinbestekoa da herriok pairatzen duten egoera jasanezina ulertzeko, Estatu Islamikoari ate guztiak ireki zizkion egoera hain zuzen.

Erabateko zintzotasuna onartu behar zaio Ayestarani. Irakeko auzia aztertzeko orduan ez du inolaz ere Saddamen erregimena benetan zer zen azaltzeko problemarik, ezta Iranen kasuan bere handikeria salatzeko orduan ere.

Siriako kasuan ere, Alepo hirian osatutako kronika ez da hango suntsiketan amiltzen. Al-Assad familiaren «nepotismoaren» aurkako matxinada aztertzerako orduan erregimenak emandako erantzun errepresiboa salatzen du, baina bide batez matxinadaren kutsu «islamista» –jihadista ala salafista ez al dira hitz aproposagoak?– deitoratzen du, Alepoko hondakinen artean irakur zitezkeen pintaketak lekuko.

Hala ere, kritika orok kritika behar du, eta, bat egitekotan, Iraneko 2009ko Iraultza Berdea nolabait Udaberri Arabiarren aitzindari gisa aurkeztea zuzena ez dela deritzot. Irango tempus politikoa ezin da mundu arabiarrak bizi (izan) duenarekin alderatu. Are gehiago, Iraultza Berdea amatatu ondoren erregimenak bultzatutako Hassan Rohani «erlijioso diplomatikoak» lortutako hauteskunde garaipenak garai batean Persiar Inperio izandako eta egun Errepublika Islamiarra den herrialdearen barne egonkortasun politikoa islatzen du, mundu arabiarrean inondik inora sumatzen ez den egonkortasuna.

Tunisiatik Egiptora

Ane Irazabalen ekarpena ez da baikorragoa. Batik bat, 2011ko otsailean Tahrir plazako matxinadak Hosni Mubarak rais-a boteretik botatzea lortu eta biharamunean Robert Fisk korrespontsal ospetsuak kazetari gazte batzuei –Irazabal tarteko?– ohartarazi ziena gogora ekartzean. «Inozo hutsak zarete. Udaberri Arabiarrak oso gaizki amaituko du», esan zien.

Eskerrak Arrasateko kazetariak ez zuela orduan amore eman. Horri esker irakur dezakegu liburuan Tunis Tunisiako hiriburuko auzo ahaztuetatik –Ettadham, Duar Hicher...– egindako kronika, non bertako gazteek bi aukera baino ez dituzten: «Polizia egin edo jihadismoa besarkatu». “Esperantzaren argia” kapituluan, Tunisiako erregimen zaharraren nostalgikoei ematen die hitza, Afrikako iparraldeko herriak –matxinada arabiarraren aitzindariak– egun bizi duen egoera eskizofrenikoa ulertzeko ezinbestekoa. Zentzu horretan, faltan botatzen da Tunisiako Ennahda alderdi islamista Nidaa Tounes alderdi «atzerakoiaren» menpe –koalizioa osatzeraino– utzi zuen prozesu politikoaren azterketa sakona. Nolabait gauza bera gertatzen zaio Egiptoren kasuan. Abdel Fattah al-Sissiren estatu kolpea hitzez hitz salatuagatik, ezkerrak militarrei emandako babesa oin-puntetan zeharkatzen du.

Ertzak, gutxiengoak

Ertzak ditu maite Irazabalek, Tunisiako homosexualek, ebaketa genitalaren aurkako egiptoarrek eta oro har gutxiengoek pairatzen duten jazarpena salatzen ditu hainbat kapitulotan. Dena den, ertzak benetako muin bihur daitezkeela ondoen islatzen duena Karlos Zurutuzaren azken zatia dugu.

Siriako Kurdistanen, Rojavan, bertako biztanleak bultzatzen ari diren iraultza demokratikoari («urteotan han ezagutu dudan iraultza bakarra») buruzko kapituluak eta Libiako amazigen berri ematen digunak, ezin hobeto erakusten dizkigute Al-Assad familiaren zein Gaddafiren erregimenen muina, ertzetatik bertatik abiatuta. Ustezko geopolitikaren edota oker mamitutako nostalgiaren ondorioz erregimen horiek defendatzen dituztenen aurrean, berauen miseriak eta maltzurkeria agerian uzten ditu Zurutuzak, Ekialde Hurbilean eta Afrikako iparraldean «gutxiengotzat» jotzen diren kurduen eta berbereen borrokaren berri ematean.

Izan ere, liburua irakurri ahala berehala konturatzen gara “gutxiengoen” eta “gehiengoen” arteko banaketa erabat tranposoa dela. Eta ez bakarrik aritmetika hutsagatik 30 milioi kurduei edota Marokotik Libiaraino –Aljeria ahaztu gabe– bizi diren berbereei gutxiengo deitzea astakeria delako. Baita kurduen eta amazigen borroka Sirian eta Libian gehiengo zabal baten nahien ispilu bihur daitekeelako ere, erregimen zaharraren eta noraezean den matxinadaren, bien batera, aurka.

Zurutuzaren bidaia Saharan amaitzen da, Aaiunen. «Zero gunetik» 201oeko Gdeim Izizeko protestak eta errepresioa gogora ekartzen dizkigu, askorentzat Udaberri Arabiarraren atarikoak.

Eztabaida hori albo batera utzita, benetan uste al du norbaitek Ekialde Hurbilak, bere zentzurik zabalenean, udaberririk edota loraldirik izango duenik sahararrak –eta palestinarrak, eta...– negu gorrian kiskaltzen utzita?