Jakoba Errekondo

Glifosatoarekin gezurra ari du

Negozioaren nekazaritzak irabazi du. Salerosketaren uzta gailendu da Europan, eta etekinari, soilik etekinari begira lanean ari direnek ziria sartu digute. Beste bost urtean glifosato hiltzailea jan beharko dugu. Glifosatoa hiltzailea da, bai; izan ere, belarrak hiltzeko asmoarekin erabiltzen da, baina belarrak hiltzen dituenak zer ez ote du hilko?

Mundu mailan nekazaritzaren alorra gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da. Etorkizuna eraikitzeko, estrategikoa da. Aurrerantzean, gerrak ez dira irabaziko diruarekin, armekin edo ejerzitoekin, gosearekin irabaziko dira. Dirua pilatzen duten multinazionalak lurrak eskuratzen, ura pribatizatzen, hazien erabilera patentatzen, transgeniko kutsatzaileak hedatzen, ongarri sintetikoak eta pestizida hiltzaileak behar dituzten landare aldaerak sustatzen eta abar ari dira. Bidea argia da: berdin da lurra hiltzea, berdin da ingurumena kutsatzea, berdin da bioaniztasuna agortzea, berdin da jendarte gero eta gaixoagoa izatea; guk patrikak beteak ditugu, gero eta beteago, gainezka.

Garai batean, nekazaritza industriala deitzen genuen, aspaldi aldatu genion izena; orain nekazaritza kapitalista da. Nekazaritza horrek ez du elikagairik ekoizten; dirua ekoizten du. Mozkina ez da ogia, mozkina sosa da, dirua. Eta diru-goseak mugitzen du Europa.

“Iraultza berdea” saldu ziguten duela mende erdi bat baino gehiago, nekazaritza industrialak bere kimika eta pozoi guztiekin munduko gosea berdinduko zuela. Emaitza gose den mundu erdiaren eta gaixo den beste erdiaren ahotan dabil: klima aldaketa, lurrak antzutzen, pobrezia areagotzen, planeta erretzen...

Glifosatoa da, guda hori ondoena islatzen duena. Sekulako herbizida indartsua da, nekazariaren lana arintzen du, eta bera erabiltzea eskatzen dute; ordainetan, gu denon etorkizuna kixkaltzen ari gara. Nekazari horiek badakite hiltzailea dela, bere ondorengoen lurra eta etorkizuna erretzen ari direla. Administrazioko enpresetako teknikariena okerragoa da: urrutiko bulegoetan erabakitzen dute trenbideetan, errepideetan, espaloietan nahiz plazatan glifosatoa erabiltzea. Eta zientzialariak, zuritasunaren zuritzaileak.

Urteak dira Osasunaren Mundu Erakundeak epaia eman zuela Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentziaren bitartez: seguruenera, minbizi-eragilea da. Ikaragarrizko mugimendua sortu zen glifosatoaren erabilera galarazteko; bi milioi sinadura baino gehiago bildu ziren galarazia izan zedin. Alferrik. Europa diruzaleak irabazi du.

Ez etsi, hala ere. Gure esku dago: ekologikotik jan. Eta Europara begiratzeari utzi, eta aldamenean dugun zinegotzi, alkate, diputatu, teknikari, nekazari eta abarrei kalakan hasi: bizi behar dugu, glifosatorik ez!

(“Argia”)